Maila handiko pilotariak lau taldetan banatuta: Mitxoletak, Kukuprakak, Bitxiloreak eta Eguzki loreak. Talde bakoitzak botilero moduan bertsolari bat du eta atsedenaldietan bertso bidez emanen zaizkie aholkuak pilotariei. Euskal kulturaren oinarrietako bi, bertsolaritza eta pilota, elkarrekin. Ados Pilotaren Udaberri Torneoa da, eta maiatzaren 5ean, ostirala, 19:00etan, Altsasuko Alde Zaharreko festen baitan, txapelketari hasiera emanen dion jaialdia izanen da, Burunda frontoian. Sarrerak bost eurotan eros daitezke, egunean bertan, Burunda pilotalekuaren txarteldegian.
Txapelketaren jaialdi bakoitzean bi talde elkarren kontra ariko dira eta bi puntu jokoan daude: 4 t'erdiko partidu bat eta binakako beste partidu bat. Liga fasean sei jaialdietan lau taldeak elkarren kontra ariko dira eta puntu gehien dituzten bi taldeen artean finala jokatuko dute.
Lehenengoa Altsasun
Altsasuko jaialdiarekin hasieran emanen diote Udaberri Torneoari eta Eguzkiloreak eta Bitxiloreak taldeak ariko dira jokoan. Eguzkiloreak Zabala, R. de Larramendi eta Arrieta pilotariek osatzen dute eta Bitxiloreak taldean Etxebeste, Etxekolonea eta Ruiz de Infante pilotariak daude.
Txapelketak maiatzaren 14an jarraituko du Itziarren eta Kukuprakak eta Eguzkiloreak ariko dira. Ataunen, maiatzaren 19an, Mitxoletak eta Bitxiloreak ariko dira, eta maiatzaren 20an, Zubietan, Bitxiloreak eta Kukuprakak lehiatuko dira eta maiatzaren 26an Mitxoletak eta Eguzkiloreak taldeen arteko jaialdia izanen da. Finalaren aurretiko azken partida Zumaian izanen da, maiatzaren 27an, eta Kukuprakak eta Mitxoletak ariko dira. Final handia ekainaren 2an izanen da, 19:00etan, Beasainen.