Txirrindularitza

Iker Mintegik lortu du

Guaixe 2023ko mai. 2a, 13:23
Iker Mintegi helmugan. UTZITAKOA

Laboral Kutxako altsasuarrak afizionatuen mailako denboraldiko lehen garaipena lortu du, Lazkaon.

Larunbatean, apirilak 29, afizionatuen Lazkaoko LXXX. Proba jokatu zen, Euskaldun Txapelketarako baliagarria. Lasterketa gogor eta mugitua primeran irakurri zuen Laboral Kutxako Iker Mintegi Claverrek, eta tropelak Gaintzako Igoera hasi baino lehen ihes egindakoak harrapatu ondoren, altsasuarrak Lazkaomendin erasoa jo zuen, Lazkaoko helmugara bakarrik iritsita (3:08:00). 10 segundora sartu ziren bere taldekide Iñaki Diaz, Finisherreko Hugo Aznar eta Rural Kutxa-Aleako Julen Arriola. Ailetz Lasa ziordiarra (Laboral Kutxa) 23. sailkatu zen, Aimar Tadeo lakuntzarra (Finisher) 29., Martxel Etxeberria iturmendiarra (Rural Kutxa-Alea) 44.eta Aitor Ondarra lakuntzarra (Hostal Latorre Ederlan) 65. 

Azkeneko lasterketetan podiuma egin eta gero, lehen garaipena lortu du Iker Mintegik. Gainera, altsasuarrak lider jarraitzen du Euskaldun Txapelketan (95 puntu), Rural Kutxa-Aleako Julen Arriolaren aurretik (84 puntu). Zazpi lasterketa gelditzen dira Euskaldun Txapelketa despeditzeko, eta txapelketa irabaztea da Mintegiren helburua.

Laboral Kutxa talde onena Santikutzen
Maiatzaren lehenean Espainiako Koparako baliagarria den Santikutz Klasikoa hartu zuen Legazpik. Laboral Kutxa taldeak sekulako erakustaldia eskaini zuen, lasterketa Unai Zubeldiak irabazi baitzuen, helmugara bakarrik helduta, taldeak egindako lana borobilduz (4:24:06). Iker Mintegi taldekidea Topo 10ean sartuz zen, bederatzigarren, 23 segundora. Laboral Kutxa izan zen Santikutz Klasikoko talderik onena. 

Jon Gil lakuntzarra (Gomur Cantabria) 73. sailkatu zen, eta Aitor Ondarra lakuntzarra (Hostal Latorre Ederlan) 113.