2022/2023 ligako azken txanpan murgilduta daude CBASK-eko taldeak.
Bigarren Maila Interautonomikoan maiatzaren 13an eta 14an jokatuko den Lauko Finala prestatzen buru-belarri dago Narum CBASK taldea. Finalerdietan, talde altsasuarrak Logrobasket izango du aurkari.
Gizonezkoen Bigarren Maila Autonomikoan ligako 25. jardunaldia egon zen jokoan. CBASK Ifuelek aurretik jokatu zuen partida, apirilaren 23an, Cantolaguaren kontra, eta 65 eta 54 gailendu ziren altsasuarrak, partida ederrean. Sailkapenean Valle de Egües C da liderra (48 puntu), puntu bakarrera Navasaket SM´new taldea duela. CBASK-Ifuel bosgarren da (39 puntu). Egunotan 26. jardunaldia jokatuko da, ligako azkena. CBASK-Ifuelek sailkapenean hamahirugarren postuan azken aurrekoa den Gares izango du aurkari, maiatzaren 11n, 19:00etan Garesen jokatuko den partidan.
Emakumezkoen Lehen Senior Mailan 9. eta 12. postuak erabakitzeko azkeneko fasean murgildua dago CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldea, 9. eta 15. postuen sailkapen faseko azken jardunaldian Valle de Egüesi 64 eta 60 irabazi eta sailkapenean hirugarren sailkatu eta gero. 9. eta 12. postuak erabakitzeko azkeneko fasea Valle de Egüesek, Ega Perfil Oncinedak, CBASK Xabi Gorriz Tattoos eta Navasket SF`old taldeek jokatuko dute, hiru jardunalditan. Apirilaren 29an jokatutako lehen jardunaldian talde altsasuarrak 35 eta 60 galdu zuen Navasket SF´old taldearen kontra, Zelandin. Bi taldeek itzulerako partida maiatzaren 5ean, ostirala, 20:30ean jokatuko dute, Iruñeko Teresianas kiroldegian.