Musika eta dantza eskolan izena emateko hilabetea izanen da

Guaixe 2023ko api. 24a, 11:30

Musika eskolako zeharkako txirula ikaslea eta irakaslea entzunaldi batean. UTZITAKOA

Matrikula epea gaurtik maiatzaren 24ra egonen da zabalik 

Altsasuko udal musika eta dantza eskolak heldu den ikasturterako izen ematea zabalduko du. Ikastetxean musika ikasketak egin nahi dutenek izena emateko bi modu izanen dute: udalaren www.altsasu.eus webgunea edo eskolako idazkaritza (astelehenetik ostegunera 15:30etik 20:00etara eta ostiraletan 10:00etatik 13:00etara). Altsasuko Udalak matrikularen prezioak bere horretan mantendu ditu eta haien berri eskolaren webgunean jaso daiteke.  

Eskaintzari dagokionez, eskolaren adar ofizialean honako instrumentuak jotzen ikasi daiteke: kantua, txistua, gaita, alboka, akordeoia, trikitixa, klarinetea, biolina, gitarra klasikoa, gitarra elektrikoa, baxu elektrikoa, tronpeta, tronboia, bonbardinoa, tuba, saxofoia, zeharkako txirula, pianoa, perkusioa. Horretaz aparte, ikasketetan sakontzeko balio duten musika instrumentu taldeak daude eskolan. Musika hizkuntza ikasketak ere baditu, baita 3 eta 6 urte bitarteko haurrendako musika eta mugimendua ikasketak ere. Adar ofizialaren eskaintza euskal dantzen taldearekin osatzen da. 

Irakaskuntza araututik kanpo musika instrumentu bat jotzen ikasteko aukera ere badute 16 urtetik gorakoek Altsasuko udal musika eta dantza eskolan. Adar ez ofizial horretan honakoak dira ikas daitezkeen instrumentuak: kantua, txistua, gaita, alboka, akordeoia, trikitixa, klarinetea, biolina, gitarra klasikoa, gitarra elektrikoa, baxu elektrikoa, tronpeta, tronboia, bonbardinoa, tuba, saxofoia, zeharkako txirula. Taldekako klaseak dira eta astean ordu bateko iraupena dute. 

Informazio gehiago

  • www.altsasumusikadantzae.wixsite.com/eusk
  • musikaeskola@altsasu.net
  • 948 564 581