Lanbide Heziketan egiaztagarria den enplegurako prestakuntza eskaintza hartuko du

Guaixe 2023ko mar. 6a, 13:03

Ikasleak eskaileran gora, ikasgelarantz joaten.

Sakana Lanbide Heziketa institutuak hamabost ikastaro hartuko ditu aurten, guztira 1.020 ikasketa ordu izanen dira. Langabeek, langileek edo behar kolektibo zaurgarrietako pertsonek profesionaltasun ziurtagiria eskura dezakete.

Hezkuntza Departamentuak enplegurako prestakuntza zabala aurkeztu du Behar duzun bultzada lelopean. Guztira, 361 heziketa jarduera eta 52.923 prestakuntza ordu emanen dira 2023ko lehen seihilekoan. Prestakuntza eskaintza hori langabetuendako, lanean ari direnendako eta kolektibo zaurgarriendako da. Langabeek Sakanan eskatzen diren langile profiletako batean ikasteko aukera izanen dute. Lanean ari direnek dituen ikasketak osatu ditzakete. Bai batzuk bai besteek prestakuntza bukatzean kualifikazioaz aparte ezagutza horiek dituenaren akreditazio ofiziala jasoko du, profesionaltasun ziurtagiria. Haren bidez jakinarazten da pertsona hori gai dela ikasitako lan horiek egiteko. 

Eskaintza hori hartuko duten ikastetxeen artean dago Sakanako Lanbide Heziketa institutua. Aurten 15 ikastaro eskainiko ditu, haietako bi dagoeneko bukatuta daude. Lau arlotako prestakuntza saioak izanen dira: biltegien kudeaketa, garbiketa, soldadura eta mendeko pertsonentzako arreta soziosanitarioa gizarte erakundeetan. Ikasketa edo ziklo horiek guztiak Sakana LH institutuan ematen dira ikasturtean. Ziklo horiek berez hainbat prestakuntza moduluz osatuta daude eta enplegurako prestakuntza eskaintzan modulu horiek banaka ikasteko aukera eskaintzen da. Hala, lau moduluz osatutako ziklo bat epe desberdinetan ikas daiteke eta dagokion titulazioa jaso. Gainera, prestakuntza moduluak unitatez osatuta daude. Eta Sakana Lanbide Heziketak institutuak halakoak ere eskainiko ditu. Horren bidez ibarreko enpresetako langileen artean sumatu den prestakuntza gabeziak asetzeko aukera dago, dagoen premiari zuzendutako prestakuntza unitateak eskainiko baitira. 

Heziketa jarduerak osatzen dituztenek 1. edo 2. mailako profesionaltasun ziurtagiriari lotutako prestakuntza modulua osatuko dute. 1. mailako ikasketak egiteko hizkuntza ezagutzea besterik ez da behar. Ikastaro bakoitzak 15 plaza izanen ditu. 

Esanak
Carlos Gimeno Gurpegi Hezkuntzako kontseilariak nabarmendu duenez, “eskaintza hau erakargarria da, askotarikoa, ekoizpen sektore guztietarako asebetegarria, lurralde banaketa zabal bat eta laneko konplexutasun maila ezberdinak kontuan hartzen baititu”. nabarmendu duenez, mailen araberako banaketa horrek 1. eta 2. ziurtagiri mailak sendotzeko europar jarraibideak kontuan izanik hartu direla. Dena den, goi mailako ziurtagiri eta konplexutasun handiagoko beste 3. mailako eskaintza bat ere badago.

Geroa Baiko Maria Solanak kritikatu du eskaini diren plaza guztiak gaztelaniaz direla eta Hezkuntza Departamentuari “Nafarroako aniztasunarekiko sentsibilitate falta iraingarria erakustea” leporatu dio. Izan ere, “departamentutik azaldu dute, daturik eman gabe, Lanbide Heziketan ez dagoela nahikoa eskaerarik euskarazko ikastaroak eskaintzeko, ez ekoizpen sektoreen aldetik, ezta prestakuntza egin behar dutenen aldetik ere”. Geroa Baiko parlamentariak gogorarazi du gutxieneko taldea zortzi pertsonarekin osatzen dela. Solanak gaineratu duenez “eskaintzarik ez denez egin, ezin jakin gure erkidegoko eskualdeetan euskarazko prestakuntza jarduerek arrakasta izanen luketen edo ez”. Eta ondorioztatu enplegurako prestakuntza eskaintzak ez dituela “ez hizkuntza eskubideak, ez lurralde oreka, ez nafarrek prestakuntza bertako bi hizkuntzetako batean jasotzeko duten eskubidea errespetatzen”. 

Sakana Lanbide Heziketa institutuan eskainiko den prestakuntza eskaintza egiaztagarria
Ikastaroa Orduak Maila Noiz
Biltegiratzeko eragiketa osagarriak 80 1. maila Apirilaren 12tik maiatzaren 4ra
Eskaerak prestatzea 40 1. maila Maiatzaren 5etik 16ra
Zamak orga jasotzaileekin manipulatzea 50 1. maila Maiatzaren 17tik 30era
Eraikin eta lokaletako zoruak, hormak eta sabaiak garbitzea, tratatzea eta mantentzea 30 1. maila Irailaren 18tik 25era
Barruko altzariak garbitzea 30 1. maila Irailaren 26tik lastailaren 3ra
Eraikin eta lokaletako kristalak garbitzea. 30 1. maila Lastailaren 4tik 12ra
Makinak erabiliz garbitzeko teknikak eta prozedurak 60 2. maila Lastailaren 13tik 30era
Karbono-altzairuzko xaflaz eta profilez estalitako elektrodoen bidezko soldadura, errutilo elektrodoekin 90 2. maila Martxoaren 27tik apirilaren 28ra
Aluminiozko eta aleaziozko TIG soldadura 60 2. maila Bukatuta
Karbono-altzairuzko egituren MAG soldadura 90 2. maila Maiatzaren 2tik 25era
Altzairu herdoilgaitzezko eta aluminiozko MIG soldadura 90 2. maila Bukatuta
Erakundeen eremuan esku-hartzeak antolatzen laguntzea. 100 2. maila Martxoaren 27tik apirilaren 26ra
Erakundeetako higiene eta elikadura arretan esku hartzea. 70 2. maila Apirilaren 27tik maiatzaren 17ra
Erakundeetako arreta soziosanitarioan esku hartzea. 70 2. maila Maiatzaren 18tik garagarrilaren 6ra
Laguntza psikosoziala, harreman eta komunikazio arreta erakundeetan. 130 2. maila Garagarrilaren 7tik garilaren 12ra