Txirrindularitza

Ekain Imaz, Lizarran garaile

Guaixe 2023ko mai. 4a, 12:10

Ekain Imaz, Lizarrako garaipena ospatzen. MARTIN EARLY

Quesos Albenizko txirrindulariak Lizarrako V. Si Hablaran Trofeoa irabazi zuen

Asteburuan kadeteek bi lasterketa izan zituzten. Apirilaren 29an, larunbata, V. Si Hablaran Trofeoa jokatu zen Lizarran, 55 kilometrokoa. Lasterketa mugituan, azkenean 20 txirrindulariz osatutako tropela iritsi zen batera helmugara, eta esprintean Ekain Imaz (Quesos Albeniz) gailendu zen (1:28:13). Luca Martinez (Sakana Group) bosgarren sailkatu zen, Ekaitz Perez (Quesos Albeniz)  hamabigarren eta Oihan Gorriti (Sakana Group) hamabosgarren, guztiak talde berean. Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Erik Laiglesia 27. sailkatu zen, Hegoi Garcia 44., Janitz Zufiaurre 45. eta Mikel Arrizabalaga 57.

Apirilaren 30ean, igandea, Zestoako IX. Gurutzeaga Saria jokatu zen (51 km). Ipar Maquina taldeko Joan Cardonak ezin hobe irakurri zuen proba, eta behar zenean eraso egin eta gero bakar-bakarrik iritsi zen helmugara (1:14:38). Bi segundora bost txirrindulariz osatutako taldea sartu zen. Ekaitz Perez (Quesos Albeniz) Top 10ean sailkatu zen, bederatzigarren sartu baitzen. Bezperan Lizarran gailendu zen Ekain Imaz (Quesos Albeniz)  hamaikagarren iritsi zen, eta Hegoi Garcia (Quesos Albeniz) 44.