Astekaria

"Profesionaletara igotzea da asmoa, baina horrek ez nau urduri jartzen"

Maider Betelu Ganboa 2023ko mai. 9a, 14:00

Iker Mintegi Lazkaoko Proban, maldan gora. LABORAL KUTXA

Laboral Kutxako Iker Mintegi txirrindulari altsasuarrak denboraldiko lehen garaipena lortu du eta Euskaldun Txapelketa irabaztea da bere helburua.

2023ko afizionatuen txirrindularitza denboraldia hasi zenetik, lehendabiziko postuetan ikusi dugu Laboral Kutxako Iker Mintegi txirrindulari altsasuarra. Ereñon hirugarren, Berriatuan bigarren, Unai Zubeldia taldekidearekin batera helmugara eskutik helduta sartuta, Markinan hirugarren, Gorlan bosgarren, Balenciaga Memorialean bigarren, Duranan laugarren... apirilaren 29an Lazkaoko Proban garaipena lortu arte.

Denboraldiko lehen garaipena lortzearen presio edo arantza hori kendu al duzu Lazkaoko Proba irabazita?
Azkenean kontua hor aurrean egotea da. Garaipena lortu nahi nuen, argi eta garbi, baina ez nuen garaipena lortzearen presio hori sentitzen. Hor aurrean egotean, azkenean iritsiko zen. Irabaztea beti da polita, baina garrantzitsuagoa da beti hor egotea, ez egun batean irabaztea eta gero desagertzea.

Garaipen polita izan zen Lazkaokoa. Lazkaomendin jo zenuen erasoa, helmugara bakarrik helduz.
Hasieran ihesaldi txiki bat sortu zen eta taldekide bat sartu genuen bertan. Diego Uriartek (Finisher) erasoa jo eta 2 minutuko aldea atera zuen. Gure taldeak sekulako lana egin zuen bera harrapatzeko, eta Gaintzako gainean nire momentua iritsi zen. Hasieran hiru txirrindularik egin genuen aurre, jaitsieran taldetxo bat elkartu ginen eta Lazkaomendin erasoa jo nuen. Zorionez, helmugara bakarrik sartu eta garaipena iritsi zen.

Zer sentitzen da?
Poza, lana ongi egin izanaren emaitza edo sentsazioa. Taldeak lan bikaina egin zuen, eta lan horri bukaera eman ahal izatea polita izan zen.

Laboral Kutxan bikain zabiltzate. Garaipen ederrak lortu dituzue eta zu Euskaldun Txapelketako liderra zara. Gorenean zaudete.
Bai. Nire ustez oso talde indartsua dugu, bereziki txirrindulari asko gaudelako garaipena lortzeko lehia horretan. Horrek asko laguntzen du. Esaterako, Santikutzen hamabosteko talde batean gu bost ginen, eta gure aukera jokatu ahal izan genuen talde gisa. Gutako batek jo zuen erasoa, gero besteak, gero besteak... azkenean beste batek aurrera egin arte. Oso momentu onean gaude, aprobetxatu beharrekoa.

"Iturmendiko lasterketa berezia izango da, etxekoa delako eta iaz irabazi nuelako"

Euskaldun Txapelketa irabaztea da zure helburua. Sei lasterketa gelditzen dira, tartean maiatzaren 14an Iturmendin jokatuko dena.
Euskaldun Txapelketa irabaztea da orain nire erronka. Txapelketa ongi bideratua dago –Mintegik 95 puntu ditu eta Rural Kutxa-Aleako Julen Arriola bigarrenak 84 puntu–, eta horretan gaude. Gelditzen diren probatan puntuak lortzen baditut lortuko nuke. Bestelako probak ahaztu gabe.

Fisikoki nola sentitzen zara?
Oso ongi, sasoi betean, baina ikusiko dugu, errepidean edozer gerta daitekeelako.

Beste erronka berezirik al duzu?
Lasterketa guztiak dira garrantzitsuak, guztiak dira irabazteko edo lehian egoteko aukerak. Agian maiatzaren 14ko Iturmendikoa berezia da, etxekoa delako eta joan zen urtean irabazi nuelako.

Joan zen urtean Euskaltel Euskadi talde profesionalarekin aritu zinen stagiaire edo laguntzaile, Italian. Aurten ere aukera izango al duzu?
Ez dut ideiarik. Unean unekoan nago zentratuta, eta etortzen bada, etorriko da.

Afizionatuetan zure hirugarren denboraldia da. Profesionaletara saltoa ematea gertu ikusten duzu egiten ari zaren lan bikainari esker?
Garbi dago asmoa hori dela, baina horrek ez nau urduri jartzen. Nire ustez, urte erregular bat izatearen emaitza izan beharko litzateke profesionaletara igotzea, eta uste dut horrela jarraituz gero, aukera iritsi daitekeela. Baina ez nago urduri. Orain arte bezala jarraituko dut.

Erlazionatuak

"Euskaldun Txapelketa irabaztea da asmoa"

Maider Betelu Ganboa 2023 mai 05 Altsasu