Institutuak Batxilergo Orokorra eskainiko du ikasturte berrian

Guaixe 2023ko mar. 21a, 09:02
Institutuko Ikasnova gelan ikasleak eta irakaslea. UTZITAKOA

Hura aukeratzen duten ikasleek zientziatako eta letretako ikasgaiak izanen dituzte aukeran. Etorkizunean zer ikasi nahi duen oso argi ez duenarendako edo denetarik hartu nahi duenarendako egokia izan daiteke eskaintza.

Altsasu Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH) institutuak orain arte Osasun Zientziak, Ingeniaritza edo zientifikoa, Giza Zientziak eta Gizarte Zientziak batxilergoak eskaini izan ditu. Batxilergo Orokorrarekin bere eskaintza zabalduko du heldu den ikasturtean. Altsasu DBH institutuko zuzendari Iñaki Mundiñano Larrazak azaldu duenez, eskaintza berriak “konbinazio asko ematen ditu. Aukera ematen du ikasgai batzuk Giza eta Gizarte Zientzia batxilergotik hartzeko eta beste batzuk Zientzietatik”. Gaineratu duenez, “ez dago definituta. Norberak eman behar dio definizioa Batxilergo Orokorrari”. 

Ikasle profilari erreparatuta, Mundiñanok azaldu du eskaintza berria izan daitekeela “izan daiteke zientzien arloan ibili nahi duenarendako, baina ingeniaritzaren bat egin nahi ez dutenendako. Edo izan daiteke gizarte zientzien inguruan ibili nahi duenarendako, baina bestelako profil batekin, zientziatako irakasgairen batekin konbinatzean, esaterako, kirolarekin lotutako ikasketak. Anatomia edo biologiarekin konbinatuta, fisioterapia...” Horregatik, zuzendariak dio Batxilergo Orokorra “irekita gelditzen den aukera bat” dela. 

Eskaintza
Nafarroan D ereduan Batxilergo Orokorra eskaintzen duten lau ikastetxeetako bat da Altsasukoa. “Sakanan bertan eskaintza guztia eskura izatea izugarria da”, nabarmendu du Mundiñanok. Eta ikastetxearen balio erantsiak nabarmendu ditu: gertutasuna, ibarrean bertan ikastea, bizi-bizirik dagoen eta egokitzen ari den ikastetxea, espazioak pedagogiara egokitzen ari den ikastetxea, XXI. mendeko erronkei aurre eginen dion ikaslea dugu buruan. Gure helburua da ikasleak prestatzea ezagutzetan, konpetentziatan eta balioetan”. Gogorarazi du ikastetxera ibarreko 14 udalerritako ikasleak joaten direla, Arakildik Ziordira: “beraz, Sakanan bertan eta sakandarrendako institutua da. Ibarreko gazteak saretzen dituena Sakana egiteko”.

Hezkuntza sistema aldatu den moduan, “Batxilergoa asko ari da aldatzen azken urteetan: gero eta biziagoa eta praktikoagoa da, metodologia berriak erabiltzen dira, Ikasnova gelaren bidez komunikazio digitala eta teknologia berriak uztartzen dituen proiektua...” Zuzendariak azpimarratu duenez, “izugarrizko garrantzia ematen diogu komunikazio gaitasunari. Ahozkotasunaren proiektuan indar handia egiten dugu”. Jakinarazi duenez, Europako beste ikastetxe batzuekin hartu-emanak egiteko proiektuetan sartuta daude.