Madozek gobernuaren aitortza jaso du

Guaixe 2023ko mar. 28a, 10:01

Vicente Madoz Jauregi saria jaso berritan. NAFARROAKO GOBERNUA

Vicente Madoz Jauregi, besteak beste, Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoaren hasiera-hasieratik egon da proiektuan sartuta.

Nafarroako Gobernuak zazpi herritarri  Carlos III.aren Gurutzea saria eman zien atzo. Aitortza horrekin Nafarroako Gobernuak, dagozkien esparruetatik "Foru Erkidegoaren garapen, proiekzio eta ospeari eginiko ekarpen nabarmena" aitortu die sarituei. Haien artean dago Vicente Madoz Jauregi psikiatra. Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoa sorrera unetik ezagutzen du Madozek, Felipe Lezearekin eskuz esku lan egin zuelako. Gaur egun klinika zuzentzen duen patronatuko presidenteordea da. 

Nafarroako Gobernuak sari horrekin Madozi 40 urteko ibilbideagatik esker ona adierazi dio, "elkarri eta gehienbat, geure burua hobeto ezagutuz, pixka bat zoriontsuago izan gaitezen landu duena".  Madozek COVID-19aren pandemiak ondorenean utzi dituen osasun mentalaren arazo gero eta gehiagoren aipamena egin du eta bere esanetan, gizatasun naturala bultzatuz soilik lortuko dugu gizarte osasuntsu bat, "aurrerapen teknologikoak garrantzitsuak dira, baina ez dira gai gure bizitzari zentzu bat emateko".

Maria Chivite Navascues lehendakariak eskerrak eman zizkien "etorkizun hobea nahi dugunoi jarraitu behar diegun bidea markatzeagatik". Gaineratu zuenez, "gure herritarren artean topa genezakeen onenaren ispilu bat zarete" eta animatu egin ditu sari hori "harro" erakustera, merezitako eta eginiko esfortzua frogatzen duen aitortza delako.