"Lasterketa oso ongi kontorlatu dugu". Iker Mintegi altsasuarra laugarren sailkatu zen apirilaren 16an Duranan, Araban, jokatutako afizionatuen 54. Eusebio Velez Trofeoa, Mendiz Sari Nagusian. Eraso saiakera ezberdinak izan ziren lasterketan, Laboral Kutxa taldeak ongi kontrolatu zituenak, eta helmugara bi txirrindulari iritsi ziren batera. Esprintean Laboral Kutxako Nicolas Alustiza gailendu zitzaion Telcom taldeko Edgar David Cadenari (3:14:10). Hamalau segundora tropel nagusia sartu zen, eta Bizikleta.com taldeko Haritz Felix Azurmendik lortu zuen hirugarren postua, Laboral Kutxako Iker Mintegi Claverri gailenduz. Finisher taldeko Aimar Tadeo Top 15ean sailkatu zen, hamabosgarren izan baitzen, denbora berean. Jon Gil lakuntzarra (Gomur Cantabria) 22. sartu zen, talde nagusian, eta Andoni Ocaña urdiaindarra (Qoda Construcciones) 76. postuan (3:18:50).
Mintegik Euskaldun Txapelketako lider jarraitzen du (71 puntu), Rural Kutxa-Alea taldeko Julen Arriolari sei puntu aterata (65 puntu). Bederatzi lasterketa geratzen dira Euskaldun Txapelketa erabakitzeko. Duranakoa jardunaldi borobila izan zen Laboral Kutxarendako: garaipena eta Euskaldun Txapelketako lidergoari eustea.