Apirilaren 23an Liburuaren Nazioarteko Eguna izan zen, eta Altsasuko Liburutegian aste osoko egitaraua prestatu zuten. Tartean Izaskun Etxeberria Zufiaurre idazle altsasuarraren Esaten ez den guztia liburuaren inguruko solasaldia, LiteARTE jaialdia eta haurrendako tailerrak izan ziren; papera birziklatzeko lehena eta ipuin interaktibo bat sortzeko bigarrena. Altsasuko Liburuaren Astearen barruan ere Saharako liburutegiei garrantzia eman zieten eta maiatzaren 15era arte liburutegiko leihoetan Saharako kanpamentuetako liburutegiei buruzko erakusketa ikus daiteke. Kabiak elkartearen kamishibai ipuin kontaketa eta Saharan egindako lanaren inguruko hitzaldiak ere izan ziren.
Kabia elkarte nafarra 2017an sortu zen Bubisher elkarterako egindako lan boluntario bat egin ondoren. "Zertan zetzan lan hori? Saharako kanpamentuetan dauden liburutegietako liburuzainei kamishibairi buruzko formakuntza eman genien", azaldu dute Kabiak elkartetik. Nafarroara itzultzean erabaki zuten Bubisher proiektuari laguntzeko elkarte bat sortzea eta "batekin eta beste batekin hitz egin ondoren", Kabiak elkartea sortu zuten. "Bubisher basamortuan euria egin ondoren ikus daitekeen txori txiki bat da, eta, jakina, txoriek kabiak behar dituzte". Kanpamentuetan liburutegiei kabiak deitzen dietela azaldu dute.
Bubisher elkartea 2008an sortu zuten gaztelaniazko irakaskuntza, irakurzaletasuna eta kulturartekotasuna bultzatzeko asmoz. Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren bigarren hizkuntza ofiziala da gaztelania. "Ideia Pontevedrako eskola batean jaio zen. Saharan bizi duten egoera ezagutu ondoren eskola hartako ikasleek liburuak eta bibliobus bat lortzeko kanpaina abian jarri zuten, baita lortu ere. Idazle batzuek ere laguntza handia eman zuten kanp
"Gaur egun, Saharan bost bibliobus daude eta bost liburutegi". Bibliobusak ikastetxeetatik mugitzen dira, liburuak maileguan ematen dituzte eta irakurketa sustatzeko jarduerak egiten dituzte, baita animazio saioak ere.. "Horiek dira liburuzainek egiten dituztenak". Haurrendako zerbitzua gaztelaniaz eta arabiarrez da, eta helduendako arabieraz, batez ere.
Sahara
Saharako errefuxiatuen kanpalekua Tinduf izeneko hiri argeliarraren ondoan dago, basamortu latz batean, hammadan, azaldu dute Kabiak elkartetik. "Kanpamentu handia da eta bost wilayetan edo probintziatan banatuta dago: Aaiun, Smara, Aurserd, Djala eta Bujador". Wilaya horiek dairetan edo udaletan banatzen dira eta daira horiek auzotan. Liburutegiak bost wilayatan kokatuta daude: Smara, Aursed, Bojador, Djala eta Aaiun".
Bubisher proiektua "guztiz sahararra da" eta bertako langile guztiak sahararrak dira: liburuzainak, zaintzaileak, txoferrak, mantenimendu langileak eta boluntarioak. Elkarteko presidentea ere sahararra dela esan dute elkartetik. "Espainiako estatutik laguntza jasotzen dute: materiala, soldatak, formakuntza, boluntariotza, dirua liburutegiak eraikitzeko, bibliobusak eta haien konpontze lanak...". Kabiak elkarteak Nafarroan Bubisher proiektua ezagutaraztea eta proiektua laguntzea du helburu.
"Nafarroako kultura eta Saharako kulturaren arteko zubiak eraikitzea, betiere elkartasuna berdinen artekoa izanda eta karitatetik urrun. Hori lortzeko kultura tresna hoberena dela aintzat hartzen dugu". Bestetik, elkartearen beste xede bat herrialdean Saharako kultura ezagutaraztea da, haien ipuinak eta elezaharrak kamishibai bihurtzen, "Iturramako institutuko eta Arte eskolako ikasleek lan horretan asko lagundu dute".
Literatura
"Liburutegi hauek lan handia egiten dute; bertako kultur guneak dira"
"Liburutegi hauek lan handia egiten dute, ez bakarrik irakurzaletasuna lantzen eta bultzatzen, baita kultura sustatzen ere". Liburutegiak wilaya bakoitzaren kultur guneak bihurtu dira: zinea, osasun eta zientzia tailerrak, irakurle klubak, emakumearen eguna, poesia... "Liburutegietan lorategiak landatu dituzte eta lehen metaforikoki esaten genuena egia bihurtu da: liburutegiak kanpamentuko oasiak dira". Pandemia eta gerra garaian "heziketa emozionala" lantzeko tresna bihurtu dira liburutegiak ere, "babesleku izan dira eta izaten dira", azaldu dute Kabiak elkartetik.