Nafarroako Erretina Elkarteak, Osasun Departamentuarekin eta Iruñeko Udalarekin elkarlanean, glaukoma prebenitzeko kanpaina antolatu du martxoaren 7, 8, 9 eta 10ean. Kanpaina horretan, Nafarroako 15 herritako 29 optikarik begietako tentsioa neurtuko diete, doan eta aldez aurretik hitzordua eskatuta, nahi duten pertsonei.
Glaukomaren Munduko Eguna ospatuko da igandean eta horren harira antolatu dute kanpaina. Batez ere 50 urtetik gorakoei eta familia aurrekariak dituztenei zuzenduta dago. Kanpainan sartzen diren optika guztietan aldez aurretik hitzordua eskatuta eginen dira neurketak. Proba erraza da, ez du minik egiten, eta minutu gutxitan egiten da. 29 optika parte hartzaileen artean Altsasuko Sakana Optika dago.
595 pertsona artatu ziren 2022an
Joan den urtean 595 pertsona artatu ziren, eta horietatik 28 (%5) espezialistarengana bideratu ziren begi tentsio handia zutelako. Glaukoma endekapenezko patologia bat da, begiaren presioa handitzeak edo begietako tentsioak eragindakoa. Begi barruko likidoak etengabe berritzen dira, baina gerta daiteke drainatze sistemak huts egitea eta begi barruko presioa handitzea, nerbio optikoa kaltetuz.
Glaukoma duten pertsonek ezohiko igoera dute begi barruko presioan. Hala ere, begi barneko tentsio handia duten pertsona guztiek ez dute glaukoma, patologiaren arrisku faktore bat baino ez da. Kasu horietan, bi proba gehigarri behar dira diagnostikoa berresteko: perimetria edo ikusmen eremuaren azterketa, eta begiaren hondoko oftalmoskopia edo nerbio optikoaren behaketa. Begi barruko presioaren neurketaren bidez, gaitza dagoela susma daiteke.
Tratamenduak
Glaukoma motaren arabera, hainbat tratamendu daude. Angelu irekiko glaukoma primarioa (kasuen %90) 55 urtetik gorakoetan, diabetikoetan edo miopietan agertzen da. Glaukoma primarioaren tratamendua medikazio topikoarekin edo laser kirurgiarekin edo drainatzea erraztuko duen balbula ezarpenarekin kontrola daiteke.
Bestalde, angelu itxiko glaukoma (kronikoa edo sinplea) ez da hain ohikoa, eta begietako mina, zefaleak, ikusmen lausoa, goragalea eta gorakoak izan ditzake. Behin betiko tratamendua laserra erabiltzean datza, baina kronikoa bada, farmako topikoak ematea ere eskatuko du. Kirurgia konbentzionalak beste irekiera bat egiten du likidoa begitik atera ahal izateko.