Jazz, swing eta soul, ikasgelatik Iortiara

Guaixe 2023ko mar. 21a, 10:43
Zugardi Big Band taldeko kideak eta Altsasuko Musika eta Dantza Eskolako ikasleak kontzertua hasi aurretik. UTZITAKOA

Zugardi Big Band taldeak musika eskolendako 'Jazz Go' proiektua jarri du martxan. Helburua talde instrumentalak sustatzea da, baita jazz generoa ikasleen artean zabaltzea ere. Bandak eta Altsasuko Musika Eskolak kontzertua eman zuten.

Soinuak ordenatzeko artea, entzulea hunkitzeko helburuarekin. Horrela dio musikaren definizio batek, Ignacio Fernández Galindo Dallas Zugardi Big Band taldeko tuba-joleak eta zuzendari artistikoak. "Baina entzuleari zuzendutako emozio hori norberak egindako lan batetik sortzen da. Instrumentu bat menperatzeko lan indibiduala egin behar da, baina ez beti". Horregatik, gaineratu du, musika eskoletako eta kontserbatorietako talde instrumentalek musikari gazteen "bokazioa" sustatu nahi dute. "Non soinuak modu sinkronizatuan ordenatzen diren, zuzendari baten gidaritzapean. Musika soziala eta hunkigarria bihurtzen da, eta jazz-arekin eta swing-arekin, gainera, dibertigarria". Jazz Go programaren filosofia da, eta horren barruan larunbatean, martxoaren 18an, Zugardi Big Band eta Altsasuko Musika eta Dantza Eskolako ikasleek kontzertua eman zuten, Iortia kultur gunean.

Zugardi Big Band Zizur Nagusian sortu zen, 2017ko urrian. Jazz, blues eta swing-aren klasikoak interpretatzeko helburuarekin sortu zuten, 2014tik 2017ra arte martxan egon zen Zugardi Rag Band taldeko kideekin, baita kontserbatoriotik eta musika eskoletatik joandako ikasle eta irakasleekin ere. Guztira, 35 musikarik osatzen dute Zugardi Big Band. Fernández arte zuzendaria da eta Jokin Borromeo bandaren zuzendaria. Borromeo Altsasuko Musika eta Dantza Eskolako zuzendaria ere bada.

2022. urtean, Zugardi Big Band taldeak Jazz Go programa martxan jarri zuen. Musikaren "alderdi kolektiboa" sustatu nahi dute. "Helburua Nafarroako musika eskoletako irakasle eta ikasleekin lantaldea sortzea da, haien mailaren araberako partiturak banatu eta bandarekin batera, eszenatokian 50 musikari baino gehiago daudela, interpretatu", azaldu du Fernándezek. 2022an, Jazz Go proiektua Nafarroako hiru herrietako musika eskoletan garatu dute, udal kultur zerbitzuarekin elkarlanean: Zizur Nagusiko Musika Eskolan, Noaingo Gayarren eta Zangozako Juan Francés de Iribarrenen.

Altsasun

Duela urte bat martxan jarri zuten 'Jazz Go' eta larunbatean elkarrekin kontzertua eman zuten

Larunbatean, Iortia kultur gunean, Zugardi Big Band taldeak eta Altsasuko Musika eta Dantza Eskolak eman zuten kontzertua prestatzeko lan handia egon da atzetik. Programa 2022ko udaberrian jarri zen martxan, duela urte bat, Altsasuko Musika eta Dantza Eskolak eta udalak talde instrumentalendako trebakuntza osagarriak sustatzeko proposamena onartu zutenean. Hurrengo urratsa, Zugardi Big Band egindako moldaketekin abestien partiturak banatzea izan zen. Proiektuan egurrezko haize tresnetako, metalezko haize tresnetako, ahotsa, piano eta perkusio ikasleek parte hartzen dute. Borromeo jazz bandaren eta musika eskolaren zuzendariak lanen interpretazioa eta ikasketa prozesua irakasleekin koordinatu du, eta lanak ikasturtean zehar Altsasuko Musika eta Dantza Eskolak egiten dituen emanaldietako errepertorioetan sartu zituzten.

Borromeok azaldu duenez, talde instrumentalen lengoaia duela zenbait urtez lantzen den arren, programak talde handi batean jotzeko aukera ematen die ikasleei, "musikari onekin eta musika tresna orekatuekin. Eszenatokiaren muntaia ere profesionalagoa da. Interesgarria da gure ikasleak beste musikariekin irakurtzen, entzuten eta jotzen aritzea". Fernándezek gaineratu duenez, "musika eskolak programan parte hartzera animatu dira jazz-a normalean ikasgaietan lantzen ez den genero bat delako. Irakurtzeko, neurtzeko eta adierazpenerako zailtasun pixka bat du, eta Zugardi Big Bandarekin parte hartzeak errazagoa eta interesgarriagoa egiten du".