Asteburuan hemezortzigarren jardunaldia jokatu zen Nafarroako saskibaloi txapelketa ezberdinetan.
Bigarren Maila Interautonomikoan Narum CBASK taldeak garaipen oso sendoa lortu zuen sailkapenean azkena den CB Sanignacio taldearen kontra, 90 eta 40 gailendu baitzen, 50 punturen aldearengatik. Sailkapenean Navasket taldeak jarraitzen du lider (33 puntu) eta Narum CBASK-ek postu bat egin du gora eta seigarren da (25 puntu), partida bat gutxiagorekin. Marsuaren 12an, igandea, talde altsasuarrak sailkapenean hamaikagarren den Aranguren Mutilbasket izango du arerio 12:15ean Irulegi kiroldegian hasiko den partidan.
Gizonezkoen Bigarren Maila Autonomikoan CBASK Ifuel taldeak jipoi ederra jaso zuen Azkoienen, Selco Electronica taldeak 72 eta 46 irabazi baitzion. Selco Electronica taldeak lidergoa eskuratzea zuen jokoan eta baita lortu ere, Bigarren Maila Autonomikoko lider berria baita (34 puntu). CBASK Ifuel taldeak bosgarren postuari eutsi dio (28 puntu). Marsuaren 12an, igandea, CBASK Ifuelek sailkapenean zortzigarren den Valle de Egües taldea hartuko du Zelandin, 12:00etan.
Emakumezkoen Lehen Senior Mailan bigarren fasean dago CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldea baina asteburuan jokatutako hirugarren mailako jardunaldia, Ega Perfil Oncineda taldearen kontrakoa, atzeratzea erabaki zuten bi taldeek. Partida marsuaren 24an jokatuko da, 20:15ean, Lizarran. Hala ere, CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldea da liderra (13 puntu), Valle de Egües taldearen aurretik (3 puntu). Asteburuan laugarren jardunaldia dago jokoan eta marsuaren 11n, larunbata, 16:00etan, talde altsasuarrak sailkapenean bigarren den Valle de Egües izango du aurkari Olaz kiroldegian.