Emakumeak eta musika

Erkuden Ruiz Barroso 2023ko mar. 20a, 13:49
Haize Berriak bandaren 'Emakumeak musikaren gailurrean' kontzertuko solistak. UTZITAKOA

Sakanako Haize Berriak bandak 'Emakumeak musikaren gailurrean' kontzertua eman zuen martxoaren 19an, igandea, Iortian. Emakume musikarien bi alderdi aldarrikatu dituzte: konpositoreak eta interpretatzaileak. Emakumeen lana ere goraipatu dute.

Kontzertu berezia prestatu zuen Haize Berriak Sakanako bandak Martxoaren 8aren Emakume Langileen Nazioarteko Egunaren harira: Emakumeak musikaren gailurrean. Aurreko urtean, Musak kontzertuan emakume konpositoreen lana goraipatu nahi izan zuten. Aurten, Ane Jaka Garmendiak bandako kideak azaldu duen bezala, emakume konpositoreak eta interpretatzaileak omendu nahi zituzten. Era berean, historian zehar garrantzia izan duten emakumeen lanak merezi duten lekuan jarri zituzten igandean, martxoaren 19an, Iortia kultur gunean emandako kontzertuan.

Jakak azaldu duenez, espainiar estatuko musika bandetan dauden emakumeen kopurua %33koa da. "Bizitzan eta gizartearen edozein arlotan bezala, eta gehienbat artean eta musikan parte hartzen dugu, baina oraindik gizonezkoekin alderatuz askoz gutxiago". Generoagatik bakarrik emakumeek "oztopo eta zailtasun" gehiago dituztela esan du. "Hori kontuan izan behar dugu eta jendeak jakin behar du; oraindik asko gelditzen zaigu egiteko". Horregatik, Emakumeak musikaren gailurrean kontzertuan emakume konpositoreen lanak intepretatu ez ezik, "guk geuk protagonismoa izatea, modu aktiboan parte hartzea" sustatu nahi dute, eta bandako zenbait emakume eta neska bakarlari ariko dira.

Kontzertuaren hiru ardatzak: emakume konpositoreak, interpretatzaileak eta historikoak

"Emakume konpositoreak egon dira historian, baina askotan itzalean. Ezagunak diren lan askoren egileak emakumeak izan dira, baina ezkutuan egon dira". Haize Berriak bandak emakume konpositoreen lana aldarrikatzeko eta azalarazteko bi emakume gazteen obrak erosi ditu: Eva Ugalde gipuzkoarraren Iratxoa, Etxarri Aranazko Abesbatza Txikiarekin interpretatutako dutena, eta Grace Baugher estatubatuarraren Remembering the Remarkables lana. "Bere obra interesgarria iruditu zitzaigun emakume oso gaztea delako eta AEBko mugimendu sufragisten omenezko lan bat delako; emakumeak lehenengo aldiz bozkatzea lortu zuen mugimendu horri esker". Abestian, metafora moduan, mendi baten igoera irudikatzen da, "emakumeen lana, zailtasunak eta oztopoak irudikatzen ditu, baina mendia igotzea lortzen dute". Musikaren bidez historia kontatuko eta aldarrikatuko du bandak.

Solistak
Emakume konpositoreen lanaren barruan, Olatz Garde bandako kideak Morriconeren Gabriel's Oboe abestian egin dituen bandarako moldaketak goraipatu ditu Jakak. "Berak askotan egiten dizkigu moldaketa lanak. Lan hori ez da askotan aipatzen edo aintzat hartzen, baina lan handia da". Gardek eta Leyre Palaciosek bakarlari moduan interpretatu zuten abestia.

Emakume musikariak eta interpretatzaileak aldarrikatzeko hiru abesti gehiagotan joko zuten bakarlariek: Clarinando abestia Lujan Mata, Aiora Dorai eta Izaro Begiristain bakarkalari izan ziren; Les Noces del Manyà abestian Maddalen Oiarbide eta Luzia Andueza aritu ziren eta Celtic Flutes kantan Ekhiñe Lumbreras eta Naroa Carrasko izan ziren solistak. "Beharren arabera aukeratu ditugu lanak. Zuzendariak aipatu zigun ea nor animatzen zen eta instrumentuen arabera lanak bilatu eta egokitu ditugu. Nik saxofoi tenorra jotzen dut eta saxofoi alto eta tenorrarekin duo bat egin nahi genuen, baina obra gutxi daude eta ez dugu bat lortu". Solista izatea "ardura handia" dela esan du Jakak: "Zutik jo behar duzu, jendearen aurrean, eta errespetu handia ematen du". Denak batera aritzen direnean, "osotasun baten parte" dira, baina bakarrik "ardura gehiago" denez "urduritasuna" senti daiteke. "Baina ausartu egin behar da, baita ohitu ere".

Bandak jo zuen beste abesti bat Rozalen abeslariaren La puerta violeta izanen da. "Modernoagoa eta ezagunagoa da. Gaur egun Rozalen mugimendu feministaren ikonoa dela uste dugu, eta gustatzen zaigu giza eskubideak eta justizia aldarrikatzen baititu". Bandako juntako kideak eta zuzendaria abestiak aukeratzen egiten duten lana goraipatu du Jakak. "Beti daude jo eta fuego lanean, eta askotan, gomendioak eskatzen dizkigute".

Emakume konpositoreak, interpretatzaileak eta Haize Berriak bandaren Emakumeak musikaren gailurrean kontzertuaren hirugarren ardatza emakumeen lana historian zehar aldarrikatzea da. Horrela, Amelia Earharti lehenengo emakume pilotuari eskainitako lana joko du bandak: Earhart. 1930ko hamarkadan bere hegazkinarekin Atlantikoa eta Pazifikoa zeharkatu zituen lehenengo emakumea izan zen. Emakumeei eskainitako bigarren lana, Amparito Roca izanen da. Jaume Teixidor Dalmauk sortu zuen pasodoblea bere piano ikaslea izandako Amparito Rocaren omenez.

Banda Haize Berriak banda ausarta eta anitza da. David Sanchezen zuzendaritzapean "kontzertuez gain, askotan kalera ateratzen gara musika herrira hurbildu behar dugulako. Jende asko ez da kontzertu batera joango, baina kalean jotzen dugunean hurbiltzen da". Zuzendari bakoitzak "bere ukitua" eman diola esan du Jakak. Sakanako adin guztietako jendea biltzen da bandan, "talde bezala hori da politena Oso aberatsa da. Elkarrengandik ikasten dugu".

 

Erlazionatuak