Aisiaz blai programako izena ematea

Guaixe 2023ko mar. 13a, 11:18
Haurrak ludotekan jolasten. ARTXIBOA

Aste honetan eman daiteke izena 948 012 012 telefono zenbakira hots eginez (astegunetan 08:00etatik 18:00etara), edo www.altsasu.eus  webgunearen bidez.

Ikasleen udaberriko oporrekin batera Txantxari Udal Ludotekan Aisiaz blai programa garatuko da. Altsasuko Udalaren aisialdiko eskaintza horren bidez ikasleen opor garaian familia bizitza eta lana bateratzea erraztu nahi da. Horregatik, Txantxari ludoteka apirilaren 11, 12, 13 eta 14an zabalik egonen da 3 eta 12 urte arteko neska-mutilendako. Familiek haiendako bi ordutegi izanen dituzte aukeran: 08:30etik 13:30era edo 11:00etatik 13:30era. Lehen ordutegia beteko ez balitz bigarrena sortuko litzateke. Ludotekatik jakinarazi dutenez, plazak mugatuak dira. 

Hobariak
Izena emateagatik ordaindu egin beharko da, baina familiek haien diru sarreren arabera ordaindu beharko dute matrikula. Udalak hamaika errenta tarte zehaztu ditu, 2,5 euro eta 14,4 euro artekoak. Izena ematen duten familiek hobariak eskuratzeko aukera izanen dute. Horretarako, joan den urteko errenta aitorpena aurkeztu beharko dute martxoaren 21etik 24ra Ludotekan. Udalak martxoaren 21ean jakinaraziko du zein eskaera onartu dituen, eta ezeztapen, erreklamazio edo dokumentazioa aurkezteko epea martxoaren 21etik 29ra izanen da, ludotekan edo udal bulegoan. Behin betiko onartuen zerrenda martxoaren 29an publikatuko du, eta ordainketa epea martxoaren 29tik 31ra bitartekoa izanen da.