Laugarren aparkalekua, bidean

Guaixe 2023ko mai. 8a, 09:01
Ikastetxearen eta errepidearen artean dagoen belardian eginen da aparkaleku berria.

Zelai kalearen iparraldean eraikiko da, Sakana Lanbide Heziketa institutuaren ondoan. 35 ibilgailurendako tokia izanen du. Eginda dagoenean, lau aparkaleku publikoetan aparkatzeko 173 plaza izanen dira. 

Ibilgailuak aparkatzeko espazio faltaz kexu dira Zelai eta Telleria aldapa kaleetako aldamenak eta Sakana Lanbide Heziketa institutua. Gaur egun ikastetxearen ondoan dauden plazak ez dira nahikoak. Haien eskaerari erantzunez, Altsasuko Udalak ikastetxearen iparraldean aparkaleku publikoa eginen du. Javier Ollo Martinez alkateak jakinarazi duenez, 1.016,44 metro karratuko partzela bat egokituko du udalak, eta 35 ibilgailuk aparkatzeko aukera emanen du. Ollok zehaztu duenez, “aparkalekuak asfaltozko zorua, euri ura jasotzeko sarea, lurreko eta zutikako seinaleztapena eta argiteria publikoa izanen ditu”. Hura egiteak udalari 83.156,98 euro eskatuko dizkio, diruzaintzaren gerakinetik aterako dena. 

Altsasuko Udalak egin zuen aurreneko aparkalekua Zelandi kalean dago, eskolaren eta osasun etxearen artean. Han 47 auto sartzen dira eta 2014tik erabilgarri dago. Bigarrena, berriz, San Juan eta Altzania kaleen artean dago. 2017an mustu zen, eta 25 plazako aparkalekua da. Hirugarrena, berriz, Zumalakarregi plazaren ondoko etxarte zabal batean egin zuen udalak. Erkuden eta Bakea kaleen artean dagoen 1.800 metro karratuko espazioan 66 ibilgailurendako plazak daude. 2020ko agorrilaren 12az geroztik dago erabilgarri.

Zolatze gehiago 
Zelai kaleko 94 eta 96 zenbakien artean dagoen kalexka zolatuko du udalak. Josefina Arregi klinikaren ondoan dauden pabiloietarako sarbidea eskatu du haren jabeak. Asfaltatze lanak egin aurretik baimenik ez zuen txabiske bat bota du udalak. Horretaz aparte, Altsasuko Udalak tokiz aldatu du Zelai kaleko argiteriaren aginte koadroa, aipatu kalexkatik Amonanespila kalera. 

Bestetik, Iruñea etorbideko 1. zenbakiaren pareko espaloian hainbat baldosa hautsita eta laso daude. Horrek handik ibiltzea zailtzen du, eta, horregatik, aldamenek hura konpontzeko eskaera ugari egin dituzte. Lan horiekin batera, Zumalakarregi plazako jolas parkearen ondoan dauden bi berdegune txikiak kenduko dira, haietan dagoen ureztatze sistema askotan hondatuta dagoelako. Zuhaitzak mantenduko dira, baina gainontzekoa baldosekin estaliko da. 

Aldi berean, oinezkoek kaleak gurutzatzeko erabiltzen diren hiru zebrabide goratu berriro margotuko dira: Sakana Lanbide Heziketa institutuaren parean dagoena, San Joan kalearen mendebaldean dagoena (ura ez pilatzeko neurriak ere hartuko ditu udalak) eta Zelandi eskola publikoaren parean dagoena. Horrekin batera, Altzania kalean, Erkuden kaleko bidegurutzetik gertu,  egun dagoen zebrabidea goratu eginen du udalak. Izan ere, mugikortasun murritza duen aldamen batek gaztigatu du, gaur egun espaloia beheratua dagoela zebrabidera jotzeko, baina maila jaitsiera horrek berak gurpildun aulkian espaloian ibiltzea zailtzen du. 

Azkenik, Zelandi eskola publikoak eskatuta, Zelai txiki kaletik pasatzen diren ibilgailuen abiadura moteltzeko konkor bat edo "mando-bizkar" erako abiadura murriztaile bat jarriko du udalak. Lan horiek guztiek 84.018,46 euroko aurrekontua dute eta diruzaintzaren gerakinarekin ordainduko ditu udalak.