Txirrindulariak

Iker Gomez Altsasuko podiumean

Guaixe 2023ko api. 3a, 11:22
Altsasuko Erramu Trofeoko podiuma. Hirugarren, Iker Gomez Lopez de Goikoetxea altsasuarra. MARTIN EARLY

Altsasu Kirol Elkarteak antolatutako LXIV. Erramu Trofeoan hirugarren sailkatu zen Quesos Albeniz taldeko altsasuarra. Bellota Goierri taldeko Gari Ugarte izan zen txapeldun handia

Euripean jokatu zen Altsasu Kirol Elkarteak antolatutako juniorren mailako LXIV. Erramu Trofeoa. Altamira hiru aldiz gainditu behar izan zuten irteera hartu zuten 117 txirrindulariek aurten luzeagoa zen proban, 101 km izan baitzituzten guztira. “Federaziotik proba luzatzea eskatu ziguten, Espainiako Kopako lasterketetan egiten dituzten distantzietara egokitzeko” azaldu zuen Altsasuko Kirol Elkarteko txirrindularitza arduradun Felix Mazkiaranek. Ibilbideko beste nobedade bat izan zen Urdiain eta Altsasu arteko San Pedroko bidea ez zela erabili. “Jende asko behar da bidegurutzeetan eta ezinezkoa zen” gaineratu zuen Mazkiaranek. 

 

Irteera antolatu zuten 117 txirrindularietatik 50ek osatu zuten proba eta 66 erretiratu egin ziren, euriaren eta gogortasunaren ondorioz. Hala ere, lasterketa azkar joan zen. Proba oso gorabeheratsuan Bellota Goierri taldeko Gari Ugartek erasoa jo eta bakarrik iritsi zen helmugara (2:107:47), bigarren sailkatu zen Robert Innova taldeko Iker Villari 42 segundo aterata). Hirugarren Quesos Albeniz etxeko taldeko Iker Gomez altsasuarra izan zen, 1:02ra. Bere taldekide Asier Etxeberria zazpigarren sartu zen, Top Tenean, 1:33ra. 

Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Adrian Martinez (Sakana Group-Alea) 11. iritsi zen, Iker Agudelo (Quesos Albeniz) 13., Eñaut Oiarbide (Sakana Group-Alea) 16., Aritz Oiarbide (Sakana Group-Alea)19. eta Manex Zufiaurre (Sakana Group-Alea) 26. 

Quesos Albenizek talde onenaren saria jaso zuen, Iker Agudelok tarteko helmugen saria eta Gari Ugarte irabazleak mendiko saria.