Udal hauteskundeetan Altsasuko EH Bilduren alkatetzarako zerrendaburua Anize Ibargutxi Iparragirre da. Hautagaia irakaslea da eta euskararen, gizarte eskubideen eta feminismoaren aldeko ekimenetan parte hartu du. Ibargutxi buru den zerrendan Bel Pozueta diputatua ere badago. Alkategaia aurkeztearekin batera, alderdi suberanistak egoitza mustu zuen Altsasuko Foru plazan, Sakanako bilkideendako topagune izanen dena.
Ekitaldi berean hitza hartu zuen Laura Aznalek, Nafarroako Parlamenturako hautagai subiranistak. Aznalek nabarmendu zuenez, “gero eta gehiago dira AHT gelditzeko eskatzen duten ahotsak, besteak beste, kolektibo sozial, politiko eta sindikalak; eta hainbat lurraldetako errealitate sozial eta ekonomikoa aztertzen duten erakunde ofizial askoren babesa duen aldarrikapena da”. Azpimarratu zuenez, “zaharkituta dagoen proiektua da, argi eta garbi, gizartearen, ekonomiaren eta ingurumenaren ikuspegitik.
EH Bilduko hautagaiak adierazi zuenez, “Frantziako Estatuak AHTren konexioa 2042ra arte atzeratzeko asmoak agerian uzten du, are gehiago, inondik ez eta inora ez doan proiektu baten aurrean gaudela”. Egoera honetan, “oso arduragabea da zenbait alderdi politikok proiektu hau defendatzen jarraitzea”, kritikatu du Aznalek. Horrekin batera, berretsi zuen “AHTren alternatibak badaudela. EH Bildutik tren sozial bat bultzatzeko beharra aldarrikatzen dugu, hau da, egungo trazadura hobetzea eta mantentzea”. Aznalek azaldu zuenez, “edonorendako eskuragarri egonen den eta eremurik abandonatuta utziko ez duen tren sozialaren eredua da tren soziala. Lurraldea benetan egituratuko duen tren bat bultzatzearen aldeko apustua egiten dugu, geografikoki eta sozialki Nafarroa osoa kohesionatuko duena, bereziki Sakana bezalako eskualdeak, eta herritar guztien eskura egongo den zerbitzua eskainiko duena”, defendatu zuen Aznalek.