Astekaria

"Iruinkokoak espektatibak gainditu ditu; disfrutatu nuen"

Erkuden Ruiz Barroso 2023ko mar. 7a, 13:52

Ane Zelaia Ruiz de Egino dantzaria Iruinkokoaren kartelarekin. UTZITAKOA

Ane Zelaia Ruiz de Egino dantzari altsasuarra Kokoxuria bihurtu zen Iruñeko Libertimenduan. Aurten lehenengo aldia izan da, baina "dudarik gabe" datozenetan errepikatuko du.

Otsailaren 19an Iruinkokoa izan zen Iruñeko Alde Zaharrean eta aurten lehenengo aldiz Ane Zelaia Ruiz de Egino dantzari altsasuarrak parte hartu zuen. Kokoxuria izan zen, hau da, libertimenduan dantzariak egiten duten papera.

Zer da Iruinkokoa?
Libertimendu bat da. Libertimenduak dantza, antzerkia eta bertsoa uztartzen ditu, eta inauteri garaian lotzen dira. Sorkuntza bat da. Normalean iparraldean egiten dira, baina pertsona batzuek Iruñera ekartzeko ideia izan zuten eta hortik sortu zen Iruinkokoa. Aurten bosgarren urtea izan da. Lehenengoa 2018an izan zen eta pandemiaren aurretik izan zenez, 2020an egin zuten. 2021ean streaming bidez egin zuten eta 500 bat pertsona egon ziren ikusten. Oso interesgarria izan zen.

Zer kontatzen du?
Antzerkiak errealitatean gertatu diren hainbat gauza kontatzen ditu. Normalean, Iruñean gertatzen diren gauzekin lotuta dago, baina aurreko urtean justu Ukrainiako gerra hasi zela, zerbait sartu zuten. Aurten migrazioarekin hasi ziren. Kritika bat da eta pentsaraztea nahi dute. Pello Reparaz sartu zuten, Jon Maia, Irulegiko eskuak ere garrantzia izan zuen... Pil-pilean dauden gaiak. Bestetik, Kokoxuriak dantzariak gara eta antzerkia egiten dutenak Kokobeltzak. Iruinkokoa pertsona baten alde ona eta txarra irudikatzen duen zerbait da. Alde ona dantzariak gara, Kokoxuriak, eta alde txarra Kokobeltzak. Baina gu ere ez gara onak azeriak garelako eta izurritea garelako. Bukaeran, borroka antzeko bat dago eta guk irabazten dugu. Irakaspen bat dago.

Non egiten da?
Iruñeko Alde Zaharrean egiten da. Gu dantzariak Zaldiko Maldiko euskal elkartetik atera ginen eta asalduak genituen, geldialdiak nolabait esateagatik. Lehenengoa Muthiko Alaiak peñan egin genuen, ondoren, Dormitaleriako auzokideek asaldua prestatu ziguten. Dantzatu egin genuen eta haiek janaria eta edaria prestatu zizkiguten. Hurrengo asaldua Dugunan egin genuen eta aurten ere Abarzuza liburudendan gelditu ginen Marcela omentzeko. Ondoren, Santa Ana plazara joan ginen eta han egiten da eguneko ekitaldi garrantzitsuena: dantzariek, antzerkilariek eta bertsolariek eguneko ikuskizuna egin genuen.

Nola ezagutu zenuen? Nola sartu zinen?
Aurten Iruñean bizitzen nago eta Iruñea dantza taldean izena eman nuen. Kartela bidali zuten baina hasieran ez nion kasu handirik egin. Dantzako irakaslea etorri zitzaidan eskaintzera baino Iruinkokoaz informatzera, nik ez nuelako ezagutzen. Dantzariak behar zirela esan zidan, eta animatu nintzen. Oso dantza zalea naiz eta ideia polita iruditu zitzaidan arlo pertsonalean ere. Erronka zen hamahiru dantzari biltzea, eta bildu ginen.

Zenbat denborarekin prestatu duzue?
Niretako dantza guztiak berriak izan dira. Hamahiru dantzarietatik bost edo sei berriak izan gara eta nahiko lan izan dugu dantzak ikasten. Uste dut urrian kartela bidali zutela eta azaroan, ezer baino lehen, Koko Eguna prestatu zuten gure artean ezagutzeko eta Iruinkokoa zer zen azaltzeko. Hortik aurrera, igandero entseguak izan ditugu eta Eguberrietako oporretan ere pare bat egunetan entseatu dugu. Lehenengo entseguak toki itxi batean izan ziren, eta azken hilabetean Santa Ana plazan.


Ane Zelaia altsasuarra Kokoxuriaz jantzita. UTZITAKOA

Zer moduzko esperientzia izan da? Espektatibak zenituen?
Espektatibak gainditu ditu. Egia esan, hainbeste lan ondoren osooso urduri hasi nuen eguna. Egun abstraktu bat bezala zen. Banekien zer egin behar nuen: 09:30ean atera, asalduak... Baina ez nuen nire burua jantzi horrekin ikusten, Iruñeko Alde Zaharretik dantzatzen... Altsasun dantzatzera ohituago nago, baina Iruñeko Alde Zaharrean dantzatzeak badu bere garrantzia niretako. Fanfarrea entzun nuenean urduritasuna joan zitzaidan eta pila bat disfrutatu nuen.

Jantzi bereziak dira, ezta?
Jantzi oso berezia da. Azeri bat irudikatzen du. Kokoa izurritea da eta azeria, eltxoaren metafora bat da. Orduan, eltxoak izurritea ekartzen du ere. Kapela bat daramagu eta kapelan bi belarritxo daude, azeri forma duen azeri bat ere eramaten dugu. Alkandora, gona eta hanketan zintzarriak. Ez dago genero bereizketarik, denak berdin-berdin goaz. Jantzi hauek auzolanean egin zituzten duela bost urte lehenengo Iruinkokorako.


Kokoxuriak Iruinkokoan. UTZITAKOA

Dantzak oso desberdinak ziren?

"Niretako dantza guztiak berriak ziren; asko ikasi dut, oso polita izan da"

Pausoak ez dira berriak, baina hauen arteko loturak bai. Makilekin dantzatu genuen, eta ez zen lehenengo aldia, egurrezko ezpatekin... Hasieran pausoak koordinatzeko zaila egin zitzaidan hankak eta besoak koordinatu behar nituelako. Pauso batzuk ere nik desberdin egiten nituen dantza taldean desberdin egiten zirelako. Orduan, buruan nuena deseraiki behar nuen eta berria asimilatu eta barneratu. Zintzarriekin dantzatzen nuen lehenengo aldia izan da ere. Ongi moldatu naiz, baina inpresioa desberdina da entseguak zintzarririk gabe egiten genituelako gainera. Asko gustatu zait sekulako soinua ateratzen dutelako. Pausoak markatzen dizkizute. Soinua oso zirraragarria da. Zuk sortzen duzu zarata momentu horretan. Asko ikasi dut. Dantza talde desberdinak daude, eta bakoitzak bere estiloa dauka. Oso polita izan da.

Errepikatuko duzu?
Bai. Ezagututa nolakoa den eguna, dantzak ikasita eta sortzen den giroa ikusita, dudarik gabe.