Artearen amatasuna

Erkuden Ruiz Barroso 2023ko mar. 15a, 12:04

Natalia Isla Sarratea arte komisarioa 'Materialak amatu' erakusketaren aurkezpenean.

Arte garaikidea Nafarroan zabaltzeko Uharte zentroko 'Uholdeak' programaren laugarren edizioa aurkeztu dute. Besteak beste, 'Materialak amatu' erakusketa apirilaren 16ra arte egonen da ikusgai Iortia kultur gunean. Zaintza da gai nagusia.

Amatasun esperientzia pertsonalarekin sortu zitzaion Natalia Isla Sarrateari amatasuna eta artearen arteko harremanaren inguruko interesa. "Zenbait kontraesan sortu zaizkit; artearen munduan lan egiten jarraitzea eta alabak hezten jarraitzea. Kontziliazioak dituen gatazka guztiak artearen historian nola islatu diren oso interesgarria iruditzen zitzaidan". Txiletik duela hiru urte iritsi zen Nafarroara, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan Uhartek Arte Garaikideko Zentroarekin elkarlanean egiten den arte master bat egin zuen. "Hor ezagutu nuen zentroaren produkzio lerroa eta bertan garatu nuen nire Master Amaierako Lana amatasunaren inguruan". Maria ama birjinaren figuraren errepresentazioa izan zen MALaren gaia.

'Uholdeak: Materialak Amatu' apirilaren 16ra arte egonen da ikusgai, Iortian

Ikerketa egiten ari zela Islak Uharte zentroak duela lau urte antolatzen duen Uholdeak programaren komisarioa izateko gonbidapena jaso zuen. Uholdeak arte garaikidea Iruñetik deszentralizatzeko eta Nafarroa osoan zabaltzeko Uharte zentroak Nafarroako Kutxa eta La Caixa fundazioak sustatzen duten egitasmoa da. Programa Altsasun, Agoitzen eta Tafallan izanen da, eta lehenengo geldialdia Iortia kultur gunean egin du. Martxoaren 3an mustu zuten Materialak amatu (ama izan/egin) erakusketa eta apirilaren 16ra arte egonen da ikusgai. "Programa garatzean aukera izan nuen artistak bere estudiotan ezagutzeko. Amatasunaren eta zaintzaren gaia sortu zen". Angela Moreno, Amaia Gracia Azqueta, Berta Osés Beruta, Oihane Mcguinness Armendariz, Txaro Fontalba eta Zarys Falcon artisten lanak osatzen dute erakusketa. Programaren barruan Zarys Falconen performancea eta Nerea Balda idazle irurtzundarraren idazketa eta irakurketa tailerrak izanen dira ere.

Hasiera batean amatasuna "karga bat" duen hitz bat dela esan du Islak. "Lan egin dudan zazpi artistetatik bi bakarrik dira ama. Ama ez direnei zaila egiten zaie amatasun horretara gerturatzea. Baina konturatu ginen amatasunari buruz hitz egiten dugunean maternajeari edo maternazgoari buruz hitz egiten dugula". Hau da, emakumeari esleitu zaion "sistemen" zaindariaren figura. Denak "zainduak" izan dira ere.

Zaintza

Erakusketarako amatasuna eta zaintza izan ditu oinarri Natalia Isla arte komisarioak

"Ikerketa oso interesgarria izan zen". Angela Morenoren katalogo batetik hasi zen. "Bizitzaren lehenengo etapak biltzen zituen eta haurdunaldia nabarmentzen zuen". Islak obra horietan amatasunaren barruan "krisi antzeko bat" ikusi zuen. "Amatasun hori erakustea oso interesgarria iruditu zitzaidan, leundu gabe, bere itzalekin". Gaia garatzen jarraitu zuen eta Txaro Fontalbaren lana aurkitu zuen. "Amatasun eta zaintzari kritika bat egiten zion, perspektiba politikotik eta feministatik: zer suposatzen du amatasunak gaur egun". Zaintzaren krisian oinarritu zen, "baina kritikatik azaleratu nahi nuen". Bide horretan Oihane Mcguinness erakusketako gazteenarekin topo egin zuen, baita Berutarekin ehun-teknikak proposatzen dituela. "Ehun-teknikak arte garaikidean sartu nahi nituen ere, askotan aldenduak direlako artisautza bezala ikusten direlako".

Erakusketa kolektiboetan artista bakoitzaren lanak isolatuak egoten dira. Bakoitzak bere tokia du. Baina Islak komisariatu duen erakusketan denak elkartzen dira. "Osotasun" bat dute. "Estudioetara egindako bisitetan konexioak aurkitu nituen. Esaterako, figura esferikoak hiru artistak lantzen zituzten eta galdetu nien ea elkarrekin jarri genezakeen". Lanak haien artean gurutzatzen dira eta "hitz egiten" dute.

Materialak amatu erakusketan Islak "alde diskurtsibotik" haratago joan nahi du. "Suely Rolnik teorikoak diskurtsotik haratago gorputzaren jakinduria bat dagoela esaten du eta nik ideia hori jaso dut asko harritu ninduelako artistek nola konektatzen duten haien lanekin. Nola enbalatzen eta desenbalatzen dituzten haien lanak, nola ukitzen dituzten, nola azaltzen dituzten haien teknikak...". Lanek kontatzen dutena baina zerbait gehiago dago obra horietan. "Amatasun hori espazio horietan ere bazegoen; artistak bere obrarekin duen amatasuna". Erakusketan nolabait azaldu behar zela iruditu zitzaion. "Kasu guztietan eman zen, modu oso partikularrak dira, ez dena artista guztiekin ematen".

Erakusketa hiru ardatzetan banatzen da: lehenengoa gorputzaren materia; bigarrena gehienbat emakumeek bizi duten zaintzaren eta amatasunaren krisi psiko-afektiboa, eta, azkena, heriotza eta nola zaindutako izakia gorputzaren memoriaren bidez oroitzen den. "Aurkezpenean ibilbide bat proposatu nuen Zarys Falconen lanarekin hasten dena eta hiru ardatz hauengatik pasatzen dena, baina ziklo bat denez, bizitzaren zikloa, beste aldera egin daiteke ere. Proposamen bat baino ez da".

'Uholdeak'
Bost artisten lanarekin osatutako Materialak amatu erakusketarekin batera Uholdeak programaren barruan arte disiziplina desberdinetako ekimen gehiago izanen dira. Martxoaren 3an, aurkezpenaren egunean, eta Filmoteka Nafarroan egitasmoarekin bat eginez, Helena Taberna zinemagile altsasuarraren Nerabe eta La Mujer de Lot film laburren proiekzioa eta solasaldia izan zen Iortia kultur gunean. Hurrengo ekimena martxoaren 17an, ostirala, 19:00etan, izanen da, eta Zarys Falcon artistak MAETERNIDAD performancea eginen du. "Musika talde bat dauka eta arte eszenikoan ahotsarekin esperimentatzen du". Sehaska kantak, otoitz abestiak eta abar bilduko ditu.

Martxoaren 21ean eta 28an, astearteak, 17:30ean, Nerea Baldak gidatutako Ama-irakurketa eta idazteka saioak izanen dira. "Gaur egun euskaraz amaren inguruan lantzen diren testuetatik abiatuta idazketa pertsonala eta indibidualera gidatuko du Nereak, erakusketako gaietan oinarrituta: kontraesanak, anbibalentzia emozionala zaintzaren aurrean...". Egitasmoaren barruan ere ikastetxeetan lantzeko material didaktikoa sortu dute.