Altsasuko Udala berarendako betaurreko moreak prestatzen

Guaixe 2023ko api. 3a, 09:08

Altsasuarrak Dantzaleku aldean paseatzen. ARTXIBOA

Udalak Emakumeen eta gizonen berdintasunerako ordenantzaren proposamena landu du. Udal jardueran genero berdintasuna txertatuko du. Proposamenak eta ekarpenak egiteko epea zabalik dago.

Altsasuko Udalak emakumeen eta gizonen berdintasunerako ordenantzaren proposamena ondu du. Berdintasun teknikari Aizaga Zeberio Petriati teknikariak azaldu duenez, “ordenantza horrekin, orain arte egindako lana finkatu eta udal jardueraren erregulazioan aurrera egin nahi da, arlo eta prozedura guztietan aurrerapausoak emateko, eta lanaren kalitate handiagoa lortzeko”. Gaineratu duenez, “azken helburua, ezin bestela izan, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorra lortzea da, emakumeen diskriminazioa eta genero desberdintasunak sortzen eta erreproduzitzen dituzten oztopoak ezabatuz”.

Araudi berria udal bilkuran onartu baino lehen, Altsasuko Udalak kontsulta publikorako epea zabaldu du, altsasuarrek ekarpenak egiteko aukera izan dezaten. Araudia www.altsasu.eus webgunean eskuratu edo irakur daiteke. Eta bakarren batek iritzia eman edo iradokizunak eta oharrak egin nahi baditu, altsasu@altsasu.net e-posta helbidea erabil dezake haiek bidaltzeko. Epea apirilaren 11ko 14:00etan despedituko da. 

Jatorria 
Genero berdintasuna lortzeko, Altsasuko Udalak gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasunerako II. Jarduera Plana du. Plan horren 11. neurria da hain zuzen Emakumeen eta gizonen berdintasunerako Altsasuko Udalaren ordenantza egitea. Hori eginda, Altsasuko Udalak genero berdintasuna bulkatzeko bere ibilbide luzea luzatzen segitu nahi du.