Altsasuko Euskal Herria Bilduren alkategai Ainize Ibargutxi Iparragirre Altsasuko lau alkate ohiekin bildu zen atzo. EH Bilduren alkategaiarekin hizketatu ziren Gerardo del Olmo (1979-1983, Altsasuko Herria; Frankismoaren ondoren Altsasuko lehen alkate demokratikoa), Camino Mendiluze (1999-2003, Euskal Herritarrok; Altsasuko lehen emakume alkatea). Asun Fernandez de Garaialde y Lazkano (2003-2007, Aralar) eta Garazi Urrestarazu Zubizarreta (2011-2015, Bildu).
Ibargutxi alkate ohiekin bilera egin zuen “herriak azken hamarkadetan izan duen bilakaera aztertzeko. Eta, gainera, alkate izandakoek metatu duten jakituria eta esperientzia Altsasuko EH Bilduren programa elikatzeko baliagarria da”. Bestetik, alkate izandako laurek atxikimendua adierazi diote Ainizeri, eta prestutasuna erakutsi dute beraien esperientziatik proiektu “berritzaile eta pozgarri” horri ekarpenak egiteko.
Koalizioaren alkategaiak adierazi du “plazer handia” dela lau alkate ohien babesa izatea, “kontuan izanda beren ezagutza eta Altsasurekiko izan duten maitasuna”. Ibargutxik gaineratu duenez, “Altsasuko udal hauteskundeetara aurkeztutako zerrenda talde itzela da”. EH Bilduren zerrenda “konpromisoaren hautagaitza” gisa definitu du. “Ziur nago, gainera, Gerardo, Camino, Asun eta Garaziren ekarpenek ere asko hornituko dute talde hori, eta hortaz, Altsasu esku honetan egonen da”, azaldu du Ibargutxik.
Azkenik, Altsasuko EH Bildutik azpimarratu dute bilkuran egon ziren hiru emakumeak, orain arte, Altsasuk izan dituen emakume alkate bakarrak direla.