Ezker Batuak eta hainbat errepublika zalek deituta, Altsasuko udaletxe parean Soldadu Langile Batailoietakoen omenez eraikitako oroigarriaren inguruan elkartu ziren hainbat altsasuar. Arturo Carreño Parrasek hitza hartu eta errepublikaren alde bizia eman zutenak izan zituen gogoan. Baita Agurain eta Beasain artean trenbidean gatibu lanean aritu ziren eta Altsasuko tren geltoki ondoko biltegi batean lo egiten zuten errepublika zaleak ere.
Carreñok azaldu zuenez, “Errepublikarena distira, ikasketa, osasun publiko eta unibertsalaren, lurren lanketaren, aberastasunaren banaketa justagoaren garaia izan zen. Demokraziak bidea hasi zuen”. Estatu kolpeak eta ondorengo gerra zibilak horrekin bukatu zuela gaztigatu zuen Ezker Batukoak: “Alemaniak eta Italiak lagunduta, Francok eta bere armadak bideraezin egin zuten. Herri guztia kontzentrazio eremuz josi zuten eta haietan preso sartu zituzten errepublikazaleak, sozialistak eta komunistak. Haietako asko exekutatuak izan ziren”. Ezker Batuko kideak zerrendatu zuen “40 urteko diktadurak ekarri zuena: askatasunen galera, polizia zaintza, desberdin pentsatzeagatik atxiloketak, espetxeratzeak, fusilatzeak eta erailketak... Estatu guztian barnako ezponda eta hobietan oraindik 80.000 fusilatu eta eraildakoen gorpuak daude”.
Hura guztia bizi izan zuten gehienak hilak badaude ere haien ondarea eta historiak gelditzen direla nabarmendu zuen Carreñok. Horiekin “Historia Memoria osatzen da, ezagutarazteko eta zabaltzeko eskola eta unibertsitate guztietan”. Aitortza berezia egin zien gatazkan parte hartu eta haren ondorioak pairatu zituzten emakumezkoei ere. Eraildakoen gorpuak “jende askoren lanari esker” pitteka berreskuratuak izaten ari direla azaldu zuen.