Astekaria

"Patriarkatuan bizitzea ez zaio inori komeni"

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2023ko api. 5a, 13:00

Asier Arizkorreta Hurtado EMAGIN pentsamendu kritiko feminista sustatzen duen elkarteko kidea. UTZITAKOA

Asier Arizkorreta Hurtado EMAGIN pentsamendu kritiko feminista sustatzen duen elkarteko kidea da eta apiriletik azarora arte maskulinitateei buruzko tailerrak emanen ditu Sakanan.

Maskulinitateei buruzko tailerrak Sakanako Mank-eko Lakuntzako egoitzan eta Altsasuko Gure Etxean izanen dira, eta berdintasun zerbitzuetan eman daiteke izena.

1. Zer helburu ditu maskulinitateei buruzko tailerrak?
Gizonezkoak emakumeekiko ditugun pribilegioak eta erraztasunak pentsatzeko dira. Gai eta arlo pila bat aurkezten zaizkigu: feminismoan zer egin dezakegun, zein da gure papera, autokritika pixka bat egin eta patriarkatua guri ere ez zaigula komeni aztertzea. Patriarkatuak gure aurka jotzen du ere, inori ez zaio komeni horretan bizitzea.

2. Zergatik parte hartu behar dute gizon sakandarrek?
Hutsune bat dago. Feminismoan emakumeak egon dira lehen lerroan, eta gizonak atzean gelditu gara; ez diegu gure betebeharrei heldu. Aukera bat da horri heltzeko. Saioetara oso gogotsu datoz, baita urduri eta beldur pixka batekin ere; baina etorri badira da zerbait mugitu zaielako eta behar bat ikusi dutelako. Tresna berriak aterako dituzte, emakumeekin zein gizonekin erlazionatzeko tresna osasuntsuagoak, eta prozesu edo proiektu politiko eta herriko konpromiso bat martxan jarriko dute. Polita izango da.

3. Bederatzi saio dira, apiriletik azarora, Lakuntzan edo Altsasun.
Eta espazio seguru batean, non ez dira epaituak izango. Barruko gauzak landuko ditugu eta eroso sentitu behar dira edozein gauza esateko, astakeri bat bada ere. Hortik helduko diogu eta landuko dugu. Guztietan azalpen teoriko bat egongo da eta gero lurreratzen eta errealitatera ekartzen joango gara. Adibide pertsonaletik ere. Taldearen konpromisoa ere oso garrantzitsua da.

4. Maskulinitate berrien beharraz galdetzen hasiko zarete.
Galderak egitea tresna izugarria da. Batzuetan ez dugu lortuko galderak erantzutea eta beste batzuetan gehiagorekin aterako gara. Maskulinitateak aztertuko ditugu: zer da gure maskulinitatea, zer behar daukagun aldatzeko edo ez, zer suposatzen duen aldatzeak edo birpentsatzeak... Ez badugu ezer egiten gure pribilegio postuan jarraituko dugu.

5. Sexu-genero sistema izanen da bigarren gaia.
Inposatutako sistema batean bizi gara, kapitalismoa edo demokrazia bezala: sexu-generoa. Sekulako eragina du gure bizitzan. Nola osatzen den, zer estereotipo sortzen dituen, nondik datorren ikusiko dugu.

6. Barrura begiratzen indarkeria kanporatzeko. Hirugarren saioa sakona, ezta?
Gure maskulinitatea bizitzaren esparru desberdinetan ikusiko dugu, eta ikasitakoaren arabera nola kanporatu, zer tresna erabili...

7. Hausnarketatik gorputzera pasako zarete laugarren saioan.
Gure gorputzean zentratuko gara. Batzuetan ez gara kontziente gure gorputzak zer inpaktu daukan. Nola mugitzen gara, besteen aurrean nola azaltzen gara, haserretzen garenean gure gorputzak indarkeria sortzeko tresna ere bada nahiz eta nahi ez izan.

8. Maitasun erromantikoa beste gai bat da.
Beste gai potolo bat. Patriarkatuan maitasun erromantikoaren ideia oso sartuta eta onartuta dago, min asko sortzen duena. Horri erreparatuko diogu. Harreman sexu afektiboak baditu bere estereotipoak ere.

9. Feminismoan murgilduko zarete.
Saio teorikoena izango da. Guk daukagun pribilegio handi bat da edozein arlotan erreferentziak ditugula. Gure ardura da ikustezintasunarekin amaitzea. Horretarako ezagutu behar ditugu beste erreferenteak daudela. Feminismoaren errepaso bat eginen dugu, eta, gizonezko erreferenteak errepasatuko ditugu, ea hor egotea merezi duten ikusteko.

10. Zertan datza gizonezkoen korporatibismoa eta anaitasuna?
Gizonen artean gizonak izateagatik komentario batekin ere gauza asko ulertzen ditugu. Hori oso lagungarria izan daiteke, baina ez dugu modu positiboan erabiltzen. Guztiz kontrakoa, zapaltzeko egiten dugu. Kuadrillak, laguntasuna... Beste gai potolo bat da. Batzuetan familia kideei eta lagunei aurre egin behar diegu, eta asko kostatzen da. Arlo horietan zer karga matxista eta zer tresna mugitzen diren ikusiko dugu.

11. Amaitzeko, eraso sexista baten aurreko jarrera eta konpromisoak hartuko dituzue.
Eraso baten aurrean askotan agertzen zaigu heroiaren ideia; nik honekin akabatuko dut. Horrek ez du asko laguntzen. Sekulako meloia irekitzen dugu: zer egin erasotzaileekin eta benetan nola lagun dezakegun. Beharrezkoa da. Saioekin bukatzeko eta prozesua ixteko, prozesu bat delako, eztabidatzeke gelditu diren gaiak landuko ditugu eta konpromisoak hartuko ditugu. Oso garrantzitsua da konpromisoak hartzea.