Saskibaloia

CBASK-en asteburu borobila

Guaixe 2023ko mar. 16a, 12:31
CBASK-ek garaipen sendoak lortu ditu asteburuan.

Maila Interautonomikoan, Gizonezkoen Bigarren Maila Autonomikoan eta Emakumezkoen Lehen Senior Mailan garaipen ederrak lortu ditu CBASK-ek

Asteburuan hemeretzigarren jardunaldia jokatu zen Nafarroako saskibaloi txapelketa ezberdinetan. 

Bigarren Maila Interautonomikoan Narum CBASK taldeak garaipen polita lortu zuen Aranguren Mutilbasket taldearen kontra, bost punturen aldearengatik. Partida bizi eta lehiatuan, 61 eta 66 gailendu ziren altsasuarrak, eta bigarren garaipena lortu zuten jarraian. Sailkapenean Navasket taldeak jarraitzen du lider (35 puntu), Logrobasket taldearekin puntutara berdinduta. Narum CBASK-ek seigarren jarraitzen du (27 puntu), partida bat gutxiagorekin. Marsuaren 18an, larunbata, talde altsasuarrak sailkapenean bederatzigarren den Buenos Aires Liceo Monjardín taldea hartuko du Zelandin, 18:00etan hasiko den partidan. Ea garaipen boladak segida duen.

Gizonezkoen Bigarren Maila Autonomikoan CBASK Ifuel taldeak Valle de Egües B hartu zuen Zelandin, eta bi taldeek partida oso borrokatua eskaini zuten, azken bozina arte erabaki ez zena. Puntu baten aldearengatik erabaki zen partida, 56 eta 55, talde altsasuarraren alde. Gozatu ederra hartu zuten Zelandin bildu zirenek.
Bigarren Maila Autonomikoko liderra Selco Electronica da (36 puntu), eta CBASK Ifuel taldea bosgarren da (30 puntu). Marsuaren 18an, larunbata, CBASK Ifuelek klub berdina baina talde ezberdina izango du aurkari, sailkapenean bigarren den Valle de Egües C taldearen kontra jokatuko baitu Olazko kiroldegian, 20:00etan. 

Emakumezkoen Lehen Senior Mailan bigarren fasean dago CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldea, eta asteburuan laugarren jardunaldia jokatu zuen Valle de Egües taldearen kontra. Partida ederrean altsasuarrak gailendu ziren, 52 eta 65. Sailkapenean CBASK-Xabi Gorriz Tattoos taldea da liderra (15 puntu). Marsuaren 18an, larunbata, Altsasuko neskek sailkapenean hirugarren den Navasket SF´old taldea hartuko dute Zelandin, 16:00etan hasiko den partidan. Bestalde, hirugarren jardunaldian Ega Perfil Oncineda taldearen kontra atzeratutako partida marsuaren 24an jokatuko da, 20:15ean, Lizarran.