Institutuko ikasleak Zuregatik, guztiengatik. Beste zaintza sistema baten alde leloak irakur zitekeen pankartaren atzean, ikastetxe parean. Haien eskuetan genero berdintasunaren aldeko hainbat lelo idatziak zituzten kartulinak. Horrela bukatu zen Emakume Langileen Nazioarteko Eguneko ekitaldia Sakana Lanbide Heziketa (LH) institutuan. Ordu bat lehenago ikasgeletan ikasleek bideo pare bat ikusi zituzten. Haien inguruko balorazioak, iritziak edo hausnarketak talde txikietan egin zituzten. Eta, ondoren, ikasleek sortutako ideiak idatziz eman zituzten. Beste gela bat pankartaz arduratu zen. Lanketa guztia ikasleen ordezkariek ostiralean egindako bileran zehaztu zen. Gogoratzeko talde argazkia atera zuten. "Haien eskaera izan zen ekimenak institututik harago zabaltzea eta prentsa deitzea", azaldu du Mari Jose Oiarbide Izagirre ikasketa buruak.
Ikastetxe barruan indarkeria matxistagatik hildako emakumezkoen berri ematen duen kontagailua jarrita dute. 14 zenbakia zuten jarrita asteazkenean. Haren ondoan eta beste pasabide batzuetan jarri zituzten ikasleek idatzitako hausnarketak eta leloak.
Generoa baztertu, pertsona gisa aukeratu ikasketa
Oiarbidek aitortu duenez, institutuan "oso emakumezko gutxi gaude. LHko kasua oso berezia da, zeren neska-mutilek, normalean, ez dute nahasturik ikasten, ikasketa ziklo maskulinizatuak eta feminizatuak daude". Lehenak industriari lotutakoak dira, bigarrenak zaintzari lotutakoak. "Gizarteak ‘agintzen’ duena da. Beraz, estereotipo pila bat hautsi beharrean gaude", gaineratu du. Horregatik ezinbestekoa jo du emakumezkoen artean industria lanbideak sustatzea eta gizonezkoen artean zaintza lanena.
Oiarbidek gaztigatu duenez, "erabakia hartuta etortzen dira Lanbide Heziketara. Beraz, aurretik egin behar da lanketa. Ezin da lanbidea generoagatik aukeratu. Pertsona gisa aukeratu beharra dago". Are gehiago: "gure lanbidea aukeratzen dugunean, hautaketa horren ondorioen berri izan behar dugu". Ikasketa buruak azpimarratu duenez, "emakumezkoek industria ikasketak aukeratzeko premia handia dago. Izan ere, Sakanan eskaintza handiena industriakoa da. Sakanan bizi eta lan egin nahi badute, beraien prestakuntza hemen dagoen lanbideetara egokitu beharko dute". Oiarbidek azaldu duenez, "gizonezkoek aukeraketa hori egiten dute eta lan egiteko ez dute arazo handirik. Baina emakumezkoak kanpora joan beharrean suertatzen dira". Bestela, soldata eta lan baldintza okerragoak dituzten lanetan ariko direla azpimarratu du.
Horregatik, Oiarbideren iritziz, "ikastetxe guztietan hezkidetza landu beharra dago". Haiek ez dute hori Martxoaren 8ra mugatzen, "institutuaren hezkuntza programan hezkidetza jasoa dago", azaldu du Oiarbidek. Eta gogorarazi du Sakana Lanbide Heziketa institutua hezkidetza lantzen ikastetxe pilotua izan zela. "Gaur egun, efemeridea lantzeaz aparte, bi edo hiru hilabetean behin ekintzak antolatzen ditugu. Horietan maskulinitateak landu, emakumezkoen ahalduntzea sustatu edota hezkidetza lantzen ditugu. Ikastetxe honetan hezkidetzak garrantzia handia du. Lan hori egunero edo maiz egiten dugu", ziurtatu du.
Indarkeria matxistaren eskailera ziklikoaren zati bat eta hildako emakumezko kopuruaren berri ematen duen panela goian.
%13,68
Institutuko ikasleen kopuru hori da emakumezkoa (29). Gainontzeko %86,32 gizonezkoa da (183). Emakumezko gehien dituzten ikasketak mendekotasun egoeran dauden pertsonei zaintzakoa da: 15, emakumezko ikasleen %51,72. Mendi ibiltaritza ikasten 5 emakumezko daude (%17,24); mikroinformatika sistemak eta sareak ikasten 4 emakumezko daude (%13,79); merkataritza laguntzaile eta mendi ertaineko ikasketak egiten bina emakumezko daude (%6,9) eta, azkenik, merkataritza zerbitzuetan trebatzen emakumezko bakarra dago (%3,45). Emakumezko ikaslerik ez duten ikasketak dira: merkataritza zerbitzuen oinarrizko graduan, elektromekanika mantentzea, mekanika fabrikazio ekoizpenaren programazioa, industria mekatronika eta eskaladan.