Elkartasuna praktikatzeko dei anitza

Guaixe 2023ko api. 21a, 14:49
Elkartasun azokako antolatzaile eta laguntzaileak.

Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak, Sakana Harrera Haranak eta Altsasu Bigarren Hezkuntza Institutuak hainbaten laguntzarekin 2. Elkartasun Azoka antolatu dute Altsasun. Igandean izanen da, 11:00etatik 14:00etara, Baratzekobide plazan; euriarekin, frontoian. 

Anitzarteaneko Begoña Zestau Baraibarrek azaldu du ekimenak hainbat helburu dituela. Batetik, “etxean egoera onean eta erabiltzen ez ditugun gauzei bigarren bizia ematea. Eta, horri lotuta, ditugun kontsumo ohiturei buruzko hausnarketa bulkatu nahi dugu”. Horregatik, ilbeltzaren 13tik gaur arte, 10:00etatik 13:00etara, garai batean Sociedad Deportiva Alsasua taberna zena zabalik egon da, herritarrek eramandako materiala jasotzeko. Liburuak, jostailuak, arropa, kafe jokoak eta beste egonen dira salgai.  

Bestetik, “ekonomia egoera zaila dutenei erraztasuna eskaini egoera onean dauden produktuak modu onean eskuratzeko. Azkenik, saldutakoarekin ateratako dirua ibarreko gizarte erakunde bati bideratuko diote. Aurten Sakanako Anfas izanen da. Horregatik, erakundea ere presente izanen da azokan. Ezer saldu gabe geldituz gero, Elkarri Laguntza elkarteari emanen diote. 

Azokan salmenta mahaiaz aparte, txoko gehiago ere izanen da. Batean gozoak dastatzeko aukera izanen da, bestean pintxoak, jolasean aritzeko aukera izanen da, baita hennarekin gorputz atalak edertzeko ere. Hainbat jatorritako sakandarren esaerak jaso dira liburu handi batean, eta haiek irakurtzeko aukera izanen dute interesa duten guztiek. Gainera, liburuari ekarpena egiteko aukera ere izanen da. 

Txokoz txoko dabilenak Help-NA gobernuz kanpoko erakundearen jarduna zein den ezagutzeko aukera izanen du. Beste batean Altsasun dauden hainbat ama hizkuntza ezagutzeko aukera izanen da. Txokoetako batean erakutsiko du zurrumurruek elkarbizitzari zer nolako kaltea egiten dioten, eta haiei aurre egiteko zer egin daitekeen azalduko dute. Nahi duenak hausnarketarako txokoa ere izanen du.