Altsasu, Olatzagutiako eta Ziordiko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren Mankomunitateko Gizarteratze Programak Zaindu dezagun gure ingurunea, zurekin! kanpaina martxan jarri du. Haren bidez Babestutako Gizarte Enplegu (BGE) programan lanean ari direnek udal loreontziak garbitu, konpondu, tratatu, herrian barna jarri eta haietan loreak landatuko dituzte. Zumalakarregi plazan, Zelai kalean eta Amandrea kalean 15 loreontzi jarriko dituzte. Baina udalaren beste loreontzi batzuen mantentze lanak egin eta haietan loreak jarriko dituzte.
BGEko langileek beraien egitekoa egin ondoren, inguruan kanpainarekin zerikusia duten kartelak jarriko dituzte. Haien bidez altsasuarrei dei egiten zaie loreontziak eta bertan dauden loreak zaintzera. Kartelen bidez ere altsasuarrak loreontzi inguruak garbi mantentzera edota landareak ureztatzera gonbidatuko dituzte.
Begiralearekin
Aipatu programaren arduradunak dira Arantxa Erbiti Beloki gizarte langilea eta Maria Razkin Galan gizarte hezitzailea. Razkinek azaldu duenez, “programa urtero jartzen dugu martxan. Joan den urteko dirulaguntza deialdian berrikuntza egon zen eta kontratatutako pertsonak begirale batekin aritzeko aukera eskaini zuen. Aukera hori baliatu genuen, esperientzia ona izan zen, eta aurten errepikatu egin dugu”.
Programan bost altsasuar ari dira lanean. Guztiek gutxienez urtebeteko kontratua dute. Altsasuko Udaleko Obren lantaldean hasi ziren lanean. Baina apirilaren 17az geroztik BGEko begiraleen esanetara ari dira lanean. Begiralearen egitekoen artean daude, besteak beste: langileek orduak betetzea, atsedena hartzea, zer lan egin behar den jakinaraztea... Erbitik argitu duenez, “batzuek lan esperientzia dute eta barneratuta dituzte lanerako pauta batzuk, baina beste batzuk ez, eta horregatik da garrantzitsua begiralea”. Gizarte langileak gaineratu duenez, “nabaritu dugu begiralearekin onura gehiago lortzen dituztela, esaterako, jarraipen estuagoa egiten die, haien autonomia lantzen du”.
Begiralearekin sei edo zazpi hilabete ariko dira lanean. Haren akonpainamenduarekin aipatutako loreontziez aparte, “herrian beharrezkoak diren beste hainbat lan eginen dituzte, esate baterako, joan zen urtean hasitako kaleko eserlekuen mantentze lanei segida eman edo margotze lanak egin”, azaldu du Razkinek. Begiraleak bere lana bukatzean, atzera ere, udaleko lantaldera bueltatuko dira bost langileak, han ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izanen dute. Bitartean programako arduradunek eta begiraleak balorazioa eginen dute.
Gizarte inklusioa
Erbitik azaldu duenez, “gizarte inklusioa helburu duen programa bat da. Haren bidez, gizarte bazterketan dauden edo horretarako arriskuan dauden pertsonak aldi baterako kontratatzen dira, udalarendako lanean aritzeko”. Razkinek azaldu duenez, “parte hartzen duten langileek lan eginez prestakuntza jasotzen dute. Enplegurako jarrera aldaketa sustatu nahi dugu programaren bidez; beraien burua gai ikusi dezatela, dauden egoeratik ateratzeko zer egin dezaketen pentsarazteko”.
Erbitik azaldu duenez, “behin bukatuta, lan merkatuan enplegua bilatzen laguntzeko baliagarria izatea da helburua. Horretarako, Nafar Lansarera bideratzen ditugu eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin batera lantzen ditugu pertsona horien egoerak. Pertsonan zentratutako esku hartzea da, beti ere, ditugun baliabideak eta pertsonaren nahi eta beharrak kontuan izanik. Horren arabera, ikastea izan daiteke aukera bat, edo lan egitea bestea”. Erbitik aitortu duenez, “programa bukatutakoan lan merkaturatzeko aukera hobeak dituzte, baina lan mundurako sartzea txikia da, profil oso zaila dutelako”. Joan den urtean programan izan ziren hamarretik bik bukatu zuten lanean. Gizarte langileak gaineratu duenez, “lortzen dituzten lanek ez diete segurtasunik edo egonkortasunik ematen”.