Saskibaloia

CBASK-eko taldeek ez zuten jardunaldi gozoa izan

Guaixe 2023ko mar. 30a, 12:34

Maila Interautonomikoan, Gizonezkoen Bigarren Maila Autonomikoan eta Emakumezkoen Lehen Senior Mailan talde altsasuarrak ez ziren gailendu

Bigarren Maila Interautonomikoan Narum CBASK taldeak Navasket liderra hartu zuen Zelandin 21. jardunaldian. Partida estua izan zen, zaletasuna sortzen duten horietakoa, Navasketek lidergoa baitzuen jokoan. Liderra tartea ateratzen hasi zen eta azkenean 22 punturen aldearekin irabazi zuen talde altsasuarra, 80 eta 102. 
Sailkapenean Navasket taldeak eutsi dio lidergoari (39 puntu), puntu batera Logrobasket duela (38 puntu), eta Narum CBASK-ek seigarren postuari eutsi dio (32 puntu). Apirilaren 1ean, larunbata, talde altsasuarrak sailkapenean bosgarren eta arerio zuzena duen Aguerri Larraona Claret taldea hartuko du Zelandin, 18:00etan hasiko den partidan. 

Gizonezkoen Bigarren Maila Autonomikoan CBASK Ifuel taldeak bigarren porrot gogorra jaso zuen jarraian. Sailkapenean hirugarren den Navasket SM´new taldea hartu zuen Zelandin, eta 45 eta 73 gailendu ziren Navasketekoak. Bigarren Maila Autonomikoak lider berria du, Selco Electronica (40 puntu). CBASK Ifuel bosgarren da (32 puntu). Asteburuan 22. jardunaldia dago jokoan eta Gazte Berriaken kontra jokatuko du CBASK Ifuelek, apirilaren 2an, 12:00etan, Antsoainen. 

Emakumezkoen Lehen Senior Mailan bigarren fasean dago CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldea. Asteburuan seigarren jardunaldia zegoen jokoan, baina altsasuarrek atseden jardunaldia zuten. Marsuaren 24an, ostirala, hirugarren jardunaldian atzeratutako partida jokatu zuten Lizarran, Ega Perfil Oncinedaren kontra, eta 59 eta 45 galdu zuten altsasuarrek. Hala ere sailkapeneko buru jarraitzen dute (14 puntu), Ega Perfil Oncinedaren aurretik (13 puntu). Apirilaren 1ean, larunbata, CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak atzera ere Ega Perfil Oncinedaren kontra jokatuko du, kasu honetan zazpigarren jardunaldiko norgehiagokan. Partida 16:00etan hasiko da, Zelandin, eta ea altsasuarrek errebantxa hartu eta lidergoa sendotzen duten.