Ikasturte honetako basolanen kanpainaren barruan, Altsasuko Udalak azken astetan bi lan egin ditu. Alde batetik, Balankalekuko bide nagusia konpondu du. Lan horiek Excavaciones Abaurrea enpresak egin ditu 19.450 euroren truke (BEZ kanpo). Bestalde, udalak zuhaitz landaketak egin ditu Balankalekun eta Basoitxin. Aurrenekoan laritzak eta gaztainondoak landatu ditu udalak. Atzenekoan, berriz, bertako haritzak (96), gaztainondoak (116), ezkiak (32) eta serbalak (64). Guztira 308 zuhaitz. Landaketa horiek egiteko ardura Berdabio enpresarena izan da, eta horren truke 31.755,07 euro (BEZ kanpo) jaso ditu.
Javier Ollo Martinez alkateak jakinarazi duenez, Altsasuko ikastetxeetako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailako ikasleak ingurumen hezkuntza saio batean parte hartuko dute. Basora joan eta han dauden zuhaitz espezieen inguruko informazioa ematearekin batera, baso kudeaketaren berri emanen zaie.
Ondoren ikasleek ikusi eta entzundakoa irudi eta esaldi bidez laburbildu beharko dute. Hori izanik, “hurrengo hilabeteetan Basoitxin interpretazio panelak jarriko dira”. Horiek Bizibiziki SMU enpresak jarriko ditu eta udalak 11.830 euro (BEZ kanpo) ordainduko dizkio.