Sunsundeguik Volvoren goi mailako autobusak eginen ditu

Guaixe 2023ko mai. 8a, 10:14

Nafarroako Gobernuko, Volvoko eta Sunsundeguiko ordezkariak joan zen astean elkartu ziren. UTZITAKOA

Aurreikuspenen arabera, 2024aren hasieran hasiko dira ekoizten; lehen eredua 2025ean jarriko da merkatuan. Ekoizpena bikoiztuko da eta horretarako 400 bat langile gehiago beharko dira.

Udaberri hasieran Volvo enpresak jakinarazi zuen bere karrozatzeko lantegia itxi eta Europan autobusak osorik ekoizteari utziko ziola. Suediako enpresaren Europako negozio eredu berria honakoa: Volvok autobusen bastidoreak edo txasisak ekoiztuko ditu eta karrozatzen duten kanpo enpresa batzuk bukatuko dituzte autobusak. Eredu berri horrekin Volvok bere bezeroei autobus eta goi mailako autobusen aukera zabala eskaini nahi die. 

Norabide horretan suediarrek itxi duten bigarren hitzarmena da Sunsundegirena. Bi enpresek Asmo Gutuna sinatu dute Sunsundegui karrozeria duten autobusak ekoizteko Volvo 9700 eta 9900 txasisetan. Dan Petterssonek, Volvo Buseseko presidenteorde seniorrak esan duenez, "Sunsundegui kolaboratzaile baliotsua da eta, gure esperientziagatik, oso profesionala. Gaitasun bikainak dituen konpainia da, esaterako Europako merkatu askoren behar eta eskaeretara egokitzea. Haien karrozeriak asko estimatzen dituzte gure bezeroek. Elkarrekin, ziur gaude goi mailako autobus sorta bat garatuko dugula, industrian liderra izango dena".

Jose Ignacio Murillok, Sunsundeguiko zuzendari exekutiboak gaineratu duenez, "Volvo Busesekin lankidetza hau hasteko desiratzen gaude. Ibilbide luzeko autobus iraunkorrak, seguruak eta eraginkorrak ekoizteko konpromisoa partekatzeak oinarri sendoa sortzen du akordio honetarako".

Epeak 
Akordioaren arabera, Altsasuko lantegian Volvoren 9700 eta 9900 txasiak karrozatuko dira, goi mailako autobusak sortzeko. Bi txasis ereduak Volvok joan den urtean aurkeztu zituen eta markaren diesel bertsio berriena dira. Bi aldeek adostutakoaren arabera, teknologia transferentziarako akordioa aurtengo bigarren hiruhilekoan sinatuko dute. Ondoren, Sunsundeguik demo-ibilgailu bat eraikiko luke 2023ko hirugarren hiruhilekoan, eta hiru prototipo 2024ko lehen hiruhilekoan. Serieko ekoizpenari 2024ko maiatzean ekitea aurreikusten da. Volvoren azken belaunaldiko autobusak 2025ean iritsiko dira merkatura eta errepideetara. 

Volvorekin lortutako akordioari esker, Sunsundeguik bere egungo ekoizpen-ahalmena bikoiztu ahal izango du. Karrozatze fabrikak egunean bi autobus jarriko ditu 2025eko lehen hiruhilekoan, hau da, urtean 460 auto gehiago. Ondorioz, Volvoren eta beste bezero batzuen artean, Sunsundeguik 800 auto izango lituzke urtean. Enpresak 16 milioi euroko inbertsioa egin beharko luke. 

Langileak 
Horri guztiari aurre egiteko langile gehiago beharko dira, 400 bat. Urte akaberarako 281 langile izatea aurreikusi dute, 2027rako 700etik gora eta 2028an 737ra iritsiko litzateke. Bestetik, Sunsundeguiko zuzendaritzak akordio bat lortu beharko du plantillarekin. Mahai gainean jarriko duen puntuetako bat da urteko lanegunen kopurua 219 izatea, hau da, gaur egun urtero lan egiten dena baino zazpi egun gehiago. Horretaz aparte, enpresa altsasuarrak ogitartekoaren denbora langilearen kontura izatea nahi luke. Horrela, benetako lanaldia egunean 7,75 ordukoa izango litzateke. Era berean, "langileen berregituraketa" landuko litzateke, neurrigabeko absentismo kasuak ezabatzeko; une honetan, % 7ko tasa dago zuzeneko eskulanaren artean. Helburua %10ean uztea da.