64. Erramu Trofeoa

Guaixe 2023ko mar. 27a, 12:34

Apirilaren 2an, igandea, junior mailako txirrindularitza txapelketa izanen da Altsasun.

Altsasuko Kirol Elkarteak 64. Erramu Trofeoa antolatu du apirilaren 2an, igandea, 10:00etatik aurrera, elkartearen egoitzatik, Altzania kalean. Junior mailako txapelketa da eta aurtengo ibilbideak 101 kilometro ditu, Nafarroako Federazioak hala eskatuta, Espainiako Kopako probekin bat egiteko. Ibilbidean aldaketak izanen dira eta San Pedroko buelta kendu dute; hortaz, Zegamako bidegurutzerainoko buelta bitan eginen dute txirrindulariek.

2023ko Erramu Trofeoko ibilbidea, beraz, Altsasutik atera Zegamako bidegurutzera joan eta buelta Iturmendiraino, Altsasu gurutzatu berriz ere Zegamako bidegurutzeraino joateko eta bueltan Iturmendiraino joanen dira, handik Olaztira, Altamira igo eta Iturmendira joanen dira bueltan Altamira bigarren aldiz igotzeko. Altamira hirugarrenez igoko dute  helmugaraino, Altsasuko udaletxe pareraino, iritsi aurretik.