Astekaria

Aratz Sanzol, Espainiako Bloke Kopari begira

Maider Betelu Ganboa 2023ko mar. 21a, 14:00

Aratz Sanzol, Altsasuko rokodromoan entrenatzen. UTZITAKOA

Eskalatzaile altsasuarrak Nafarroako Bloke Txapelketa irabazi du, Nafarroako selekzioan dago eta martxoa eta maiatza bitartean Oviedon, Madrilen eta Cuencan jokatuko den Espainiako Bloke Kopan lan ona egin nahi du

Aita eskalatzailea izanda, aurki zintzilikatu zen sokan Aratz Sanzol Lumbreras altsasuarra. "Mendira gurekin etortzen ziren haurrak. Txiki-txikiak zirenetik eskalatzen dute" dio Jaime Sanzol aitak. Altsasuko rokodromoan ere ibiltzen zen Aratz, blokean, "hasieran beste jolas bat bezala zen". Baina, denborarekin, eskalada gustuko kirola bilakatu da berarendako. Nolako egurra, halako ezpala. Saskibaloiarekin uztartzen du.

Blokea eta zailtasuna
Bloke eskaladan eta zailtasunean edo soka eskaladan aritzen da Aratz Sanzol. "Blokea rokodromoan prestatutako lau metro eta erdiko egituretan egiten den eskalada da. Hasierako presak markatzen dizkizute, eta goian presa bat jartzen dute, helmuga dena. Bide hori egiteko modurik egokiena eta errazena aukeratu beharko duzu. Blokea oso teknikoa da, eta eskaladaren esentzia jasotzen du: indarra, mugimendua eta koordinazioa" azaldu du Jaimek. Zailtasun edo soka eskaladak, aldiz, haitzean egiten den eskaladarekin antzekotasun handiagoa du. "Rokodromoetan prestatutako eremu zabalak dira. Eskalatzailea lotuta dago, hasiera eta helmuga markatzen dizkiote eta soka tartekako presetatik pasatu beharko du. Kateatzen duen presa bakoitzeko puntuak lortuko ditu. Puntu gehien dituenak irabaziko du. Modalitate honek erresistentzia eta teknika eskatzen ditu, mugimendu gehiago dira".  

Soka & block
Aratzen lehen proba, Landabengo Bihatz rokodromoan jokatutako soka & block txapelketa izan zen. "Izen hori du bi modalitateak hartzen dituelako, soka eta blokea. 10 urte izango nituen, eta ongi pasatzeko asmoz aritu nintzen, aitak animatuta. Gustura ibili nintzen" dio Aratzek. "Soka & block txapelketak oso herrikoiak dira. Egun polita pasatzea da helburua, gozatzea. Giro polita egoten da. Irabazten duena pozik, eta beste guztiak ere bai. Filosofia horrekin hasi ginen" aipatu du Jaimek. 2021ean Nafarroako Bloke eta Zailtasun Txapelketetan aritu zen Aratz. "Egia esan, ez du soka & block txapelketa batekin horrenbesteko alderik. Arauak zorrotzagoak dira txapelketan, baina antzeko jendea ibiltzen da, zirkulu ia berbera da" dio Jaimek. Aratzek 12 urte zituen, eta 14 urtez azpiko kategorian lehiatu zen. "Ez zegoen jende asko, eta irabazi nuen. Domina lortu nuen, eta poz handia sentitu nuen" oroitu du Aratzek. 

Aratz Sanzol: "Espainiako Bloke Kopa erronka zaila da, baina gogotsu nago"

CESA, Kopa eta gainerakoak
2022 urte hasieran, saskibaloian gehiago ibili zen, eskalada bigarren mailan utzita. Baina, ekainean, Nafarroako eskalada hautatzaile Javi Berasaluzek deitu zion eta proposatu zion Espainiako Mendi Federazioak (FEDME) antolatutako Espainiako 18 urtez azpiko CESA selekzioen arteko eskalada txapelketan parte hartzea. Aurreko urtean Nafarroako txapelduna izan zenez, Aratzek CESA-n aritzeko tokia ziurtatuta zuen. Baiezkoa eman eta hortik aurrera eskaladan entrenatzen hasi zen. "Estatu osoko eskalatzaileek parte hartzen zuten, kategoria bakoitzean 70 eskalatzaile inguru. Finaletara zortzi sailkatzen ziren, eta ni bederatzigarren izan nintzen. Oso gutxigatik. Pena, baina..." dio Aratzek. Espainia mailan lehen aldiz lehiatu eta bederatzigarren sailkatzea, ez da txantxetako kontua. Ondoren, 2022ko urrian eta azaroan, Espainiako Bloke eta Zailtasun Txapelketetan parte hartu zuen, Cuencan eta Madrilen. Blokean hamahirugarren sailkatu zen, eta zailtasunean, hamabigarren. 

Aurten, kategoria mustu du Aratzek. 14 urterekin, 16 urtez azpikoan lehiatzen da. Marsuaren 4an Nafarroako Bloke Txapelketa jokatu zen Lizarran, eta 12 eskalatzaileen artean bera gailendu zen. "Nafarroako selekzioan gauden bizpahiru eskalatzaileak maila onena dugu. Jon Villegas, Amets, ni... Orain Caparrosoko mutiko bat hasi da. Eta neskek ere sekulako maila dute" dio. Bera da selekzioan dagoen sakandar bakarra, baina Nafarroako Txapelketan Oihana Paniagua altsasuarrak parte hartu zuen, eta bosgarren edo seigarren sailkatu zen. Nafarroako Soka Eskalada Txapelketa apirilaren 4an jokatuko da Rocopolisen. 

Egun, Aratz blokean entrenatzen ari da buru-belarri, Espainiako Bloke Kopan parte hartuko baitu Nafarroako selekzioarekin. Hiru proba dira: marsuaren 25-26an Oviedoko jardunaldia jokatuko da, apirilaren 15-16an Madrilgoa eta maiatzaren 20-21ean Cuencakoa. Altsasuko rokodromoan entrenatzeaz gain, selekzioko kideekin Iruñean entrenatzen du, Sergio Delgado eskalada hautatzaile berriaren esanetara. Altsasun bizi den Talo Landaluze da selekzioko bigarren entrenatzailea. "Kopa erronka zaila da, baina gogotsu nago, goian egoteko aukera gehiago ikusten ditudalako. Iaz baino pixka bat hobeki aritzea espero dut, eta finalean sartu ahal banaiz, hobe" dio Aratzek. Asteburuan, selekzioarekin teknifikazio saioa zuten, eta Bilbon Euskadiko Bloke Txapelketa jokatzen zenez, bertan aritu ziren, prestaketa gisa. "Proba asko dira, baina pozik nago. Asko ikasiko dut" dio Aratzek. "Duzun maila ematea. Hori da, eskaladan, egindakoarekin gustura geratzea" gomendatu dio aitak.