Saskibaloia

CBASK Narum final laukorako sailkapen faserako sailkatu da

Guaixe 2023ko api. 5a, 13:20

Maila Interautonomikoan eta Emakumezkoen Lehen Senior Mailan talde altsasuarrak ez ziren gailendu, baina Gizonezkoen Bigarren Maila Autonomikoan garaipen sendoa lortu zuen CBASK Ifuelek

Bigarren Maila Interautonomikoan 22. jardunaldia jokatu zen, lehen faseko azken jardunaldia. Narum CBASK taldeak lehia oso estua izan zuen Aguerri Larrona Claret arerio zuzenarekin, eta azkenean Aguerrikoak gailendu ziren, 10 punturen aldearekin (77 eta 87). 
Sailkapenean Navasket izan da lehen faseko irabazlea (40 puntu), Logrobasketi puntu bat aterata (39 puntu). Narum CBASK-ek seigarren postuari eutsi dio (33 puntu). Horrela, Final Laukorako sailkapen faserako sailkatu da Narum CBASK. 

Final Laukorako sailkapen faseko lehen jardunaldian, Aste Santuaren ondoren, apirilaren 15ean, Narum CBASK-ek Humiclima izango du aurkari, 17:20ean, Berriozarko kiroldegian. 

Gizonezkoen Bigarren Maila Autonomikoan ligako 22. jardunaldia egon zen jokoan eta azken bi porrotak atzera utzita, urrea balio duen garaipena lortu zuen CBASK-Ifuel taldeak, Gazte Berriak taldeari 46 eta 65 irabazi eta gero. Selco Electronica taldeak eutsi dio lidergoari (42 puntu), Navasket taldeari puntu bakarra ateratzen diolarik. CBASK Ifuel bosgarren da (34 puntu). Aste Santuko oporren ondoren ekingo zaio ligari. Apirilaren 15ean CBASK-Ifuelek Anaquel IES Valle del Ebro hartuko du Zelandin, 16:00etan. 

Emakumezkoen Lehen Senior Mailan bigarren fasean murgildurik dago CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldea. Apirilaren 1ean CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak Ega Perfil Oncinedaren kontra jokatu zuen, Zelandin. Partida oso borrokatua izan zen, eta azkenean Lizarrakoak gailendu ziren, 6 punturen aldearengatik (37 eta 43). Sailkapenean Ega Perfil Oncineda da liderra (21 puntu) eta CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldea laugarren postura jaitsi da (18 puntu). Apirilaren 18an talde altsasuarrak Valle de Egües hartuko du, 17:50ean, Zelandin.