Astekaria

Atletismoan, Urrezko Altsasu

Maider Betelu Ganboa 2023ko mar. 22a, 14:30

Lagun Onakeko kuadrillakoek Club Deportivo Alsasua sortu zuten, lasterketetan klub gisa lehiatu ahal izateko. UTZITAKOA

Nafarroako Atletismo Federazioak bere 100. urteurrena marsuaren 23an ospatuko du, Baluarten. Galan Altsasuk urrezko intsignia jasoko du “Nafarroan atletismoaren eta atletismo federazioaren aitzindari eta fundatzaile izateagatik”

100 urte borobil beteko ditu Nafarroako Atletismo Federazioak, eta urteurrena ospatzeko gala berezia antolatu du marsuaren 23an, 19:00etan Baluarten. Altsasu izango da gala horretako protagonistetako bat. Altsasuk urrezko intsignia jasoko du atletismoak herrian egin duen ibilbide luzearengatik. “Altsasu Nafarroako atletismoaren eta atletismo federazioaren fundatzaileetako bat da, atletismoaren aitzindarietako bat. Horregatik, Nafarroako Atletismo Federazioaren lehen mendeurrenean urrezko intsignia jasoko du federazioaren eskutatik” azaldu dute Nafarroako Atletismo Federazioko ordezkariek. Altsasun atletismoa sustatu duten norbanako, elkarte, klub eta bestelakoen lan ordainezina aitortuko du federazioak. 

Federazioaren erabakia “oso pozik” jaso du Dantzaleku Sakana atletismo klubak. Kluba 1992. urtean sortu zen, eta aurretik altsasuar askok modu indibidualean edo bestelako talde eta elkarteen bidez atletismoan egindako lan ordainezinaren lekukoa hartu zuen.  

Altsasuko festetan beti egoten zen lasterketa, desafio edo erronkaren bat

Lagun Onakeko kuadrilla
Altsasun lehendabiziko lasterketak noiz antolatu ziren ez dago jakiterik, baina herriko festetan beti egoten zen lasterketa, desafio edo erronkaren bat. Ohikoak ziren. Orduan modu indibidualean edo partikularrean hartzen zen parte lasterketetan, ez baitzegoen halakoak antolatzeko klub edo talderik. Korrikalari partikularrek sustatu zuten atletismoa hasiera haietan, lagun kuadrillek. 

50eko eta 60ko hamarkadetan, Espainiako txapelketetan zenbait korrikalari altsasuarrek (Jesus Aldasoro, Felipe Villarreal Julian Martinez “Ubilla”, Candi Arnanz...) Nafarroa ordezkatu zuten. Horiek dira, agian, korrikalari altsasuar ezagunenak, “baina haien ondoko gainontzeko korrikalariak ezin dira ahaztu, euren kuadrilla guztia korrikalariak baitziren. Lagun Onak elkarteko kuadrillaz ari gara. 40ko hamarkadan hasiko ziren korrika. Lasterketetan, euren kabuz parte hartzen zuten, ez baitzuten klubik. Batzuk, Candi Arnanz eta Guinea, esaterako, Gimnastika Ulia taldean ibili ziren. Azkenean, eta lasterketetan klub gisa lehiatu ahal izateko, Lagun Onak elkarteko kuadrillakoek euren kluba sortzea erabaki zuten. Horrela, Altsasuko lehendabiziko atletismo taldea sortu zuten: Club Deportivo Alsasua. 50eko hamarkada inguruan izango zen” azaldu du Dantzaleku Sakana klubeko Peio Vergarak. Argazki zaharretan, C.D.A. leloa duten kamisetak jantzita ageri dira Lagun Onakeko kuadrillakoak. 

Lagun Onakeko kuadrillak Club Deportivo Alsasua sortu zuen, klub gisa lehiatzeko

C.D.A.
Lagun Onak kuadrilla todoterrenoa zen. “Guztia egiten zuten: korrikalariak ziren, lasterketak antolatzen zituzten, festetako proba guztiak, denbora kronometratzen zuten... guztia. Gogoan dut Jose Luis Vergara, “El Txipi”, eta Jose Mari Misiego zirela lasterketak kronometratzen zituztenak. Haiek ez ziren argazkietan ateratzen, baina ezinbestekoak ziren (kar, kar). Txipik lasterketei hasiera emateko erabiltzen zuen pistola gordea dugu Dantzaleku Sakana klubean. Berriki jokatu zen Altsasuko Krosean ere pistola horrekin eman zitzaien irteera lasterketei. Eta federaziotik eskatu berri digute, erakusketan jartzeko” gaineratu du Vergarak. 

Esan bezala, kuadrilla horretako zenbait korrikalarik Nafarroa ordezkatu zuten Espainiako Atletismo Txapelketetan. “Behin, Nafarroako selekzioko bederatzi korrikalarietatik zazpi Lagun Onakeko kuadrilla honetako kideak izan ziren. Pentsa. 1952. urtean Nafarroako selekzioko hamar korrikalarietatik bost altsasuarrak ziren: Candi Arnanz, Jesus Aldasoro, Felipe Villarreal, Ginea eta Lucas Larraza. Beraiekin batera Miguel de la Quadra Salcedo zegoen. Orduko argazki ederrak daude” gaineratu du Vergarak. Dantzaleku Sakanako kideak argi du garai haietan Altsasun atletismoa zela kirol garrantzitsuenetako bat, “futbola baino gehiago, esango nuke. Atletismoa, txirrindularitza eta pilota ziren kirol nagusiak orduan Altsasun. Eta horren isla dira orduan sortu ziren lasterketak, egun Nafarroako proba beteranoenak direnak: Altsasuko Krosa, San Silvestrea, Eskolarteko krosa eta festetan jokatzen den afizionatuen Altsasuko Proba. Korrikalari eta txirrindulari partikularrek sortu zituzten proba horiek, lagun kuadrillek, eta ondoren sortu ziren klub edo taldeek hartu zuten probak antolatzeko lekukoa” . 

Dantzalekuk lekukoa hartu zuen
1968ko otsailaren 5ean, Sociedad Deportiva Alsasua-Altsasu Kirol Elkartea sortu zen, eta klub sortu berriak, beste kirolekin batera, atletismoa sustatzeko ardura hartu zuen, Club Deportivo Alsasuaren tokia hartuz. Ondoren, 1992. urtean, Dantzaleku Altsasu Atletismo Kluba sortu zen, gerora Dantzaleku Sakana izena hartu zuena, eta atletismoaren lekukoa hartu zuen. “Altsasuko korrikalari aitzindariek eta elkarte eta klub desagertuek aurretik egindako lan guztiaren fruitua jaso genuen. Altsasun bizitza guztian antolatu izan diren lasterketen lekukoa hartu genuen, eta aurrera jarraitzen dugu” nabarmendu du Vergarak, bere garaian aitzindariek egindako lana goraipatuz.

Horregatik, Nafarroako Atletismo Federazioaren urrezko intsignia jasotzea “opari ederra” izango da. “Pentsa, Nafarroako proba zaharrenak dira gureak, eta pentsatzen dut ere hortik etorriko dela Altsasuk jasoko duen aitortza. Altsasuko Krosaren 37. edizioa izan da aurtengoa, baina 51 urte bete dira Dantzalekun krosa antolatzen zenetik, orduko korrikalariei esker. Bestalde, San Silvestrearen 43. edizioa jokatu zen. Lagun Onak elkartea hasi zen proba antolatzen, lekukoa Dantzalekuri pasatu arte. Eta Ferietako Eskolarteko Krosaren 42. edizioa izan zen azkenekoa. Aitzindariek ereindako fruitua jaso dugu” dio Vergarak. Peio Vergara izan zen Eskolarteko Krosaren hasierako antolatzaileetako bat, garaiko beste kirol monitoreekin batera. 51 urte daramatza atletismoa sustatzen, eta bera izango da urrezko intsignia jasotzeko ekitaldira joango direnetako bat, Dantzaleku Sakanako presidente Iñigo Agirrerekin eta Dantzaleku Sakana kirol eskolako monitore Aitor Mendozarekin batera. Altsasuko alkatea ere gonbidatu dute, “herri guztia ordezkatzen duelako eta saria Altsasuri ematen zaiolako”. 

Dantzaleku Sakanak 160 bazkide inguru ditu. Urrezko garaia bizi du klubak, Dantzaleku Sakana Atletismo Eskolan inoiz baino gaztetxo gehiago trebatzen ari direlako, 70 neska-mutil, Fermin Azkargorta, Aitor Mendoza eta Ekhi Olabiderekin. Hiru diziplinak lantzen dituzte; jaurtiketak, pista eta krosa. Horretaz gain, mendi sekzioa du klubak, trail probetan parte hartzen duten korrikalariena. “Sasoi onean dago kluba, baina honek segida izan dezan eta proiektua sendotzeko Dantzaleku Sakanako juntan jende berria sartzea ezinbestekoa da, korrikalariak, gurasoak, monitoreak, gazteak... guztiak ordezkatuta egoteko. Beteranoak beti egongo gara laguntzeko prest, baina gazteak dira etorkizuna, eta erreleboa lotu beharra dago” argi du Vergarak. 

Kros zirkuitu iraunkorra izango du Altsasuk
Dantzaleku Sakana klubak eta Altsasuko Udalak akordioa sinatu dute Altsasuk kros zirkuitu iraunkorra izan dezan. Usolarraindik ezkerralderantz egongo da zirkuitu berria. “2 kilometroko zirkuitua izango da. Markatuta egongo da, eta nahi duen orok erabili ahalko du, entrenatzeko, korrika egiteko, paseatzeko edo nahi denerako. Zirkuitu polita izango da, Usolarraingo merenderoetatik gora egiten duena, uharkaraino. Aldapa polita du, kros zirkuitu batek aldapa izan behar duelako. Altsasuko Krosa jokatu zenean Nafarroako Atletismo Federazioko presidenteari erakutsi genion, eta izugarri gustatu zitzaion” aipatu du Vergarak. 2024ko ilbeltzean mustuko da zirkuitua, Altsasuko Krosean. “Datorren urtean Nafarroako Kros Luzeko Txapelketa jokatuko da Dantzalekun, zirkuitu berrian. Gero ibilbidea markatuta geratuko da, guztiendako”.

Dantzalekuren probak
Dantzaleku Sakanak hainbat proba antolatzen ditu, eta beste horrenbestetan laguntza ematen du. Antolatzen dituenen artean daude otsailaren 25ean jokatu zen Altsasuko Krosa, Nafarroako Kros Laburra izan zena; apirilaren 16an jokatuko den Bargagain Igoera edo traila; urrian Ferietan antolatzen dituen Onddo Lasterketa eta Eskolarteko Krosa, aurten 43. edizioa izango dena, eta San Silvestrea, 44. edizioa izango dena. 

Bargagain, berria
Bargagaingo Igoera trail proba berria da, 2021ean lehenengoz antolatu zuten igoerari lekukoa hartuko diona. “2021ean Bargagaingo Gurutzera igoera egin genuen, 4,2 kilometrotan 625metroko desnibela. Proba 20 kilometrora luzatzen bagenuen Navartrail Txapelketaren barruan sartuko zutela eta Nafarroako Banakako Trail Running Txapelketa izendatuko zutela proposatu ziguten Nafarroako Atletismo Federaziotik. Gure eskualdea polita dela, eta Navartrail proba bat hemen egin nahi zutela. Animatu ginen, eta zirkuitu polita prestatu dugu. Aurki zabalduko da izena ematea” azaldu dute Dantzaleku Sakanatik. Altsasutik Bargagainera igota, gailurreriatik aurrera egingo du bideak, ehiztarien bidetik Urdiainera jaisteko. Parke ondoko partzelarietatik Iturmendiraino iritsiko da proba eta Iturmenditik Santa Marinara igoko da, han buelta hartu eta gailurreriatik Urdiaingo portua jaisteko. Partzelarietatik Altsasura helduko da.   

Peio Vergara: "Dantzalekuk aitzindari haiek egindako lanaren fruitua jaso zuen"

Elkarlana
Bestalde, Dantzaleku Sakanak hainbat lasterketetan laguntza edo elkarlana eskaintzen du. Apirilaren 1ean Kepa Gordok Uharte Arakilen egingo duen ekimen solidarioan laguntza eskainiko du, Gordo Dantzaleku-Sakanakoa delako. 12 orduko denbora tartean 9 igoera egin nahi ditu korrikalariak. Egunean barna Uharte Arakilen antolatuko diren ekitaldietan jasoko den dirua Nafarroako Esklerosi Anitza Elkartearendako izango dira, elkarteak exoeskeleto bat erosi ahal dezan. Momentuz 106.000 euro bildu ditu elkarteak, baina oraindik diru gehiago behar da. Joan zen urtean, 2022an Gordok 8 igoera egin zituen San Migelera eta ekitaldian jasotako 7.850 euroak Noelia Fundaziora bideratu ziren. Aurten 9 igoera egin nahi ditu. 

Josefina Arregi Klinikak maiatzaren 14an antolatuko duen II. Alzheimer Lasterketan ere laguntza emango du Dantzalekuk. “Aurten berrikuntza dago, egun bat lehenago, maiatzaren 13an, Dantzaleku Sakanako kideek Osasuna futbol taldeko beteranoen kontra futbol partida jokatuko dutelako Dantzalekun. Jasotakoa klinikarendako izango da”. 

Bestalde, ekainaren hasieran jokatuko den Aitzkozar Krosean ere lagunduko du Dantzalekuk, eta aurten lasterketara Urdiain batu dela aurreratu dute Dantzalekutik. Lasterketa Urdiain, Iturmendi eta Bakaiku artean jokatuko da. Bukatzeko, irailaren 3an jokatuko den Tritoiena mendi lasterketan laguntza emango dute baita ere. “Denetariko kausak babesteko prest gauden klub irekia gara”.