Astekaria

"Lana egiten zaudenean horretara zaude"

Erkuden Ruiz Barroso 2023ko mai. 10a, 13:27

Maribel Mazkiaran, ezkerretik bigarrena, 2022ko artisau azokan. JOAN KEPA EVERTS

Maribel Mazkiaran Altsasuko lentzeria ikastaroko irakaslea da eta Maribel Pérez de Eulate ehoziri ikastarokoa.

Bi ikastaroetan sortutako lanekin erakusketa egin zuten Alde Zaharreko festetan, Gure Etxean.


Maribel Pérez de Eulate, lehen planoan, ehoziri ikastaroan. UTZITAKOA

1. Zer egiten duzue lentzerian?
M. Mazkiaran: Lentzeria egiten dugu, eta joste lanak ere egiten ditugu. Baserritar jantziren bat egin izan ohi dugu: mantalak, zapiak... Ez dakit zergatik deitzen den lentzeria, barruko arropen konnotazio hori baitu. Baina beti deitu izan zaio josketa, lentzeria eta ehoziria.

2. Eta zer da ehoziria?
M. Pérez de Eulate: Teknika oso zaharra da, eta galtzen ari da. Puntillak egiten dira, baina askoz gauza gehiago egin daitezke. Erakusketan hori erakutsi nahi izan dugu: loreak, bitxiak, mantaletako apaingarriak....

3. Nolakoak dira klaseak?
M. M.: Ikasleen nahietara egokitzen naiz. Denboraldika izan ohi da: batzuetan bainikak egin nahi dituzte, beste batzuetan kaikuak... Gehienetan, mantalak eta zapiak egiten dituzte, Santa Ageda edo Eguberrietara begira.

4. Eta taldeak?
M. M.: Hogei bat pertsona gaude eta esango nuke ni zaharrenetarikoa naizela. 50 eta 60 urte inguruko emakumeak datoz. 80 eta 90 urterekin ere etortzen ziren. Olaztiko eta Ziordiko taldeetan jende gazteagoa dago.
M. P. de Eulate: Ikasturte arraroa izan da, beste urte batzuetan beranduago hasi ginen... Hamar bat pertsona gaude. 50 urtetik gorakoak dira. Duela 30 urte hasi nintzenean lagunek esan zidaten zaharrentzat zela.

5. Nola lantzen dira?
M. P. de Eulate: Kuxin bat dago eta bertatik ehoziri deitutako makil batzuk daude; behean marrazkia markatuta dago eta ehoziriak mugituz hariak elkartzen dituzu forma sortuz. Agian, ikusten duzunean zaila ematen du, baina egiten duzunean ez. Behin martxa hartuta ezin duzu utzi, behin hasten zarenean harrapatzen zaitu.
M. M.: Lentzeria da hari bat izkin batetik atera eta lantzen joatea.


Ehoziri lan bat. UTZITAKOA

6. Zenbat denbora behar da?
M. M: Astean bi ordu egiten genituen eta orain ordu eta erdi. Gutxi iruditzen zait; etxera lan asko eramaten dut.
M. P. de Eulate: Lanaren araberakoa da, baina ordubetez horretara jartzen bazara, asko egin daiteke.

7. Zer onura ditu?
M.M: Batzuetan esaten diet ez dakidala zertarako etortzen diren klaseetara egiten badakitelako, baina esaten didate unetxo hori hor egoteko dela. Helburu horrekin sortu ziren ikastaro hauek nik uste. Ez dituzu lagunak egiten, baina adiskidetasunak sortzen dira.
M. P. de Eulate: Lasaitu egiten zaitu. Egiten jartzen zarenean burua horretara dago, eta ez dizkiozu beste gauza batzuei bueltak ematen. Horretara zaude.

8. Zer behar da lentzeria edo ehoziria egiteko?
M. M.: Lehenengo gauza ikasteko gogoa izatea da. Nik ez dut inon ikasi, egiten eta desegiten ikasi dut. Perfekzionista naizela esaten didate, baina nik uste honetarako izan behar zarela. Ikasteko interesa izatea eta lana desegiteko ahalmena izatea.
M. P. de Eulate: Pazientzia. Edozein lanetan bezala lehenengoan ez zaizu ongi aterako, baina ez duzu amore eman behar. Konstantea izan behar zara.

9. Eta eskuetan abilidadea...
M. M.: Esperientziarekin lortzen da.

10. Nolakoa izan zen erakusketa?
M. M.: Ikasturtean zehar egindako guztia erakusten dugu. Batzuetan pieza txikiak daude eta beste batzuetan oso handiak, mahai zapiak, esaterako. Mahai oihalak, gortinak, mantalak, zapiak...
M. P. de Eulate: Ikasturtean zehar egindako gauzak. Artista hutsak dira.

11 Azokan zuzenean egon zineten ere, ezta?
M. P. de Eulate: Bai, azokara lanera ateratzen gara, jendeak zuzenean nola lan egiten dugun ikus dezan.