Astekaria

"Baso suteak populazioari eragiten dionean, herritarrengan zentratzen gara"

Guaixe 2023ko mai. 4a, 14:01

Jose Javier Boulandier Herrera bilera batean. NAFARROAKO gOBERNUA

Bileren artean, sute simulakroa, prestatutako tresnen baliagarritasuna aztertzeko. Etor daitekeenari begira hobetzen saiatzen ari dira etengabe zerbitzuan. Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuaren zuzendaria Jose Javier Boulandier Herrera altsasuarra.

Legediak larrialdi planen hierarkia ezartzen du, guztiek koordinatuta eta integratuta egon behar dute. Larrialdi bat jazoz gero, aginte bakarra funtsezkoa da, nahitaezkoa da ahots bakarrak larrialdiari aurre egiteko neurriak antolatzea. Estatuak erkidegoak eta erkidegoek udalak behartzen diete halako planak egitera. 

Nafarroako Baso Suteen gaineko Larrialdietako Babes Zibilaren Plan Berezia (INFONA) 2022an homologatu dute, hala Foru Komunitatean 1999az geroztik indarrean den sute plana eguneratu dute. INFONA 2022 Plan berriaren bidez, pertsonak eta ondasunak babestu nahi dira ikuspegi proaktiboarekin, herri guneetan eta oinarrizko azpiegituretan suteen eragina murrizteko.

Planak arrisku handiko eremuetan dauden 85 herri identifikatzen ditu, eta baso arriskuko udal planak izan beharko dituzte. Horien artean daude Arakil (udako suteei aurre egiteko plana egin behar duena), Irurtzun (uda), Uharte Arakil (negukoa eta udakoa), Lakuntza (negua eta uda), Iturmendi (uda), Altsasu (negua). Gainera, beste 85 udalerriri planak egitea gomendatzen die, haien artean Arruazu dago. Besteak beste, horiek sustatzen dabil Jose Javier Boulandier Herrera altsasuarra.

"Nafarroan sute arriskua neurrikoa da, baina kalteberatasuna handiagoa da"

Zergatik egin behar izan dituzte udal batzuek sute planak eta beste batzuek ez?
Aldeak daude. Arriskuaren ekuazioan sartzen diren faktoretako batzuk dira arriskua bera eta kalteberatasuna. Babes Zibilaren ikuspegitik pertsonei, animaliei eta azpiegiturei erreparatzen diegu. Baso sutearen ardura Ingurumen Departamentuarena da. Nafarroan sute arriskua neurrizkoa da, baina kalteberatasuna handiagoa da. Zergatik? Baso barruan dauden baserriengatik, hiri eremua Nafarroaren %4 besterik ez delako, etxeak basotik gertu daudelako, azpiegiturak basoen erditik pasatzen direlako, gasolindegia basotik gertu dagoelako... Kalteberatasun horrek arriskuan jartzen ditu gizarte gisa garatzeko garrantzitsuak diren hainbat puntu kritiko. Esaterako, Ezkabako joan zen urteko sutearekin arriskuan izan ziren adinekoen egoitza bat, errepikagailu bat, Osasunbidearen botika biltegia edo Iruñerriko tokiko garraioko autobusen biltegia. Argindarrik gabe geldituz gero, behar bada, adinekoen egoitzan arnasgailua duten pertsonei eraginen lieke. Altsasun, esate baterako, Baikolar, Iñigo Aritza ikastola... Urdiainen, bargatik gertuen dauden etxeak... Egoera zailak sor litezke. 

Horregatik, nahiz eta antzeko basoa izan, herri batzuek arriskuan egon litekeen azpiegituraren bat dute. Halako azpiegiturak dituzten udalerrietan arrisku maila igo egiten da. Horregatik, udal batzuek egin beharra dute eta besteek ez. 

Gainontzeko zortzi udalek plana egin beharko lukete? 
Gugatik denek balute, askoz hobe.  Behartuta ez zegoen udal baten plana homologatu dugu dagoeneko. Halako planak egin ditzaten, guk guztiei aholkuak eta laguntza teknikoa ematen dizkiegu. Egin behar izan dutenei dirulaguntza eman diegu. Guk ere gure mugak ditugu eta behartuta dauden udalekin bildu gara. Jarrera oso ona izan dute. Bestetik, planak berrikusi egiten dira, dinamikoak dira. 

Zenbat denbora dute plana egiteko?
Bi urte; udalak egiten ari dira. Beraien baliabideekin egin dezakete, edo enpresa bat kontratatuta. Guk planek kalitate bera izatea ahalegintzen ari gara. Dirulaguntza ematerakoan hainbat faktore izaten ditugu kontuan, besteak beste: udalen gaitasuna, suhiltzaileen parketik urrutien dauden herriak, sute gehiago izan dituztenak eta populazio gutxien dutenak. Kalteberatasun handiena dutenen alde egin dugu eta irizpide horiek defendatzea ere kosta zaigu.

"Suteen kontrako udal planekin udalei 'begiak zabaldu' nahi dizkiegu"

Plana eginda, zer? 
Planak su-itzalgailuak bezalakoak dira. Behartuta gaude eta paretan zintzilik ditugu. Baina su-itzalgailuak nola funtzionatzen duen jakin behar da, aldian behin berraztertu behar da... Planekin gauza bera. Baina planak ziurrenik ez gaitu babestuko, ez du eragotziko hildakoak eta kalteak izatea erabiltzen ez badakigu, jendea horretan trebatzen ez badugu, jendeak egoera ez badu ulertzen. Horrelakorik egiten ez bada, hobe planik ez egitea. Bestetik, behin planak homologatuta, garagartzaroan simulakroren bat egin nahi dugu. Herritarrek nola parte hartzen duten testatu nahi dugu. Plana izatera behartua ez dagoen udalerri batean eginen dugu. Halakoekin elkarbizitzen ikasi beharra dugu. 

Despopulazioa eta suteak, lagunak? 
Bai (barrez). Arazoa oso konplexua da. Landa eremuaren hustean eragingo duten politikak ezarri behar dira. Baso masa asko handitu da Nafarroan azken 20 urteetan, lantzeari utzi direlako partzela pribatuak edota publikoak, ordenantza faltagatik, esku sartzerik ez duelako izan... Edozein ibarren XX. mendeko 50eko hamarkadako argazki bat egungo batekin konparatuz gero ikusiko dugu basoa ibar hondora jaisten ziurrenik. Horrek tartean sartzen gaitu, erregai gehiago dagoelako, utziago dagoelako... Horrek su hartzen duenean arazoa da. Horregatik, udal planekin udalei “begiak zabaldu” nahi dizkiegu. Ordenantzak eta jarduerak egin ditzatela etxeetatik eta azpiegituretatik gertuko puntu jakinetan erregai karga mugatu edo pixka bat murrizteko. 

Neguko eta udako suteak bereizi dituzue. 
Neguan izotzak lehortzen duelako. Udan euririk ez badu egiten eta bero boladak badaude  landaretza lehenago lehortzen da eta su hartzeko prestatuago dago. Bero boladen definizioa garila eta agorrilean izaten direnendako dira. Baina, dagoeneko, apirilean bero kolpeak izaten ari gara. Urtaroei dagokienez, elkartzen ari zaizkigu eta, dagoeneko, ez daude hain argi lau urtaroak. Orain gehiago gaude neguan eta udan. Eta negua ez da hain gorria. Lizarraldeko udako suteak Urbasa-Andiaren hegoaldean gelditzen ziren. Aldian behin etortzen diren bero sapen eraginez basoen lehortasun indizea gero eta altuagoa da. Parametroak aldatzen ari dira, bizitzen ari garena zerbait berria da. Aurre egin behar diogu, horregatik, guztiengana iritsi nahi dugu, egoera uler dezaten. Suteetan aditua den Marc Castellnouk dio sute handietako batek Pirinio guztia har lezakeela.

"Bero sapen eraginez basoen lehortasun indizea gero eta altuagoa da"

Udarekin basoan sua egiteko eta bestelako debekuak etortzen dira.
Estatuko legediarekin jarduera batzuk urte guztian debekatuta egonen dira. Araudi horretan leihoak zabaltzen saiatzen ari gara. Jarduera batzuk baso sute arriskuaren mailari lotuago egonen dira. Horiek guztiak gobernuko hainbat departamendurekin lantzen ari gara orain. Departamentu bakoitzak udan egiten dituen jardueren azterketa egiten ari da eta sute arrisku altua edo muturrekoa denean, mugaren bat jarri beharko dute. Jakina, eta norberaren ardura. Zirriborroari itxura ematen ari gara eta departamentu bakoitzak bere eskumeneko esparruari erreparatuko dio. Lehenbailehen argitaratu nahiko genuke, garagartzaroan baino hobe maiatzean balitz. 

Joan den urteko udako suteak, zer? 
Suteen gaiak kualitatiboki jauzi egin du. Seigarren belaunaldiko suteez ere hitz egiten da. Bosgarren belaunaldikoak dira aldi berean sute pila ditugunean. Hori izan genuen: 12 ordutan kasik dozena bat sute. Eta bi ordutan zuzenean biztanleriari eragiten zieten sei sute izan genituen. Baso suteak populazioari eragiten dionean, herritarrengan zentratzen gara. Basoa bigarren lehentasuna bihurtzen da, erretzen jarraitzen du eta 60 km orduko haizeak lagunduta, suteak “ihes” egiten du pertsonei arreta eskaini behar diezulako. Gure helburu nagusia hori baita, kaltetutako pertsonarik ez egotea. 

Egoera aldatu da. Orain arte ia ez gara sekula 40 gradutan bizi izan. Baina 40 gradurekin gauzen jokabidea ez da lehengoa. Lehen tximistek suteen %5 edo gutxiago eragiten zituzten, orain %11ra igo da Amerikako Estatu Batuetan. Zergatik dira protagonista ekaitz lehorretako tximistak? Lehen tximistak zerbait jotzen zuenean kosta egiten zitzaion su hartzea, baina 40 gradurekin errazago hartzen du. Altsasuko Sanpedrozelain su hartu zuen haritz harekin gogoratzen zara? Ez da tximista gehiago erortzen direlako, jotzen duen tokiaren baldintzak desberdinak direlako baizik. 

Maiatz aurretik dagoeneko beroa bertan da, uda etorriko da... Joan zen urtean historiara pasako diren suteak izan genituen. Aurten ez dakigu, baina probabilitatea, txikia izanagatik, hor dago. Egoerak urte lehorrerantz garamatza: estres hidrikoa ez da berreskuratu, urtegiak %60an daude %100ean egon beharrean, mendiak ur faltagatik nahikoa estresatuta daude... Zer gertatuko da? Prestatu beharra dugu. Ziurrenik gainezka eginen diguten egoerak izanen dira. Katastrofeak beti gainezka egiten digu, desordena da, eta autoritateei eta pertsona guztioi dagokigu desordena hori ahalik eta txikiena izan dadila. Adituek diotenez, heldu diren larrialdi edo arrisku egoerak ziurgabetasun handikoak dira, arrisku anitzetakoak, gero eta intentsuagoak eta sarriago gertatzen direnak. “Loteriako saria” tokatzeko aukera gehiago daudela dirudi. Halakorik ez dugu bizi izan. Adituek ez dute garbi aurreikuspena meteorologia edo klima egoera makur hipotetikoetan. 

Gure helburu nagusia da kaltetutako pertsonarik ez egotea

Herritarrak, zer?
Babes Zibilean pentsatzen dugu herritarrek parte hartu behar dutela, informatuta eta trebatuta egon behar dute. 

Informatuak izateko zer erabiliko da, alderantzizko 112? 
Ez, ES-Alert ez da horretarako erabiliko. Europak ezarritako sistema da hori. Mezua bidaltzen hiru proba egin ditugu eta mezua ez du herritarren %100ek jaso. Hala ere, ES-Alert bidezko jakinarazpenak aparteko kasuetarako lirateke. Ezin da egunero erabili, bestela artzaina eta otsoarena gertatuko da eta, azkenean, inork ez lioke kasurik eginen. Informazioa nola eman aztertzen ari gara: sirenekin, poliziaren megafonia, telefono finkoetara dei masiboa egitea... 

Prestakuntza? 
INFONA 2022 Planaren barruan eta Hezkuntza Departamentuarekin batera, suteei buruzko doako prestakuntza ikastaroak emango ditu Nafarroako 17 udalerritan. Ebakuazio batean nola jokatu, sute ahoen kokapena ezagutu, nola koordinatu edo kea isolatzeko teknikak eskuratzea dira ikastaroen helburuetako batzuk, baita baso suteen hasieran herritarrek nola jokatu ere irakatsi nahi diegu. 30 orduko iraupena dute. Ikastaroetako bat Uharte Arakilen da eta edozein sakandarrek eman dezake izena. Maiatzaren 15etik garagartzaroaren 2ra izanen da. Izena emateko business@greentechfactory.es e-posta helbidera idatzi beharra dago. Hogei plaza daude. Ikasitakoarekin, norbera gauza txikiez arduratzeko aukera izan dezake, eta handiak heltzen diren ziurrago egonen dira eta nola jokatu jakinen du. Uholdeen kontrako planen eskarmentua dugu: udalek egokiago jokatu dute. Horregatik, herritarrengana eraman nahi dugu prebentzioaren kultura hori, horretarako eskubidea dute, eta haiek parte hartzaile izatea nahi dugu. 

"Herritarrengana eraman nahi dugu prebentzioaren kultura, parte hartzaile izatea nahi dugu"

Parte hartzea, beraz.
Udalek eta herritarrek badakite non dauden kolektibo zaurgarrienak. Hori asko interesatzen zaigu. Katastrofe baten eraginpean lau, hamar edo hogei herri badaude, gu, Iruñetik ez gara pertsona zaurgarri guztiengana iristen. Asko interesatzen zaigu. Horretaz jabetu beharra dute udalek, eta tresnak edo konponbideak jarri beharko lituzke. Honek denok ukitzen gaitu: bere ardurapean adinekoa duen pertsonatik hasi, udalarekin, Babes Zibilarekin eta estatuarekin segi eta Europaren laguntzarekin bukatu arte. 

Baina... 
Gaudenak gaude eta ditugun gaitasunak ditugu. Iruñean gaude eta ez dugu ikusten herrietan zer ari den gertatzen. Alkateei azaldu diegu zerbait gertatzen zaien bakoitzean elkarrekin komunikazio zuzena izatearen garrantzia, udalak akonpainamendua, babesa senti dezaten. Eta uler dezaten ur hegazkin bakarra badugu eta lau laguntza dei, erabaki bat hartu eta herri batera bidali beharko dugula hegazkina gehiago ez dagoelako. Hori, teorikoki, ahalik eta modu objektiboenean egin behar dugu. Gauza bera gertatzen zaigu guri ministerioari aparteko baliabideak eskatzen dizkiogunean: eskaera objektiboki justifikatu behar dugu. Larrialdietarako baliabideak mugatuak direnez, gainontzeko erkidegoekin lehiatzen gara. Eta baliabide asko jarrita ere, teknikariek diotenez, etorkizuneko baso suteek askatuko duten energia kopuruagatik haiek itzaltzea ezinezkoa izanen da. Teknikoek egin dizkiguten analisiak denen eskura jarri ditugu. 


Amparo Lopez eta Jose Javier Boulandier bileran parte hartzen. UTZITAKOA

Uholdeei aurre egiteko planak

Nafarroako uholdeei aurre egiteko Larrialdi Plan Bereziarekin bat etorriz 45 udalek, tartean Arruazu, Altsasu eta Ziordikoa, uholdeen kontrako plana egin, haien homologazioa lortu dute.  Indarrean jartzea da hurrengo pausoa. Plan horiek udal bakoitzaren eremuan ibai uholdeengatiko larrialdien aurrean baliabide eta zerbitzu propioen antolamendua eta jarduketak definitzen dituzte. Dokumentu bakoitzak udalerri bakoitzean dauden bitartekoak eta baliabideak islatzen ditu, eta elementu eta eremu kalteberenak identifikatzen ditu. 

Uholdeen kontra ere, planak. 
Zero arriskurik ez dago, eta arrisku horrekin bizitzen ikasi behar dugu. Gerta liteke noizbait arrisku hori lehertzea eta konpromisoan jartzea, baita bizitza ere. Beraz, euriteak daudenean meteorologia iragarpenari adi egon, ibilgailuak ibai ondoan ez aparkatu... 

Uholdeak urtaroko kontua izanen dira edo ez? 
Zientzialariek diotenez, ziurgabetasun handia dago. Fenomenoak maizago gertatu behar dira, eta biziagoak; bai euri askorekin edo gutxirekin, bero handiarekin edo ez. Gero eta maizago gertatzen direla ikusten da. Bero kolpeak 2007an, 2015 eta joan zen urtean. Euriarekin gauza bera, 2021eko abendua hor dago. Kolpean eta istant batean botatzen ari den euri kopurua aurreko mailak gainditzen du, halakoa gertatzeko probabilitatea handitzen ari dela diote zientzialariek. 

Urdalurrek zergatik? 
Uharkak ezaugarrien arabera sailkatuta daude, eta batzuk plana izatera behartuta daude. Plana egiterakoan balizko muturreko egoerak kontuan hartu behar dituzte, eta egoera mailak zehazten dira. Egoerarik makurrena irudikatzeko uharka gainezka beteta dagoela edo sekulako euriteak egin dituela hartzen da kontuan; uharka haustearen denaren hipotesia egiten da. Presa hausteak eragindako uholde planetako 3. egoera litzateke. Halakorik ez da gertatzen egun batetik bestera. Gainera, egoera larriagotu daiteke edo normaltasunera bueltatu. 

Presaren plana eta inguruko herrietako uholdeen kontrako planek bateragarriak izan behar dute. Presaren egoeraren arabera kudeatzaileak jakinarazpen mezuak bidali beharko dizkio herriari edo dagokien erakundeei, aldez aurretik neurriak har ditzaten: ibilgailuak ibai ertzetik kentzea, zenbat jende atera behar den etxetik jakiteko eta hori behar bezala kudeatzeko, edo dena delakoa. 

Hautsiko balitz? 
Uharkek hainbat sentsore dituzte eta nahikoa beta izanen genuke jakinarazpena polizien eta, bereziki, udalen bidez jakinarazteko. Halakoetan beti segurtasun tartea izaten da planak ezartzeko. Muturreko hipotesia batean, uharka haustear legokeenean sirena entzunen litzateke, azken uneko gaztigua da inguruan leudeken suhiltzaile, polizia eta bestelako langileek hanka egin zezaten. Amerikako Estatu Batuetan berriki ikusi dugu Urdalurren moduko uharkak ez direla horrela hausten, nahiz eta kalte handiak izan. 


Jose Javier Boulandier Herrera trafiko eta Babes Zibileko koordinazio bileran. UTZITAKOA

Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzua

Zenbat zarete? 
Oso gutxi, lau teknikari eta ni, arduraduna. Baina Babes Zibila guztiok gara. Baina planez aparte, segurtasunari buruzko jakintza kolektibo hori zabaltzeko gai izan behar dugu. Nire iritziz, aurrekontuetan larrialdietara lotutako segurtasunerako, babes zibilerako, ez da nahikoa aurrekontu izaten. 

Noiz sortu zen? 
Konstituzioarekin batera, zerbitzuan ez daramagu urte asko. Zerbitzu txikia gara beste batzuen aldean. Horregatik, autobabesa eta norberaren segurtasunaren kultura hedatzen lan egin behar dugu. Planak sortu, eta haien arteko loturak egin... Alkateak herriko babes zibilaren arduradun nagusiak dira. Batzuek ez dakite oraindik, eta pedagogia lan handia egin behar izaten dugu. Horretan ari gara. 

Ikasi beharra dago?
Prestakuntza ere behar da bai, hasiera batean autosufizienteak izateko. Esaterako, elurra egiten duenean ezin diogu administrazioari eskatu gure etxe pareko espaloiko elurra kentzeko. Horrela, gizartea eta zerbitzuen kolapsoa dator. Ez dago horretarako nahiko giza baliabiderik. Arriskuaren eta autobabesaren kultura izan behar dugu, ezohiko zerbait gertatzean gauzak errazteko. Hauteskunde kanpainan alderdien agendan gai hauek egotea espero dut.