Ane Amenabarro

"Errefuxiatuei harrera egin eta horien autonomia sustatzen dugu"

Ane Amenabarro Auzmendi, Gurutze Gorriko gizarte langilea. IÑAKI RUBIO MENDOZA

Altsasuko Otadiako Kristo Deuna aterpean lanean dabil Ane Amenabarro Auzmendi, Gurutze Gorriko erakundearen  Errefuxiatuen Programan. 

Otadiako Kristo Deuna gazteendako aterpea 2021ean itxi zuen Nafarroako Gobernuak, eta asmo humanitarioarekin zabaldu zuen berriz ere joan zen urtean, Ukrainako gerratik ihesi zihoazen errefuxiatuak hartu asmoz. Egun, hamaika nazionalitate eta kultura hartzen ditu, eta beren herrialdeak halabeharrez uztera bulkatutako pertsonak aterpetzen dituen zentro prestatuenetarikoa da Nafarroan. Gurutze Gorriak kudeatzen du aterpea, Nafarroako Gobernuaren zesio baten bidez, nahiz eta Espainiako Gobernuko Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazioen Ministerioak programa hori finantzatzen duen. Ane Amenabarro Auzmendi gizarte langilea da, eta zentroa kudeatzeaz aparte, bertatik bertara ezagutzen ditu bertakoen istorio eta bizipenak. 

Jatorri askotariko pertsonak aterpetzen dituzue Otadiako Kristo Deuna aterpean. Zein da horien soslaia?
Nazionalitateari dagokionez, hegoamerikarrak dira nagusi; kolonbiarrak, venezuelarrak eta perutarrak. Ukrainarrak ere asko dira, baita siriarrak eta marokoarrak ere. Bestalde, adin tartea oso zabala da, bi urtetik hasita 84 urtera artekoa. Noski, erabiltzaile zaharragoak eta gazteagoak ere izan ditugu. Hori bai, ez dago "inoren ardurapean ez dagoen adingaberik"; familiak dira gehienak, eta bakarrik etorritako helduak ere bai. Ukrainarren kasuan, emakumeak eta umeak gailentzen dira, gizonak beren herrialdean geratu baitira, gudan. Dena den, gizonak ere badatoz gatazka armatuetan  murgildutako herrialdeetatik, desgaitasunen bat dutenak edota adinekoak, esaterako. 

Halere, gerratik ihesi datozenak, ukrainarrak eta siriarrak batez ere, ez dira gehiengoa. Errefuxiatu askok errepresio handia pairatu dute beren sexu orientazio edota genero identitatearen harira, baita arrazoi politikoengatik ere, beren herrialdeetatik halabeharrez ihes eginez. Aterpean, hegoamerikarrak dira horiek, oro har. 

Astuna da gainean daramaten motxila?
Bai, oso pisutsua da, egia esan. Garrantzitsua da azpimarratzea pertsona horien migrazio prozesua ez dela gure artean ikusten dugunaren antzekoa; ez dira borondatez etorri, beren herrialdea atzean uztea beste biderik izan ez dutelako baizik. Errefuxiatuak dira. Oso azkar alde egin behar izan dute beren etxeetatik, eta prozesu migratzaile luze bat pasa ondoren heldu dira, kasu honetan Altsasura. Behin aterpera iritsi eta apur bat erlaxatzen direnean ikusten da gainean daramaten zama. Maiz, haiek ere ez dakite zenbaterainokoa den gordeta dutena; hemen ateratzen dira sentimendu guzti horiek.

Nola bizi duzu zuk hori?

"Asetasunaren eta frustazioaren arteko zerbait da bertan lan egitea"

Bi sentimendu dira nagusi, bertan lanean gabiltzan gizarte langileondako. Batetik, frustrazioa handia da oso. Pertsona bakoitzaren kasuak bertatik bertara ezagutzen dituzu, horien egunerokoa… badakizu beren bizitza nolakoa den eta zer behar duten, baina ia beti ezinezkoa izaten da beharrizan horiei erantzutea. Ez dago baliabiderik, eta ezin dugu hainbeste inplikatu haiekin. Asetasuna eta poztasuna dira txanponaren beste aldea. Konpainia egin, lagundu… oso ondo erantzuten dute eta pozgarria da hori ere. Asetasunaren eta frustrazioaren arteko zerbait da.

Zein da aterpean egiten duzuen lanaren helburua?
Babes bila datozen pertsonei harrera eman eta esku-hartze pertsonalizatu bat ematea da lehenengo helburu nagusia, erabiltzaileen beharrei erantzunez, ahal den heinean. Behin finkatuta, erabiltzaileen autonomia sustatzea da azken xedea, aterpea utzi eta beren bizitza berreraikitzeko.

Baduzue zerbitzu psikologikorik?
Bai. Harrera programaren baitan zerbitzu psikologikoa sartzen da, eta edonori eskaintzen zaio, laguntza indibidualizatua emanez. Gurutze Gorriko psikologoak dira. Zama astuna da, eta nahitaezkoa da profesional horiekin harremana edukitzea. Psikologoak dira sarritan erabiltzaileengan beharrak identifikatzen dituztenak, eta horien laguntzaz egiten dira deribazioak, kasuan-kasuan beharrezkoa den zerbitzura bideratuz.

Zer zerbitzu eskaintzen dizkie aterpeak erabiltzaileei?

"Ahalik eta zerbitzu eta eskaintza zabalena izaten saiatzen gara"

Laguntza psikologikoa, juridikoa, enplegu orientazioa eta akonpainamendua dira, oro har. Gaztelania klaseak ere ematen dituzte, izan ere, erabiltzaile askok ez dute ulertzen edota hitz egiten, baita haurrendako eskola errefortzua ere. Halaber, badira boluntarioek aurrera eramaten dituzten zerbitzuak, esaterako, aisialdiari loturikoak; yoga klaseak ematen dituen boluntario bat daukagu taldean. Ahalik eta zerbitzu eskaintza zabalena izaten saiatzen gara.

Nortzuk osatzen duzue lan-taldea?
Aterpean egunero arreta zuzena ematen dugun langileak zazpi gara, Gurutze Gorrikoak denak ala denak. Psikologoa eta abokatua astean behin edo bitan etortzen dira, eta gainerakoa boluntarioen laguntzaz egiten dugu. 

Zein da, konkretuki, Gurutze Gorriaren lana bertan?
Gure eginbeharra zentroaren kudeaketa da. Oso polibalentea da gure lana: era guztietako gestioak egin, aterpea zutik mantendu, eskaintzen diren zerbitzu guztiak sustatu (barne zein kanpo zerbitzuak). Egun egiten den gehiena babes programaren baitan sartzen da. 

Nola kudeatzen duzue egunerokoa?
Saiatzen gara pixkanaka erabiltzaileei errutina bat jartzen. Autonomia lortzeko oso garrantzitsua da egunerokotasunean ohitura batzuk hartzen joatea. Beren egoera eta bizitzak normalizatzen saiatzen gara nolabait. Esaterako, goizean umeak eskolara eraman, prestakuntza ikastaro batera joan, lan bila hasi…

Nola moldatzen zarete elkar komunikatzeko?
Egun, gehienek dakite gaztelaniaz, baina badira hizkuntza hori ez dakitenak, are gutxiago euskara. Batzuek ingelesez dakite, eta hala moduz moldatzen gara, baina, bestela, hiru modutan komunikatzen gara nagusiki. Lehenik, boluntario interpreteak ditugu, afera garrantzitsuenetarako. Ukrainarrak eta marokoarrak dira bereziki zerbitzu horren beharra dutenak, eta hizkuntza horiek dakizkiten itzultzaileak etortzen dira. 

Ondoren, badugu telefono bidezko asistentzia moduko bat; profesionalekin harremanetan jartzen gaitu itzulpenarekin laguntzeko, eta, azkenik, gehien-gehien erabiltzen dugun erreminta Google Translate mugikorrerako aplikazioa da. Egunerokoan ematen diren elkarrizketak itzultzeko oso erabilgarria da.

Nola bideratzen dituzue erabiltzaileen ohitura ezberdinak?

"Erabiltzaileekin batzarrak egiten ditugu, beren ohiturak besteekin partekatuz"

Kontsentsu bidez adostasunetara heltzen gara. Erabiltzaile guztiekin batzarrak egiten ditugu, eta beren ohiturak, ospakizunak eta abar partekatzen dituzte, eta saiatzen gara horiek komunean jartzen. Hala, beren kideen bizimodua nolakoa den ikasten dute, elkar ezagutuz bide batez. Orain ramadana ospatzen ari dira hainbat erabiltzaile, eta batzar horien bitartez kontatu digute zer janari jaten duten, zer ordutan… langileok ere moldatzen gara beren ohituretara, baina gureak ahaztu gabe betiere, hala, gure ohiturak ere erakusten dizkiegu, pertsona horien gizarteratze eta inklusioa errazte aldera.

Hainbat talde egiten ditugu, gaiaren araberakoak, janariaz hitz egiteko, adibidez. Komunak diren proposamenak egiten dizkigute, hau da, orokorrak, menu pertsonalizaturik gabe. Esaterako, zopa zein eratan prestatua gustatzen zaien edo arroz kantitate gehiago jar diezaieketen…

Janaria kudeatzerakoan, sukaldariekin ere hitz egiten dugu. Musulmanek, esaterako, ez dute txerririk jaten, beraz eguneko menuan animalia hori egonen balitz pertsona horiek beste zerbait izanen lukete jateko. Gainerako haragiekin ez dago arazorik, Halal haragia baita, Islam-ak baimendutako haragia hain zuzen ere. 

Nolakoa da espazio banaketa aterpean?
Xumea da, baina ongi moldatzen gara. Beheko solairuan, aurrealdean, sukaldea eta jangela daude. Atzealdean, Zelandi kiroldegiari begira, garbigailu gela bat, ikasgelak eta erabilera komuneko hainbat gela. Kanpoaldean, Sakana Lanbide Heziketa ikastetxearekin partekatzen duten berdegunea dago. Bigarren eta hirugarrenean erabiltzaileen logelak eta egongela handi bat daude. Hori bai, gelek lau pertsonarendako tokia dute asko jota, eta familia batzuek bereizita egin behar izaten dute lo. Pena da baina ez dago tokirik. 

Nolakoa da bizikidetza aterpean?
Konplikatua da, baina pertsona horien larruan jarriz gero gauza asko ulertzen dituzu. Beren herrialdetik ihes egin, leku berri batera iritsi, bertan aterpe bat aurkitu eta gela bakar batera mugatzen da beren espazioa. Gogorra da. Normala da momenturen batean gatazka sortzea. Bakoitzak gainean dakarren motxila astun hori kudeatzea ere zaila da, are gehiago beste hamarnaka pertsonarekin espazio komunak partekatu behar dituztenean. 

Hala ere, polita da. Azken finean, badakite arrazoi berdintsuengatik daudela denak han, eta ondo ulertzen dute elkar. Noizean behin gatazkak badaude ere, familia txiki bat sortzen da. Bestalde, gurekiko harremana oso ona da. Hainbat ekintzaren bidez erlazio polita sortu dugu gainera. Herrian, tira, azkenean edozein pertsonak izan ditzakeen harremanak dituzte, batzuekin ondo eta beste batzuekin ez hainbeste. 

Nola kudeatzen duzue pertsona horien etorrera?
Aterpera etortzeko baldintza bakarra asilo egoera batean egotea da, hau da, asiloa izatea edota eskatuta izatea. Espainiar estatura iristen direnean, poliziarenera edo Gurutze Gorrira joaten dira lehenik, han asiloa eskatuta dutela esan, eta geratzeko leku bat eskatzen dute. Ondoren, ostatuetan, lagunen etxean edo denbora tarte horretarako zentro batera joaten dira eta, azkenik, Otadiako Kristo Deuna bezalako aterpeetara bideratzen dituzte. Guk geuk kudeatzen dugu harrera hori. 

Nolakoa da harrera prozesua?
Oso garrantzitsua da pertsona horiendako, lekuaren lehen inpresioa izaten baitute harreran. Ahalik eta hoberen egiten saiatzen gara, beraien ongizatea lehenetsiz, eta, jarraian, martxan jartzen gara tramiteekin; errolda, umeen eskolaratzea, osasun zentroan eta enplegu zerbitzuan izena eman… egonkortasun bat bilatze aldera. 

Bizitza autonomoa lortzen dute azkenean?
Autonomia gehienek lortzen dute. Beraien bizitzako kapitulu bat besterik ez da, zati txiki bat, baina denek lortzen dute modu batera edo bestera independentzia hori.

Aterpea utzi eta gero, beren herrialdeetara itzultzen al dira?

"Asiloa lortzen ez badute aterpetik joatera beharturik daude"

Hainbat arrazoirengatik joan daitezke aterpetik. Batzuek lana aurkitzen dute herrian edo inguruan, eta zentroa uzten dute, baina ez dira beren herrialdeetara itzultzen. Ukrainarren kasuan, ordea, gehienak etxera itzuli dira. Bestetik, gerta daiteke asiloaren esperoan egotea eta, azkenean, ukatzea. Kasu horietan aterpea utzi beharko lukete, bertan egoteko baldintza baita hori. Oso tristea da.

Etorkizunean, estalpean lanean jarraitzeko oztoporik ba al duzue?
Jarraituko dugu edo ez, arrazoiak asko izan daitezke bi kasuetan. Gurutze Gorriak kudeatzen du zentroa egun, baina Nafarroako Gobernuarena da; gerta daiteke Gobernuak esatea aterpea beste zerbaitetarako erabili nahi duela, edo asilo eskatzailerik ez egotea… ez dakit. Beharrizana dagoen lekuan egonen da Gurutze Gorria.