Astekaria

"Gizarte mailan aldaketak lortzen dira; txikiak, baina badira"

Erkuden Ruiz Barroso 2023ko api. 18a, 14:00

Jone Arnedo Solis Paris 365 fundazioko gizarte langilea jantokiaren sarreran. PARIS 365

Jone Arnedo Solis gizarte langile altsasuarrak Iruñeko Paris 365 fundazioan lan egiten du. Egoera zaurgarrian dauden pertsonak laguntzen ditu, besteak beste.

Paris 365 Iruñean dagoen fundazio bat da. Jantokia, janari biltegia eta bigarren eskuko dendak ditu, besteak beste, eta helburua bazterkeria egoeratan dauden pertsonak eta familiak laguntzea da. Jone Arnedo Solis gizarte langile altsasuarrak urte bat eta erdi inguru darama bertan lan egiten. Lana etxera ez eramaten saiatzen den arren, kasuren baten batekin "buruko minak" dituela aitortu du. Batzuetan lan zaila den arren, besteak laguntzea pozgarria dela esan du altsasuarrak. Egoerak "okerrera" egin duela nabaritu du.

Zein da gizarte langilearen lana?
Egoera, area edo eremu desberdin pila bat egon daitezke gure lanean, baina nire kasuan egoera ekonomiko oso zaurgarrietan dauden pertsonei laguntza ematean datza. Pertsonalki eta taldeka beraiekin egoten gara eta tramiteak egiten laguntzen ditugu ere bai. Laguntza hori ematea. Egunerokotasunean tramite eta beste gauza askotan laguntzen ditugu ere bai.

Zergatik erabaki zenuen gizarte langilea izatea?
Hasieran zalantza pila nuen. Banekien letrekin zerikusia zuen zerbait ikasi behar nuela, hori ziur nuen, eta gizartearekin zerikusia zuen zerbait egin nahi nuela. Gizarte Langintza karreran sartu nintzenean ez nuen oso argi zertan bukatuko nuen, eta gustura bukatu nuen, egia esan.

Noiz hasi zinen Paris 365 fundazioan lanean?
Unibertsitateko laugarren mailan praktika kurrikularrak Iruñeko fundazio honetan egin nituen. Lau edo bost hilabetez egon nintzen praktikak egiten, gutxi gorabehera, eta gero ordezkapen bat egiteko proposatu zidaten. Ordezkapena bukatuta lanean gelditzea eskaini zidaten. Urte eta erdi inguru daramat bertan. Gasteizen praktikak bilatzeko orduan pixka bat konplikatu zitzaidan gauza eta, egia esan, niretzako Nafarroan lan egitea errazagoa da. Gasteizen ikasi nuen, eta lau urtez Euskal Autonomi Erkidegoko sistema ezagutu ondoren, Nafarroako sistema ezagutu nahi nuen ere bai; gainetik ezagutzen nuen, baina ez gizarte langintzaren eremuan. Hasieran beste eremu batean egin nahi nituen praktikak, beste entitate batean, eta ez goi mailako gizarte bazterkeria delakoan. Garai horretan ez nuen horretan lan egin nahi, ez zidan atentzioa ematen, baina orain bai, oso gustura nago.

Sistema asko aldatzen da?
Bai, aldatzen da. Ez da aldaketa oso handia, ez dira sistema hain desberdinak, baina aldatzen dira. Nafarroan legediak, dekretuak eta tramiteak nola ziren ez nuen ezagutzen.

Zein da zehazki zure lana?

"Harrera programan lan egiten dut beste bi gizarte langilerekin"

Harrera programan lan egiten dut beste bi gizarte langilerekin. Jantokira edo fundazioaren beste baliabidetara iristen den jende berriari harrera egiten diegu. Fundaziora etortzean baliabideetara sartzeko gurekin bildu behar dute bai ala bai, eta lehenengo elkarrizketa indibiduala izaten dugu beraiekin. Diagnostiko bat egiten dugu eta izan ditzaketen beharrak identifikatzen ditugu. Horren arabera beste entitate edo baliabide publikoetara orientatzen ditugu, eta horretaz gain,kasuaren arabera, baliabideetara sarrera ematen diegu edo ez.

Zeintzuk dira Paris 365 fundazioaren baliabideak? Zein da bere funtzionamendua?

"Paris 365 fundazioak hainbat baliabide ditu: jantokia, biltegia, dendak..."

Fundazioak hainbat baliabide ditu. Garrantzitsuenak jantokia eta biltegia dira. Jantokia 18 urtez gorako pertsonentzat da. Egunero bazkaltzera eta afaltzera datoz. Horregatik deitzen da Paris 365, egunero irekita dagoelako. Gero despentsa edo biltegia dago. Horretara, bere gain adingabeak dituzten familiak joaten dira. Banaketa hori egiten da jantokia ez delako adingabeentzako espazio bat, bazkaltzeko eta afaltzeko orduetan ikastetxean daudelako. Jantokian guk kozinatzen dugu, nik pertsonalki ez, baina jantokiaren sukaldean egiten dituzte bi otordu egunero eta biltegian ematen zaizkienak jaki eta elikagai freskoak dira: lekaleak, barazkiak, haragia, arraina... Horrela bermatzen dugu adingabeak ongi elikatzen direla haien espazioan, nahiz eta askotan bizi diren etxebizitzak ez diren espazio seguruak, baina behintzat haien nukleoan daude. Jantokia etxea ez dutenendako espazioa ere bada, gizarteratzeko eta sozializatzeko.

Jantokia nortzuk erabiltzen dute? Zer baldintza bete behar dituzte?
Bazterkeria egoeran dauden, sare sozialik edo familiarrik ez duten eta ekonomikoki egoera oso zaurgarrian dauden pertsonak. Prestazio ekonomikoa jasotzen duen pertsona bat egon daiteke, baina sare sozialik ez izatea. Egia esan, egoera ekonomiko zailak dituzte denek, profila hori izaten da.

Luzerako izaten da?

"Jantokia positiboa da autonomoak direlako; xedea hortik ateratzea da"

Bi kasu desberdin izaten ditugu. Jantokiaren kasuan badaude pertsonak, agian gazteagoak direnak, migranteak, eta egoerak berak behartzen ditu jantokian egotera. Baina beraientzat positiboa da autonomoak direlako eta helburua jantokitik ospa egitea da. Hori da gure xede nagusia, hortik ateratzea eta errotazioa egotea. Kostatzen ari zaigu, egia esan. Gero badago beste profil bat agian parametro guztiak betetzen dituena baina sozializatzea behar duena. Alor horretan muga asko dituzten pertsonak dira, bazterkeria handia jasaten dutenak, kontsumo problematikak dituztenak... Jantokiak hori ematen die. Azkenean, beraientzako errutina bat bilatzea da; bizitza egituratzea. Ordu jakin batean joan behar dira bazkaltzera, afaltzera... Konpromiso bat hartzen dute, eta beraientzako ona da. Profil hori denboran luze mantentzen da, baina ez dira asko, hamar bat egongo dira egoera horretan. Beste guztien helburua hortik ateratzea da.

Zenbat pertsonarekin aritu zara?
Ez dakit, pila bat.

Eta kasuak jarraitzen dituzu?
Hilabetean behin, gutxienez, jarraipenak izaten ditugu, baina egia esan asko egunerokoak izaten dira. Egoera oso zailak izaten dira, esaterako, indarkeria matxista jasan duen emakume batekin, ezin duzu hilabetean behin bakarrik egon, ia-ia egunero egon behar duzu. Egon daitezke beste zenbait egoera oso zailak lagundu behar dituzunak.

Gizarte langileak baino gehiago bihurtzen zarete, familia.
Bai eta ez. Nik uste barrera hori jartzea beharrezkoa dela. Beraientzako eta guretzako ere bai. Sistema publikoan erreferenteak dituzte eta izan behar dituzte. Guk ez dugu ahalmenik prestaziorik tramitatzeko ezta gauza asko egiteko ere. Guk laguntza eskaini diezaiekegu, ezin dugu dependentzia sortu.

Eta nola lortzen da?
Nik uste denborarekin sortzen dela eta sortu behar duzula. Ateratzen da.

Urte eta erdi honetan aldaketaren bat egon dela nabaritu duzu? Erabiltzaile gehiago daude?
Bai, asko nabaritu da. Praktikak pandemia hasita zegoenean hasi nituen eta pandemiarekin profila aldatu da, batez ere familiena. Agian lehen bazeuden mugan zeuden familiak, esan nahi dut, dituzten diru sarrerekin gutxi gorabehera hilabete bukaerara arte iristen zirenak, baina orain ABEEekin (Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedienteak), EEEekin (Enplegu Erregulazioko Espedienteak) eta horrelakoekin dagoeneko muga pasa dute, eta janaria hartzen ari dira. Perfila aldatzen joan da. Migrazio asko egon da ere, beti daude fluxuak, mugitzen joaten da, baina Ukrainiako gaiarekin asko mugitu da. Nahiko gainezka gaude. Jantokian 70 plaza ditugu eta biltegian beste 70. Biltegian denbora mugatuaz egoten dira, sei hilabete bakarrik, eta tarte hori bukatzen denean atera behar dira. Normalean egoera askoz dezenteagoarekin ateratzen dira. Orain beteta gaude eta egunero etortzen zaizkigu lau edo bost pertsona berri. Ezetz esan behar diegu; esan behar diegu ezin dutela gurekin bazkaldu edo afaldu. Eta jatea oinarrizkoena da.

Nola kudeatzen dituzue kasu horiek? Beste biderik badute?
Iruñean beste jantoki bat dago, udalarena dena, eta hori ere aspaldi beteta dago. Ez dago baliabide gehiagorik. Horretan lanean ari gara.

Beraz, zer egoeratan zaudete?

"Larrialdiko baliabide bat gara, helburu nagusia oinarrizkoena betetzea da: elikadura"

Pixka bat zaila izaten ari da. Kostatzen da ezetz esatea. Larrialdiko baliabide bat gara eta gure helburu nagusia hori asetzea da; elikadura, oinarrizkoena dena, betetzea. Momentu honetan ez dugu betetzen badakigulako ezetz esaten diogun pertsona horrek ez duela jango. Badakizu ez duela beste irtenbiderik edo dituenak oso gutxi direla. Etortzen den jendea zitan hartzen dugu eta azaltzen diegu gure sistema nolakoa den, zergatik ez diren sartzen eta saiatzen gara azaltzen erroldatuta badaude nora joan daitezkeen. Baina erroldaturik ez badaude ez dira sartzen sistema publikoan eta handik ere kanpo gelditzen dira.

Irtenbiderik badago?
Nafarroako Gobernuarekin eta Iruñeko Udalarekin lanean ari gara, gu eta kolektibo honekin lan egiten duten beste entitate asko. Noizean behin biltzen gara, azken denboraldi honetan nahikotxo, erantzun bat emateko eta politikoki eragiteko.

Onera egingo duela uste duzue?
Nik esango nuke ezetz. Ez dakit lankideek zer esango luketen, baina momentu honetan nik ez dut ikusten hobera egingo duenik.

Garai txarrak datoz.
Dudarik gabe. Prezioak igotzen ari dira, etxebizitzaren gaia, Iruñean behintzat, oso gaizki dago. Astakeriak egiten ari dira etxebizitzaren eta alokairuen prezioekin...

Langileak ez ezik, Paris 365an boluntarioak daude ere.

"Boluntarioak gure oinarria dira; haiek gabe Paris 365 ez zen aurrera aterako"

Boluntarioak gure oinarria dira. Boluntariorik gabe Paris 365 ez zen aurrera aterako. Laurehun bat boluntario dira eta baliabide guztietan daude. Jantokikoak ia garrantzitsuenak dira egunero daudelako, bazkaltzeko eta afaltzeko orduan, asteburuetan, eguberrietan... Bigarren eskuko bi denda ditugu eta bertan langileak eta boluntarioak daude ere bai. Mutiloan nabe bat dugu eta bertan jendearen donazioak hartzen ditugu eta han ere boluntarioak daude. Leku guztietan daude.

Zer egin daiteke laguntzeko?
Bazkide pila bat ditu, 700 bat. Bakoitzak nahi duen ekarpena egiten du, urtero edo hilabetero, ahal duenak ahal duena. Enpresek ere donazioak ematen dituzte, eta badago gauzak eramaten dituen jendea. Adibidez, eguberrietako aginaldoa ematen dizute eta zuk dohaintzan ematen duzu. Soberan dagoen arropa guztia bigarren eskuko dendarako eman daiteke edo asteazken goizak boluntario bezala lanean pasa. Horrek ere laguntzen gaitu.

Proiektu gehiago lantzen dituzue?
Jantokia, biltegia eta dendez gain, Zopa beroa deitutako programa bat dugu. Azaroan hasten da eta martxo bukaerara arte irauten du. Boluntarioak astean hirutan ateratzen dira, 20:00etatik 22:00 edo 23:00ak arte eta furgoneta batean zopa eta larrialdiko kit-a deitzen dioguna daramate: motxilak, lo zakuak, mantak, arropa... Gizarte langileok markatzen diegu ibilbide bat, badakigulako non dagoen jendea lotan, gutxi gorabehera, eta furgonetarekin zopa banatzera, sinbolikoa dena, joaten dira. Gutxieneko kobertura ematen die. Manta bat behar badute edo motxila bat. Baina batez ere beraiekin unetxo bat egoteko da. Beraiek ere duintasun pixka bat izateko: nire bila etorri dira; zopa ematera eta nirekin egotera etorri dira. Badago jendea, eta kasu jakin bat datorkit burura, hiru edo lau urte daramatza kalean. Boluntarioek programan errepikatzen dute, eta badakite hor jarraitzen duela. Azaroa iristeko esperoan egoten da programa hasteko. Jantokian badugu espazio bat Txokoa deitzen dena eta bertan aisialdi espazio bat dago. Orokorrean lan egiten dugun kolektiboak ez duelako aisialdirako sarrerarik sikiera. Ikastaroak egiten ditugu, aisialdiko gauzak, mahai jolasak, irteerak, gaztelania klaseak astean bitan eta abar. Beraientzako jarduerak egiten ditugu.

Egoera zailak bizi izan dituzu?
Bai. Inplikazio emozionala gutxi izan behar da, bestela jaten zaitu. Egoera oso-oso zailak bizi izan ditut. Haien kasua kontatzen hasten dira eta pentsatzen duzu, "ezin da gehiago konplikatu?". Bada, bai. Konplikatu daiteke. Gehienbat beste herrialdeetatik datorren jendea, espektatiba batzuekin etortzen da eta gero ez dira espektatiba horiek betetzen. Bete beharreko epeak daude eta kostatzen da. Ez bakarrik ezetz esatea. Nahiz eta prozesu horretan lagundu, prozesuak batzuetan denboran asko luzatzen dira, eta beraientzako oso zaila da. Badira batzuk agian urte bete daramatela diru sarrerarik gabe. Denbora asko da. Adingabeekin datorren familia bat badago, diru sarrerarik gabe, aurrezkirik gabe eta jatekorik gabe. Egoera horiek oso zailak dira.

Lana etxera eramaten duzu?
Orokorrean ez. Badaude kasu puntual batzuk egon naizela etxean buruko minarekin ez dakidalako nola atera, zer irtenbide eman, baina egia da lan taldean egiten dugula eta horrek laguntzen du. Bakoitzak indibidualki egiten ditu zitak eta ni kasu batzuetan erreferentea naiz eta nire lankideak beste batzuetan, baina talde mailan hartzen ditugu erabaki nagusiak eta gerta liteke kasuren batean ni trabatuta geratzea eta beste lankide batek aldiz nola landu jakitea.

Egoera pozgarriak egongo dira ere, ezta?
Bai. Espazio polita da. Beraientzako oinarrizko-oinarrizkoena jatea da eta horrekin bakarrik bada. Tripa betearekin hobe pentsatzen da. Hori izanda prozesu guztiak hobe doaz.

Behin ateratzen direnean, itzultzen dira?
Bai, asko, eta gainera boluntario bezala datoz.

Bertan lan egitearen alde onak?

"Lanaren onena: Jendea laguntzen duzu, eta orokorrean oso esker onekoak dira"

Askotan etxera gaizki joaten naiz, badakidalako pertsona bat kalean lo egiten dagoela eta ezin dudala lagundu edozein arrazoiengatik, baina gero pentsatzen dut eta esaten dut: "beno, horretan lanean nago eta lortu dut behintzat pertsona horrek egunero jana izatea eta badauka orain erreferente bat prozesu horretan lagunduko diona". Orokorrean ateratzen dira. Gutxi dira gelditzen diren kasuak. Alde onak, asko. Jendea laguntzen duzu eta gero orokorrean oso esker onekoak dira. Beste entitateekin lanean gabiltzanez gizarte mailan aldaketak lortzen dira. Gutxi eta txikiak, baina gauzak lortzen dira. Kostatzen zaigu, baina gauzak lortzen ditugu. Polita da zientzia politiko honetan lan egitea.

Altsasun kaletik zoazenean, lanetik kanpo, eta kalean bizi den norbait ikusten duzunean, zer sentitzen duzu? Zerbait egiten duzu?
Gainera supermerkatu batetik gertu bizi naiz eta ondotik pasatzen naizenean eta norbait ikusten dudanean pentsatzen dut ea zer egoeratan egon daitekeen pertsona hori. Egia da asko ezagutzen ditudala Iruñetik pasatzen direlako. Denak ez, baina asko bai. Zer egoeratan biziko den pentsatzen dut eta aukera badut beraiekin hitz egiten gelditzen naiz, zerbait behar duten galdetzen diet, zerbaitetan lagundu dezakedan... Ez da supermerkatura sartu eta zerbait erostea, eta orientatzea baizik. Esatea Altsasun aterpe bat dagoela, Iruñera joan daitekeela eta bertan beste aterpe bat dagoela..