Pentsioak murrizteko koefizienteagatik kexa Europako Parlamentuan

Guaixe 2023ko mar. 20a, 09:03
Pentsio duinen aldeko elkarretaratzea gaur udaletxe parean eginen dute. ARTXIBOA

Pentsiodunen elkarte batek eraman du kexa Europara. 40 urte edo gehiago lan egin duten eta erretiro aurreratua hartu duten pertsonak bidegabe zigortzen dituela salatzen dute. Pentsioaren %100 kobratu ahal izatea eskatzen dute.

Jubilatu elkarte batek, Asjubi40k, Espainiako Erreinuaren kontra aurkeztutako kexa tramitatzea onartu du Europako Parlamentuak. Elkarteko kideek ez dituzte bidezkotzat jotzen 40 urte edo gehiago lan egin eta kotizatu duten pertsonei erretiro aurreratua hartzeagatik jarritako zigorrak. Izan ere, horren ondorioz, pentsioaren %100 kobratu beharrean gutxiago kobratzen dute. “Espainian gehien kotizatu dutenak diskriminatzen dituzte; hori bidegabea eta legez kanpokoa da”, adierazi dute elkartekideek. Horregatik eskatzen dugu 40 urte edo gehiago kotizatu dutenei ezartzen zaien murrizketa koefizientea aldatzeko neurriak hartzea”. 

Elkarteko kideek argudiatzen dute, batetik, “neurri hori adinagatiko bereizkeria da, beste jubilatuen kolektibo batzuekin eta Estatuko klase pasiboekin alderatuta (karrerako funtzionarioak, militarrak, agintari ohiak)”. Eta, bestetik, “legeari erreparatuz, egoera konparagarrian, zerga eta ekitatearen funtsezko printzipioa urratzen da, Estatuko klase pasiboen eta Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorraren arteko diskriminazioa ez baitago objektiboki eta arrazoiz justifikatuta”. Eta gogorarazi dute “Europako Konstituzioak diskriminazioa debekatzen duela”. 

Kexa aurkeztu duten elkarteko kideek garbi dute “lege kontua baino politika gaia” dela. “Agerikoa da presio politikoa dagoela murrizketa koefiziente horiek ezartzeko. Agerikoa da presio politikoa dagoela jendeak urte gehiago lan egin ditzan eta ahal den beranduen jubilatu dadin, Europak ere ideia hori atsegin du eta. Baina hori ezin da egin bizitza osoan lanean aritu den kolektibo baten kontura”. 

Kexaren ibilbidea 
Elkarteak jakinarazi duenez, 700.000 bat pertsona daude egoera horretan. 1.900 bat pertsonaren kasuak bildu dituzte kexan. Aurkeztutako agirien artean pertsona bakoitzaren lan eta kotizazio historiak daude. Udan aurkeztu zuten kexa Europako Parlamentuan, eta aztertuko zutela erantzun zien abenduan. Asjubi40 elkarteko kideak martxoaren 6an elkartu ziren europarlamentariekin. 

Kexa aztertuta, Parlamentuak Europako Batzordera bidali dezake eta kexari erantzuna ematen ez badio, elkarteak Europako Justizia Auzitegi Gorenera jotzeko aukera izango du. Kexak bi urte inguruko bidea egin dezake Europako erakundeetan. Erakunde horietakoren batek ebazpena ematen ez badu, Europako Arartekoaren esku geldituko litzateke kexa. Interesa duenak Europako kexa horretara batzeko aukera du. 

Europako bideaz aparte, pentsiodun horiek erretiroaren %100 kobratzeko eskaera Gizarte Segurantzan eta Administrazioarekiko Auzien Epaitegian aurkeztu dute. Altsasun astelehenetan egiten diren bilkuretan horren guztiaren berri emanen diote gehiago jakin nahi duenari.