Itaiak, emakumezkoen antolakunde sozialistak, Emakumeen Egunean adierazi zuenez, "emakumezko langileon zapalkuntzak ez du aterabiderik kapitalismoaren baitan". Horregatik, sozialismoaren eraikuntza aldarrikatu zuen, "gure askapen premisa gisa". Adierazi zutenez, "klaserik gabeko, eta, ondorioz, zapalkuntzarik gabeko gizartea eraikitzeko baldintza politikoak eraiki behar ditugu. Antolakuntza komunistaren baitan garatzen ditugun borroka prozesuaren eta sortzen ditugun instituzio propioen baitan zapaldu guztiendako espazio seguruak lortu behar ditugu; zapalduen kontrako eraso guztiei erantzunez, eta, horretarako, bitartekoak sortuz". Emakumezkoak antolakuntza politikora batzearen garrantzia ere azpimarratu zuen.
Itaiako kideek salatu zutenez, "instituzioek berdintasunaren aldarrikapena bere egin badute ere, ez dute zapalkuntzarekin bukatzeko borondate errealik erakutsi". Gaineratu zuenez, "gobernuetatik proposatzen diren legeek emakumezko langile asko eta asko bazterrean uzten dituzte". Ziurtatu zutenez, "sozialdemokraziak ere egoerari aterabidea emateko ezintasun bera du. Lege onarpenek emakumezkoendako zenbait neurri positibo eragin baditu ere, inondik inora ez die emakumezko langilea askatzeko norabide estrategikoari erantzuten".
Ekonomia atzeraldiaren testuinguruan, Itaiakoek ziurtatu zutenez, "hedabideen eta instituzioen ideologiak ez dituzten emakumezkoen arazoak ikustarazten, edo medio nagusietan ateratzen badira, ez dute emakumezko langileendako irtenbiderik proposatzen". Horregatik, "enpresarien eta alderdi profesionalen iruzurrari aurre egin eta emakumezko langileok askatuko gaituen gizarte sozialista eraikitzera" deitu zuten.