Bigarren Maila Interautonomikoan Lauko Finalean sartzeko sailkapen fasean dago murgilduta Narum CBASK taldea, eta, momentuz, gauzak oso ongi doazkio, lehen jardunaldiko joaneko partidan Berriozarko Humiclima taldearen aurrean garaipen oso garrantzitsua lortu baitzuen, 78 eta 89 gailenduz. Apirilaren 22an, larunbata, itzuliko partida jokatuko dute bi taldeek Zelandin, 17:50ean. “Larunbatean Zelandik Interautonomikako Playoffeko partida erabakigarria hartuko du. Joanekoan gure mutilek Humiclima mendean hartu zuten (78-89) eta etxean irabaziz gero, Final Fourrerako sailkatuko dira” azaldu du CBASK-ek sare sozialetan.
Beraz, zaleen babesa eskatu du CBASK-ek, Humiclima taldea esperientzia handiko taldea baita eta CBASK-ek partida zaila duelako aurretik.
CBASK-eko beste taldeak
Gizonezkoen Bigarren Maila Autonomikoan ligako 23. jardunaldia egon zen jokoan eta partida oso lehiatuan 52 eta 61 galdu zuen CBASK Ifuelek Anaquel IES Valle del Ebro taldearen kontra. Sailkapenean lider berria dago, Valle de Egues C (44 puntu). Selco Electronica eta Navasket taldeei puntu bakarra ateratzen die. CBASK Ifuel zazpigarren postura jaitsi da (35 puntu). Apirilaren 22an, larunbata, 16:30ean CBASK-Ifuelek sailkapenean hamaikagarren den Marcilla Basket taldearen kontra jokatuko du, Marcillan.
Emakumezkoen Lehen Senior Mailan 9. eta 12. postuak erabakitzeko azkeneko faseari ekingo dio CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak, 9. eta 15. postuen sailkapen faseko azken jardunaldian Valle de Egüesi 64 eta 60 irabazi eta sailkapenean hirugarren sailkatu eta gero. 9. eta 12. postuak erabakitzeko azkeneko fasea Valle de Egüesek, Ega Perfil Oncinedak, CBASK Xabi Gorriz Tattoos eta Navasket SF`old taldeek jokatuko dute, hiru jardunalditan. Lehen jardunaldian talde altsasuarrak Navasket SF´old taldea hartuko du apirilaren 29an, 17:50ean, Zelandin.