Mendi lasterketak

Eukeni Goikoetxeak hegan egin zuen Bargagainen

Guaixe 2023ko api. 21a, 10:30

Eukeni Goikoetxea, helmugan.

Korrikalari altsasuarra gailendu zen Bargagaingo Igoeran, alde handiz, eta Nafarroako Banakako Trail Running txapelduna da. Proba herrikoia Juan Larrea altsasuarrak eta Raquel Perezek irabazi zuten

Guztira 47 korrikalarik parte hartu zuten Dantzaleku Sakana Atletismo Klubak apirilaren 16an antolatutako Bargagain Igoera Trailean (21 km). Lasterketa Navartrail Txapelketarako baliagarria izateaz gain, Nafarroako Banakako Trail Running Txapelketa izan zen. Proba nagusiarekin batera, 14 kilometroko lasterketa laburra edo herrikoia antolatu zuten. 

Aurreko egunetako euri kontuak alde batera utzita, goiz ederra izan zuten bidaide korrikalariek. Altsasuko Foru Plazatik aterata, Bargagainera igo, eta gailurreriatik aurrera egin zuen bideak, ehiztarien bidetik Urdiainera jaisteko. Parke ondoko partzelarietatik Iturmendiraino iritsi ziren korrikalariak, Iturmenditik Santa Marinara igo, han buelta hartu eta gailurreriatik itzuliz Urdiaingo portua jaitsi eta partzelarietatik Altsasura heltzeko. Proba nagusia 21 korrikalarik osatu zuten eta Eukeni Goikoetxea Larraza altsasuarra izan zen azkarrena (2:01:46), nagusitasun handiz, Elgeako Jon Vegas Lopez de Uralderi 5 minutu eta erdi atera baitzizkion (2:07:13). Jabi Gasanz altsasuarrak osatu zuen podiuma (2:07:28). Emakumezko bakarra sailkatu zen, Jaione Mendijur Lopez de Muniain, araiarra, sailkapen absolutuan 16. postuan sailkatu zena (2:46:39). Nafarroako Banakako Trail Running txapelduna, beraz, Eukeni Goikoetxea izan zen, Jabi Gasanzen eta laugarren sailkatu zen Ekhi Congil etxarriarraren aurretik. Nafarroako Txapelketako lehendabiziko hiru korrikalariek maiatzaren 7an Lerinen jokatuko den Federazioen Arteko Txapelketa Nazionalerako txartela lortu dute. 

Proba herrikoiari dagokionez, hogei korrikalarik despeditu zuten 14 km-ko ibilbidea, proba luzearen ibilbidearen zati bat hartzen zuena. Juan Larrea Etxeberria altsasuarra izan zen protagonista nagusia, 14 kilometroko proba ordu eta laurdenean osatu baitzuen (1:14:34), Burgosko Gerardo Lozanori 7 minutu pasa ateraz (1:21:59). Xabier Aiestaran Rendo altsasuarra hirugarren sailkatu zen (1:23:00). Emakumezkoetan, Raquel Perez del Notario izan zen sailkatu zen emakume bakarra, 16. postuan (1:38:10). 


Sakandarrak Bargagaingo Igoeran
24 km
Gizonak
1. Eukeni Goikoetxea 2:01:46
3. Jabi Gasanz 2:07:28
4. Ekhi Congil 2:12:30
6. Ander Iraizoz 2:17:53
12. Aimar Araña 2:25:53
13. Joseba Galarza 2:31:28
15. Kepa Gordo 2:42:22
19. Francisco Javier Moreno 3:01:06
20. Iker Zeberio 3:04:19
21. Aritz Irigoien 3:31:39

Emakumeak
1. Jaione Mendijur 2:46:39

 

14 km
Gizonak
1.Juan Larrea 1:14:34
3. Xabier Aiestaran 1:23:00
4. Ioseba Iza 1:23:56
5. Ander Galarza 1:24:09
8. Jorge Iradi 1:29:34
9. Santi Galarza 1:30:13
10. Ibai Perez 1:32:22
11. Fran Araña 1:32:23
12. Asier Leiza 1:35:33
13. Asier Amiama 1:37:21
14. Ismael Lopez de Goikoetxea 1:37:37
15. Iñaki Agirre 1:37:39
17. Araitz Jaka 1:46:55
19. Ioni Araña 1:50:51

Emakumeak
1. Raquel Perez del Notario 1:38:10