Ikaskideekin basoan praktikak egiten

Guaixe 2023ko mar. 30a, 09:01

Ikasleak bibaka egiteko langintzan. UTZITAKOA

Sakana Lanbide Heziketa institutuko Eskalada eta Mendi Ertaineko ikasleek praktikak egiteko ikaskideak basora eta mendira eramanen dituzte.

Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza metodologia erabiliz kirol ikasketak egiten ari dira Sakana Lanbide Heziketa institutuan. Erdi mailako zikloak dira mendi ertaineko gida izatekoa eta eskaladakoa. Bateko eta besteko ikasleek ikasketa prozesuan zehar klub bat eratu eta mendigoizaletasuna sustatzeko plan bat egin behar dute. Elkartea eratu eta plana gauzatu bitartean ikasleek hainbat gauza ikasten dute. 

Planean, esaterako, bost mendi irteera aurreikusita daude. Haietako bi errealak dira eta ikastetxean ikaskideak diren gazteekin egiten dituzte praktikak. Hala, ostiralean, Altsasuko Dantzaleku eta San Pedro aldean ibili ziren bederatzi ikasleak, irakasleak eta 30 bat ikaskide. Ikasleek hamar bat km-ko ibilbidea osatuz uzten eta ibilbidean zehar mendiarekin zaletzeko hainbat jarduera prestatu zituzten, esate baterako: tirolina, bibaka nola egin, mendira joateko motxila bat nola prestatu, orientazio proba bat, zuhaitzak eta haien hostoak nola bereizten jakin... Bi orduz ibili ziren gora eta behera. 

Bigarren irteera Aralar mendira da. Han, besteak beste, mendian orientatzeko dauden moduen berri emanen diete ikaskideei. Kirol ikasketak egiten ari diren ikasleak arduratu dira baimenak eskatzeaz, jarduerak antolatzeaz, mendira joateko autobusa kontratatzeaz eta beste. Ikasketen bidez lan arloko egoera errealak simulatzen dituzte eta haiei erantzuna emateko gaitasunak garatzen dituzte. Zorionez, orain arte ez dute ikasitako lehen sorospenak praktikan jarri behar izan.  

Sarbidea
Araubide bereziko kirol ikasketak dira mendi ertaineko gida eta eskaladakoa. Ez da nahikoa izen ematea, aurretik sarbide probak egin behar dira eta horiek egin ahal izateko izen ematea apirilaren 17tik 23ra da. Sarbide probak maiatzak 29tik garagarrilaren 1era izanen dira eta haiek pasatzen dituztenak zikloetako 1. eta 2. mailan izena emateko aukera izanen dute garagarrilaren 5etik 7ra.