Astekaria

"50 urte, eta oraindik egunero zerbait ikasten dut"

Erkuden Ruiz Barroso 2023ko mar. 15a, 14:26

Juana Cobos de la Torre tindategian.

Juana Cobos de la Torrek bost hamarkada eman ditu Altsasuko tindategian; hamalau urterekin osaba eta izebaren enpresan lanean hasi zenetik.

1973ko otsailaren 11n iritsi zen Juana Cobos de la Torre Jaengo herri batetik Altsasura, hamalau urte zituela, "eta jarraian tindategian lanean hasi nintzen". Bost hamarkada eman ditu tindategian lan egiten. Urte hauetan "asko ikasi" duela esan du, baita "disgustuak" ere. Jubilatzeko urte batzuk gelditzen zaizkio, baina Garbi tindategia ixteak "pena" ematen dio.

Noiz hasi zinen tindategian lanean?
50 urte eman ditut tindategian. 1973an hasi nintzen lanean. 14 urte nituen. Ez dut besterik egin nire bizitzan. Altsasura iritsi eta jarraian hasi nintzen. Jaendik, Andaluziatik, etorri nintzen. Nire izeba bertakoa zen ere eta Ordiziara tindategi batera lan egitera etorri zen. Bertan ikasi zuen, eta gero Altsasura etorri zen eta osaba ezagutu zuen. Osaba hemengoa zen, eta tindategia jarri zuten. Ni eskola bukatu eta etorri nintzen. Ez neukan aitarik, eta izeba aitaren arreba zen. Ondoren, ama eta ahizpa etorri ziren.

Beraz, tindategia aurretik zegoen?
Tindategia osaba-izebena zen. Beste eraikin batean zegoen. Burunda kalean orain dauden eraikinak egiten hasi ziren, eta etxe bat bakarrik gelditzen zen. Hor zegoen. Eraikin berriak egiten hasi zirenean, zimenduak eraikitzerakoan etxea erori zen. Hori duela 40 bat urte izan zen, eta gaur egungo lokala ireki genuen. Ni hasi nintzenean hamabost urte baino gutxiago izango zituen tindategiak. Tindategia osabaren anaia batekin zeukaten, eta gero banandu ziren eta anaiak beste bat jarri zuen, gerora kendu zutena. Duela 29 bat urte nago bakarrik, osaba eta izeba jubilatu zirenetik.

Nolakoak izan ziren hasierak?
Lehen askoz lan gehiago zegoen; orain baino askoz gehiago. Beroki asko garbitzen ziren, jendeak desegiten zituen, eta solteak deitzen genien. Gero josten zuten berriz. Tindatze asko egiten ziren ere. Guk orain ez dugu tindatzen. Baina nire osabak egiten zuen. Arropa garbigailuak ere zaharrak ziren. Nik bat izan nuen; brontzezkoak ziren eta tutu batek aurrera eta atzera egiten zuen. Oso zaharra zegoen, eta kendu nuen. Praka pila bat daramatzat plantxatuta. Hori bai egiten nuen. Izebak lisatzeko zeuden praka guztiak niri ematen zizkidan. Ez dakit zergatik. Berak amerikanak lisatzen zituen, eta nik prakak.

Gaur egungo moduarekin alderatuz, nola garbitzen zen?
Hori ez da aldatu. Lehorreko garbiketa zen eta da, berdina. Makina ere antzekoa da. Lehorrean garbitzeko makina da, eta percloroetileno deitutako produktu bat erabiltzen da. Gaur egun lehen egiten genuenaren berdina da.

Lehen lan gehiago zegoen, etxean garbigailurik ez zegoelako?

"Lehen orain baino askoz lan gehiago zegoen; arropa beste material batzuekin eginda zegoen"

Ez. Jendeak arropa ekartzen zuen lehorrean garbitzeko. Arropa beste material batzuekin egina zegoen; oihalak, artilea... Orain arropa sintetikoagoa da. Beraz, berokiak, trajeak eta abar garbitzeko ekartzen zituzten. Banketxeetan eta bulegoetan lan egiten zutenek trajeak erabiltzen zituzten. Gerora ezkontzetako trajeak eta jantziak ere ekartzen zituzten. Baina garai horretan ezkontzetan ez zen gaur egun bezala janzten. Lehen ezkonberrien jantziak ekartzen zituzten gehienbat. Ezkontzako trajeak duela gutxi samar hasi naiz garbitzen. Militar jantziak ere ekartzen zituzten, garai horretan soldaduska derrigorrezkoa zelako eta garbitzera ekartzen zituztelako. Lan asko zegoen, jendea tindategira asko etortzen zen. Hasi nintzenean, osabaren tindategia, bere anaiarena eta Zumalakarregi plazan beste bat zegoen ere. Hiru tindategi zeuden, eta lana bazegoen hirurendako.

Zeintzuk dira lehorrean garbitu behar diren oihalak?
Artilea, biskosa, oihala... Orain arropen konposizioa asko aldatu da, eta poliester asko dago. Baina badago lehorrean garbitu behar den poliesterra ere. Hainbeste urtetan etapa asko bizi izan ditut.

Zeintzuk dira etapa horiek?

"Arropa zaintzen zen ezin zelako denboraldi bakoitzean berria erosi"

Esan bezala, gogoratzen naiz hasierako solte horietaz, gero josten ibiltzen ginela. Tindaketak ere gogoan ditut. Arropa asko modistek egiten zituzten, artehun asko zituzten eta lehorrean garbitu behar ziren. Emakumeen trajeak, gonak eta abar artilezkoak ziren. Edredoiak eta horrelako gauzak oso modernoak dira. Lehen ez ziren ohegaineko akoltxatuak erabiltzen. Mantak eta abar bai garbitzen genituen. Edredoiak ekartzen hasi zirenean, duela bi hamarkada inguru, jarri behar izan genituen alanbre batzuk zintzilikatzeko. Gaur egun lumadun edredoiak eta berokiak eta abar ekartzen dituzte. Jendeak arropa askoz gehiago zaintzen zuen ezin zuelako denboraldi bakoitzean arropa berria erosi. Zenbat modista zeuden? Eta orain? Jendeak arropa zaintzen zuen, asko iraun behar zuen. Moda aldatzen joan den heinean hau ere aldatuz joan da. Lehen traje praka pila bat nituen, eta orain lerro bat betetzen dudanerako... Den-dena aldatu da.

"Moda aldatu den heinean tindategiko lana aldatu da ere; orain gutxiago ekartzen da"

Moldatzen joan zara.
Bai, noski. Eta hanka sartu dut askotan, nola doan ikasi arte. Akatsekin ikasi dut.

Azken urteetan zer ekartzen dute gehiago?
Gabonetatik aurrera ez da asko sartzen. Garai batean jaunartzeak zeuden, eta lan asko egiten genuen garai horretan. Baina gaur egun ez denez jaunartzerik ia egiten... Nesken jantziak organdí-koak ziren, eta arretarekin lixatu behar ziren. Lan handia zen. Orduak eta orduak pasatzen genituen. Oraindik baten bat ekartzen dute. Jendeak esaten dit: "Jaunartzeak hasten direnean lan asko izango duzu". Lehen bai! San Jose garaian hasten zen mugimendua. Gabonetatik aurrera jaisten zen, eta gero martxoan mugimendua hasten zen. Baina krisi ekonomikoarekin nabarmen jaitsi da lana. Udan ere asko jaisten zen lana. Udaberrian eta udan ezkontzetako jantziak izaten dira gehienbat. Gaur egun festa jantziak eramaten direnez , horiek ekartzen dituzte. Nik ekartzen duten guztiarekin ahal dudana egiten dut. Badira gaizki egin ditudan gauzak ere, eta horiekin asko sufritzen dut.

Ogibidearen parte bat da, ezta?

"Akatsetatik ere ikasten da; modu batera edo bestera ahalik eta hoberena egin dut"

Akatsetatik ikasten da. 50 urte daramatzat honetan, eta egunero zerbait berria ikasten dut. Modu batera edo bestera probak egiten ditut hobekien egiteko.

 

Nolakoa da garbitzeko prozesua?
Lehenengo gauza da begiratzea orbanak non eta nola dauden. Orbanak kentzeko zera batekin kentzen ditut, edo kentzen saiatzen naiz, eta lehorrean garbitzeko gailuan sartzen dut. Ordu bat inguru egoten da, eta hortik lehorra ateratzen da produktuaren lurrinarekin garbitzen delako. Nahiz eta garbitzen ari denean ura dela iruditu, ez da ura. Gero atera, zintzilikatu eta lixatzen dut. Batzuetan, agian, orbana ez bada ongi kendu, berriz errepikatzen dut prozesua, behar diren aldiak guztia garbi-garbia gelditu arte. Ni saiatzen nahiz ahalik eta hoberen egiten, eta hainbeste urteren ondoren zerbait jakingo dudala uste dut. Normalean makina bete arte itxoiten dut eta horregatik ezin dute arropa ekarri eta egun berean eraman. Ez bada urgentzia handia dutela, normalean aste hasieran ekarri eta bukaeran eraman dezakete.

Zeintzuk dira orban ohikoenak?
Gehien kostatzen dena ardoa da. Baita odola ere. Besteek ez dute arazo handirik ematen. Olioa, esaterako, lehorrean oso ongi kentzen da. Ez bada aldi askotan garbitu dutela eta, orduan, ez dagoela kentzeko modurik, olioak orokorrean lehorrean oso ongi garbitzen dira. Gasolioa, gasolinak eta horrelakoak guztiz joaten dira. Egia da ere badirela arropa batzuk lehorrean garbitzea onartzen ez dutenak. Nik egiten dudana da etiketa guztiak irakurri eta jartzen duenaren arabera garbitzen dut. Hala ere, badira aldiak fabrikatzaileek hanka sartzen dutela edo ez dutela ongi etiketatzen, eta zerbait gertatzen bada gero ez da inor arduratzen. Nik hartzen dut ardura guztia.

Zer gailu erabiltzen dituzu?
Lehorrean garbitzeko gailua, arropa garbigailua, lehorgailua eta plantxa. Duela 29 urte tindategiarekin gelditu nintzenean lehorrean garbitzeko beste makina bat ekarri genuen, askoz txikiagoa zena. Hori apurtu zenean hau ekarri genuen, eta dagoeneko gaixoa nahiko erabilia dago! Hogei bat urte izango ditu. Ordenagailu batekin doa, eta aurrekoa dena eskuz programatzen zen. Krisiaren aurretik dena automatikoki jartzen nuen ordenagailuarekin, eta egunean behar nituen alditan jartzen nuen. Gaur egun eskuz programatzen dut arropa gutxi sartzen dudalako. 2007ko krisi ekonomikoaren ondoren jaitsiera izugarri handia izan da. Asko nabaritu nuen, eta nabaritzen dut. Gainera, imajinatzen dut gaur egungo gailuak askoz modernoagoak izango direla.

Eskuz lisatzen duzu?
Bai. Dena eskuz. Nik ez dut lisatzeko makinarik. Lehorrean garbitzeko makina erosi genuenean gailu batekin lixatzeko makini deitutako bat oparitu zidaten, baina ez dut inoiz erabili ez nintzelako ongi moldatzen. Ez nuen ohiturarik, eta beti eskuz egin dugu. Arroparen arabera hamabost minutu izan daitezke edo ordu erdi.

50 urte daramazu, eta jarraituko duzu?
Ni ez naiz kexatzen. Lana jaitsi da, eta garai hau gutxien lan egin dudan denboraldia da. Baina bakarrik nagoenez niretako balio dit. Hori bai, nekatuta nago. Urteek ez dute barkatzen.

Eta ondoren?
Nire alabak ez dira geratuko. Ez dute nahi, eta normala da. Urte asko dira, eta asko ikusi dute. Hemen hezi dira. Ni oso erreta nago, baina aldi berean pena ematen dit. Jendeak galdetzen dit ea noiz jubilatuko naizen, eta erantzuten diet ez dakidala. Ez dakit ni jubilatuko naizen edo makinak jubilatuko nauen. Alabaren bat geldituko balitz inbertsioa eginen genuke, baina bestela ezin dut gailuak oso garestiak direlako. Eta hori beti bigarren eskukoak erosi izan ditudala! Baina, hala ere. Momentuz ez dut erretiroaren ezer begiratu. 64 urte ditut eta urte batzuk jarraituko dut. Hiru urte inguru nik uste egongo naizela.

Lana badago.
Bai, eta benetan pena ematen dit. Herrian pixkanaka komertzio asko ixten ari dira, eta pena handia ematen dit. Norbait etortzen bada eta esaten badu ikasi nahi duela ni irakasteko prest nago. Sakana osoko jendea etortzen da; herrietako jende asko etortzen da. Lakuntzatik jende asko, Etxarritik... Lehen herrietatik arropa jasotzera joaten ginen. Hasieran nire osaba joaten zen, eta gero nire senarra. Pentsa duela 50 urte jendeak ez zeukala kotxerik gaur egun bezala! Orain Altsasura etortzeko ohitura gehiago dute, edozertarako etortzen dira eta gauzak tindategira ekartzeko baliatzen dute.

Zer da gehien gustatzen zaizuna?
Jendearekin egotea eta hitz egitea. Jendearekiko harrera hori izatea. Azken finean, urte asko dira eta jendea ezagutzen duzu. Sartzen direnean badakizu nondik joango diren; dena ezagutzen duzu. Ezkontza asko, jaunartzeak... Jendea nolakoa den ere ezagutzen duzu, exijentea, ez hain exijentea... Denetarik dago horretan ere.

Eta gutxien gustatzen zaizuna?
Bada, lisatzea ere gustatzen zait. Izango da ez dudalako bizitzan besterik egin, baina jendeak esaten duenean ez zaiola lisatzea gustatzen, ni oso gustura egoten naiz. Gaizki sentitzen naiz, adibidez, botoi bat apurtzen denean. Disgustu handia hartzen dut. Gauza txiki horiekin disgustu handia hartzen dut. Lan bakoitzak badauka bere gauza eta komertzio batean jendearen aurrean egon behar zara, baina hemen gainera ongi egin behar duzu. Askotan erosi berria baino hobe gelditzea eskatzen dute, eta ez bada horrela gelditzen, azalpenak eman behar dituzu. Horrelakoetan oso gaizki sentitzen naiz eta oso gaizki pasatzen dut. Baina esperientziatik asko ikasten da, denak esperientziarako balio du.

Baina kasu horiek gutxienekoak izango dira, ezta?
Bai, gutxienekoak dira. Baina oso une txarra pasatzen dut besterik gabe, esan bezala, botoi bat apurtzen bazait. Adinarekin ikasten joan naiz, beste bat erosi eta konpondu. Baina disgustu asko izan ditut.

Zergatik eraman arropa tindategira?
Azkenean, etxean garbitu ezin daitezkeen gauzak garbitzeko eta etxean kendu ezin diren orbanak kentzeko ekartzen ditu jendeak. Orain gauza asko Internet bidez erosten direnez eta oso tolestuta etortzen direnez, lisatzeko ekartzen dizkidate. Lumazko edredoiak eta arropak etxean garbituta ez direlako ongi gelditzen eta badirelako lumazko arropak lehorrean garbitu behar direnak; ez dute hondatu nahi eta ekartzen dituzte. Badira dagoeneko hondatu dituztenak eta konpontzeko ekartzen dizkidatenak ere... Garbitzeko zailak izaten diren artilezko jertseak ere ekartzen dituzte eta horrela pila bat irauten dute, bestela artilea trinkotzen delako. Baditut bizitza osoko bezeroak. Hasi nintzenean oso gazte ezagutu nuen adineko jende asko ere ezagutu dut eta pixkanaka hiltzen joan dira. Faltan botatzen duzu jendea. Bizitza nolakoa den ikusten joaten zara.

Ez duzu inoiz planteatu beste zerbait egitea?
Zer planteatu behar nuen? Eskolara justu-justu joan nintzen. Nire ahizpak ikasketak egin zituen; niri eraman behar zidaten baina azkenean ez. Ama 30 urterekin alargun gelditu zen bi alabekin. Tindategiko izeba aitaren arreba zen, eta asko lagundu digu betidanik. Osaba eta izeba jubilatu zirenean nor gelditu behar zen? Ba ni. Honetan egin dut ibilbidea. Bizitzen jarraitu behar genuen. Gauzak etortzen joan ziren.