Txirrindularitza

Burundaren beste bi garaipen

Guaixe 2023ko api. 4a, 09:20

Burunda klubeko juniorrak. Tartean dago Iker Gomez, ezkerretik hasita laugarrena.

Iker Gomezek juniorren XXXVIII. Atxukale Saria eskuratu zuen Azpeitian eta Ekaitz Perezek kadeteen El Caserio Valsay txapelketa irabazi zuen Tafallan

Kadeteen eta juniorren 2023 denboraldi hasi berria da eta Quesos Albeniz-Burunda taldeko txirrindulariek hasiera ezin hobea eman diote. 

Juniorren mailan XXXVIII. Atxukale Saria jokatu zen Azpeitian (87 km) marsuaren 25ean. Txirrindulariek bi aldiz igo behar izan zuten Kalbario gaina, eta 147k lortu zuten proba bukatzea. Helmugara hemezortzi txirrindulariz osatutako taldea iritsi zen batera, eta Quesos Albenizko Iker Gomezek primeran jakin zuen non kokatu, txapelduna izan baitzen (2:03:43), merezimendu osoz. Gainera, Kalbarioko bigarren igoeran lehena izan zen, eta mendiko sailkapenean bigarrena. 

Gainontzeko sakandarrak txukun ibili ziren. Adrian Martinez (Sakana Group-Alea) 29. sailkatu zen, Mikel Regil (Sakana Group-Alea) 37., Manex Zufiaurre (Sakana Group-Alea) 57., Asier Etxeberria (Quesos Albeniz)  64., Iker Agudelo (Quesos Albeniz) 68., Eñaut Oiarbide (Sakana Group-Alea) 80. eta Iker Begiristain (Quesos Albeniz) 84.

Kadeteen mailan Ekain Imazek Zarauztarra Saria irabazi zuen marsuaren 18an, eta bere taldekide Ekaitz Perezek lekukoa hartu zion igandean, marsuak 26, Tafallan. El Caserio Valsay lasterketa zegoen jokoan (53 km), eta txirrindulariek Larragako Gaina gainditu behar izan zuten. Lasterketa oso mugituan Ekaitz Perezek erasoa jo eta bakarrik iritsi zen helmugara (1:23:49). 2:23ra 10 txirrindulariz osatutako taldea sartu zen eta bertan Luca Martinez (Sakana Group-Alea) seigarren sartu zen, Ekain Imaz (Quesos Albeniz) zazpigarren eta Erik Laiglesia (Sakana Group-Alea) hamabigarren. Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Oihan Gorriti (Sakana Group-Alea) 29. sailkatu zen, Hegoi Garcia (Quesos Albeniz) 30. eta Janitz Zufiaurre (Sakana Group-Alea) 33.