Igandean mugimendu handia zegoen goizetik Altsasun. Burunda Txirrindularitza Taldeak antolatutako XXXVII. Udaberri Saria zegoen jokoan, juniorren mailako lasterketa, eta 200 txirrindulari inguru bildu ziren 80 km zituen proba gorabeheratsuari ekiteko prest.
Lasterketa 10:30ean hasi zen eta hasieratik egon ziren eraso saiakerak. Lasterketa borrokatua izango zela atzematen zen, eta zale ugari bildu ziren proba ikustera, bai Altsasun eta baita proba pasatzen zen herrietan, Altamira portua barne. Tamalez, 40. kilometroan, Ziordia parean gertatutako eroriko larri baten ondorioz antolakuntzak bertan behera utzi behar izan zuen lasterketa. Izan ere, bi anbulantziek eroritako txirrindulariak larrialdietara eraman behar izan dituzte, eta anbulantziarik eta medikurik gabe probak ezin zuenez aurrera jarraitu, bertan behera utzi behar izan zuten. Txirrindulariak neutralizatuta eraman zituzten Altsasura.
“Hainbat erorikoen ondorioz lasterketa bertan behera geratu da. Burundatik animoak zauritutako txirrindulariei eta ea azkar osatzen diren” zioen Burunda Txirrindularitza taldeko oharrak. Zorionez, kaltetutakoek ez dute ezer larririk eta ondo jarriko direla ziurtatu dute.