Maeztu kontseilariak misiolari altsasuarra bisitatu zuen

Guaixe 2023ko mar. 10a, 09:02

Mozambikera egindako bisitan, gobernuko ordezkariak Milagros Gerriko domingotar erlijiosoa bisitatu zuen.

Nafarroako Gobernuak finantzatuta, Mozambiken abian jarritako bost lankidetza proiektu martxan daude, eta haiek bisitatu ditu Mari Carmen Maeztu Villafranca Eskubide Sozialetako kontseilariak. Berak buru zuen ordezkaritza aste bat eman du Afrikako herrialdean eta astelehenean bueltatu ziren. Foru administrazioak finantzatutako bost proiektuak bertatik bertara ezagutu ondoren, bueltatu aurretik, gobernuaren ordezkaritzako kideek Mozambiken bizi diren zenbait nafar bisitatu zituzten igandean. Haien artean zegoen Milagros Gerriko arrosarioko ahizpa misiolari domingotar altsasuarra. 

Gerriko Matola hirian bizi da (milioi bat biztanle), Mozambikeko Maputo hiriburutik mendebaldera 12 km-tara dagoena. Altsasuarrarekin batera Mendigorriako Ignacia Erro dago. Departamenduko kideei adierazi zietenez, biek beraien burua “animatzailetzat” dute. Bi misiolariak helduen artean hezkuntza sustatzeko lan egiteaz aparte, laguntza eskaintzen dute emakumeentzako alfabetatze zentro batean, haur hezkuntzako zentro batean eta etxerik ez duten adinekoak artatzen dituzten belaunaldien arteko zentro batean. Horretaz aparte, 150 haur artatzen dituen zentro batean parte hartzen dute. Zentro horrek baratze komunitario bat du, eta, bertan, adingabe horien amek beren hornikuntzarako produktuak landu ditzakete. Maeztu kontseilariak egiten duten lanagatik esker ona azaldu zien. 

Fernanda Goya Bacaicoa eta Francisco Guerrico ziren bere gurasoak eta misiolaria zazpi anai-arrebetatik laugarrena.