Joan zen urtean antolatu zen, lehenengoz, Josefina Arregi Klinika I. Alzheimer Herri Lasterketa, "Zure oroitzapenak zeharkatzen" lelopean. Aurreikuspenak gainditu zituen, ia 500 pertsonek parte hartu baitzuten oinezko martxan eta lasterketa herrikoian.
Alzheimerra gizarteratu
Aurten maiatzaren 14an jokatuko da Josefina Arregi Klinika II. Alzheimer Herri Lasterketa. Lasterketaren helburu nagusia Alzheimer gaixotasuna gizarteratzea da, eta aldi berean kirola eta ohitura osasungarriak sustatu nahi dituzte, antolatzaileen esanetan "gaixotasunaren prebentzioa egiteko modu onena" direlako. Klinikako kudeatzaile Angel Gardachalek aurkeztu du aurtengo programazioa, Klinikako Lagunen Elkarteko Javier Casteig eta Dantzaleku Sakana klubeko presidente Iñigo Agirre laguntzaileekin batera. Aurtengo edizioak nobedade garrantzitsua dakar, atletismoari futbola batu baitzaio.
Martxa eta herri lasterketa
Josefina Arregi Klinika II. Alzheimer lasterketak lau modalitate izango ditu: herri lasterketari (9,5 km) eta oinezko martxari (8 km), adineko jendearekin eta haurrekin egiteko oinezko martxa laburra gehitu zaio aurten (4 km). Aurten ere O Km dortsala erosi ahal izango da, kirol ekimenean parte hartu nahi ez, baina euren alea jarri nahi dutenendako.
Oinezko martxak 10:30ean abiatuko dira, eta herri lasterketa 11:30ean, Josefina Arregi Klinikatik. Helmuga, klinikan izan beharrean, Foru Plazan egongo da. Bukaeran, festa giroan, parte hartzaileei auzatea eskainiko zaie plazan –salda, txistorra eta gazta–, eta Irantzu Gonzalez dantza eskolako emanaldiek eta DJ Reimyren doinuek berotuko dute giroa.
Izena ematea, zabalik
Oinezko martxetan, herri lasterketan eta O Km dortsalean izena ematea zabalik dago, maiatzaren 12ra arte, Josefina Arregiren webgunean, Josefina Arregi Klinikan edo Klinikak Iruñean duen Mediku Kontsulten Zentroan. Prezioa 10 eurokoa da, modalitate guztietan. Probaren egunean, maiatzaren 14an, 9:00etatik 10:15era bitartean eman ahalko da izena.
Parte hartzaileek kamiseta eta Lacturale produktu sorta jasoko dute opari, eta guztien artean Lekuona jatetxean bi pertsonendako otordua zozketatuko da.
Osasuna vs Dantzaleku
Lasterketa bezperan, maiatzaren 13an, Dantzalekuk Osasuna Beteranoen eta Dantzaleku Sakana Selekzioaren arteko futbol partida solidarioa hartuko du, 11:00etan, ziurrenik ikusmin handia piztuko duena. Sarrerak 8 eurotan jarriko dira salgai, baina 16 urtetik azpikoek dohain izango dute sarrera. Sarrerarekin lehen mailako Osasunako jokalariek sinatutako kamisetak, Bioracer loteak eta Xume tabernan bi otordu zozketatuko dira.
Dantzaleku Sakana Selekzioa
Dantzaleku Sakana selekzioko entrenatzailea Peio Goikoetxea da. Ondoko jokalariak izango ditu bere esanetara: Ekai Urkijo, Angel Vergara, Gorka Martinez, Jesus Irisarri, Ion Lapuente, Gaizka Martinez de Albeniz, Mikel Lakuntza, Hegoi Lakuntza, Mikel Etxaiz, Xabi Mazkiaran, Raul Claver, Igor Barriola, Oihan Garcia, Asier Salgado, Ion Zubiria, Javi Gasanz, Jokin Bereziartu, Ekhi Olabide eta Gorka Pascua.
Klinikako handitze lanetarako
Ekitaldi guztietan jasotakoa Josefina Arregi Klinikako ospitala handitzeko lanetara bideratuko da. Lanek 1,5 milioi euroko aurrekontua dute, eta haiei esker ospitalak hamar ohe gehiago izango ditu, 31 guztira, guztiak Nafarroako Gobernuak kontzertatutakoak.